martxelo otamendi
Presidentetzarako bozak Kolonbian. ANALISIA

Vallenatozalea, lurrikararen zain

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Brando Mugica gaztea vallenato kantaria da, nahiz hasieran Alex Ubago eta La Oreja de Van Gogh donostiarren bertsioak egiten saiatu zen leku bat topatzen kantari on adina klimatologia desberdin dauzkan Kolonbian. Etorkizun hobea ikusi zuen Kolonbiako adierazle musikaletako batean, vallenatoan. Badaki aitona Euskal Herrikoa zeukala, baina ez zuen ezagutu, Hego Amerikako herrialde batzuetako ohitura txarra betez, aitonak utzi egin zuelako familia amonak umea eduki eta gutxira. Hala ere, harro adierazten du bere deituraren jatorria. Futbolzalea izanik, ezagutzen ditu Espainiako gizonezkoen futbol ligan jokatzen duten euskal taldeak, baina Real Madrilen aurka jokatzen dutelako, talde hori baitarama bihotzean.

Iazko kale protestetan parte hartutakoa da Mugica, bere adineko gazte askorekin batera. Hankaz gora jarri zituzten gazteek, ezkertiarrek eta sekula politikan interesa erakutsi gabekoek Kolonbiako hiri nagusietako kaleak protesta haiekin. Hasieran, Ivan Duqueren gobernuak zerga batzuk igotzeko adierazitako proposamenak kaleratu zituen gazteak. Gero, gazteen aurkako errepresioa gero eta handiagoa zela ikusita, 60 manifestari baino gehiago hil zituzten poliziak eta armadak, adin guztietako herritarrak batu zitzaizkien manifestariei. Herrialdea denbora luzez, eduki zuten ia geldirik protestek, iazko apiriletik aurtengo urtarrilera arte.

Mugica vallenato kantariaren itxaropena da mobilizazio haiek ondorioak edukitzea igandeko presidentetzarako hauteskundeetan. Mugicaren eta milioika herritarrena. Etsipenak hartuko luke ezkerra, beste behin, Kolonbian errotikako aldaketa egiteko aukera galduz gero. Gustavo Petro hautagai ezkertiarrak irabaztea ezinbestekoa ikusten du ezinbestez luze joko duten aldaketak egiten hasteko. Beste hautagaia, Rodolfo Hernandez enpresaria, urruti nahi du Mugicak.

Maiz esaten da aireportu bat dela herrialde batek kanpotarrei eskaintzen dien lehen erakusleihoa. Kolonbiako kasuan, dezente hobea da Bogotako aireportuak ematen duen irudia hirigunera daraman errepidearen bi alboetara erakusten den errealitatea baino. «Badauka nahiko lan presidente berriak hau dena ondo jartzen», pentsamendua datorkio hauteskundeak ikustera etorri den kazetariari. Oso oinarrizko bizileku txiroak, espaloi txikituak, asfaltatu gabeko kale estu eta lokaztuak, asteetan jaso ez delako pilatuta dagoen zaborra... Pertsona bat jaio den tokiko posta kodeak etorkizuna markatzen diola dioen tesiaren argazkia da auzo horrek erakusten duena. Lehen estratua, kolonbiarren terminologian.

AEBetan ohikoa izan zen lehen topaketan zenbat diru irabazten duen galdetzea aurrean zegoenari; Kolonbian, berriz, zein estratutan bizi zaren galdetzen dute aurkeztu eta berehala. Estratuak bizi zaren auzoko maila adierazten du, batetik seirako eskalan: egoera ekonomikoa, segurtasuna, zerbitzuak, bizi kalitatea... kontzeptuen balorazioak erabakitzen du estratuaren zenbakia. Txiroenak bizi diren tokiari lehen estratua esaten diote; estratu horretan, arestian aipatutako auzoa,estatua ia desagertuta dago.Beste muturrean, seigarren estratua, aberatsen auzoak, dena da distira eta lasaitasuna. Tartean, Richter eskalan bezala, estratu mailak.

Lurrikaren herrialdea den Kolonbian, Richter eskalaren 12 gradu gorena gaindituko duen lurrikara politikoa desio du Mugica vallenatozaleak igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.