Koronabirusa

«Oso erreta» daudela salatu dute Txagorritxu eta Gurutzetako langileek

Otsailaren amaierarako osasun arloan sindikatuek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute ospitaleetako langileek

Atzo Gurutzetako ospitalean egin zuten elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Kontzentrazioak egin zituzten atzo Gurutzetako eta Gasteizko Txagorritxu ospitaleko langileek, «oso erreta» daudela salatzeko. Gurutzetan, langileen batzarrak deitu zuen elkarretaratzera, eta sindikatuek hurrengo asteetarako antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten langileek.

Izan ere, aste honetan bertan iragarri dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bi greba egun egingo dituztela: hilaren 25ean lehen arretan izango da lanuztea, eta 28an, berriz, Osakidetza osoan. Otsailaren 26an, berriz, herritarrengana zabalduko dute protesta, eta manifestazioak antolatuko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Horrez gain, Osakidetzako zuzendaritzak eta sindikatuek parte hartu ohi duten mahai sektorialari planto egitea erabaki dute langile batzordeek. Izan ere, salatu dute Osasun Sailak «edukiz hustu» duela espazio hori: «Aspalditik, informazioa emateko esparrua baino ez da. Bertan ez da ezer negoziatzen, Osakidetzak inposatu egiten ditu landu beharreko gaiak».

Osakidetzak sindikatuek salatutakoari aurka egin zion, atzo kaleratu zuen komunikatu baten bidez. «Ez da egia Zuzendaritza eta sindikatuak batzen dituen mahai sektorialak edukirik ez duenik edo bertan negoziatzen edo adosten ez denik», zioen oharrak. Sindikatuei «hausnartzeko» eta «hurrengo mahai sektorialera» bertaratzeko gonbita egiten zion Osakidetzako zuzendaritzak ohar horretan: «Aukera dute bertan gai zerrendako puntuak aurkezteko, EAEko Osasun Zerbitzuko langileen mesederako».

Murrizketak zerbitzuetan

Osasun arretan izan diren «murrizketak» ere salatuko dituzte mobilizazioetan. Izan ere, 2023rako galdegin dute Europako Batasuneko bate bestekora iristea, osasun arloko aurrekontuei dagokienez; hau da, BPGaren %7ra. Horrez gain, azaldu zutenez, lan zama «arrazionalizatzeko» eta kalitatezko arreta emateko, 5.000 lanpostu berri sortu behar lirateke, sindikatuen kalkuluen arabera; 1.000, lehen arretan.

Osakidetzak, ordea, adierazi du iragarritako mobilizazio eta lanuzteetarako ez duela «oinarririk» argudio gisa «osasun arretaren zerbitzuan murrizketak daudela» baliatzea.

Azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleko 1.984 euro bideratzen ditu osasun arloko gastura: «Osakidetzak sekula izan duen kopururik handiena». Gaineratu du azken bi urteotan, batez beste, pandemiaren aurretik baino «3.000-4.000 pertsona gehiago» egon direla Osakidetzan lanean.

Osakidetzaren arazo orokorrez gain, lan gatazka txiki asko daude zabalik: Urdulizko ospitalekoa (Bizkaia), Santiago ospitaleko larrialdietakoa eta Txagorritxuko larrialdi pediatrikoetakoa (Gasteiz), Donostiako eta Gurutzetako ospitaleen mantentzea... Horiek konpontzeko ere eskatu dute sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.