Beste gehiengo baten bila Nafarroan

CCOOk eta UGTk nabarmen egin dute behera Nafarroan: %52,33ko ordezkaritzatik %49,33ra jaitsi dira. Sindikatu abertzaleek hein berean egin dute gora, eta tartea txikituz joatea izango da helburua.

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Apurka bada ere, gehiengoak apurtzen ari dira Nafarroan. Hori agerian geratzen da azken lau urteetako bilakaerari begiratuz gero: CCOOk eta UGTk 163 ordezkari galdu dituzte, eta ELAk eta LABek 229 irabazi. Horrek eragina izan du ehunekoetan, eta apurtu egin da CCOOk eta UGTk 2014an zuten %52,33ko gehiengoa; ordezkarien %49,33 dira orain. Hiru puntuko galera, beraz. Oraindik gehiengoa daukate, «baina joko arauek zerbaitetarako balio badute, hori berme bat da langileentzat», azaldu du Joseba Villarreal ELAko ekintza sindikaleko kideak.

Azken urteetan, gainera, LAB igo da nabarmenen lurralde horretan, %13,72ko ordezkaritza izatetik %15,96koa izatera igaro baitzen, ekaineko datuen arabera. 2,25 puntuko aldea. Sindikatuko ordezkariak %16ko langa gainditzeko asmoarekin zihoazen hauteskunde epe trinkora, baina joan den astean ordezkaritza maila horretara iritsi zirela azaldu zuen sindikatuak ohar baten bidez. «Langa hori gaindituta, 1.000 ordezkari izatera iritsi nahi dugu», Izaskun Garcia antolaketa idazkariak dioenaren arabera.

Gobernura iritsitako aldaketak lantegietan eragina izan ote duen galdetuta, Garciak zalantza egin du, «oraindik nagusitasuna dutelako». Hala ere bilakaerarekin itxaropentsu dago, eta azaldu du «CCOOk eta UGTk zituzten pribilegio batzuk edo erregimenarekin zituzten akordio batzuk» indarrik gabe geratu direla. «Indargune izateko aukera galtzen ari dira, eta beste sindikatuak egoki kokatzen ari gara egoera berri horretan».

Etorkizunera begira, gehiengo horri tartea jan eta sindikatu abertzalea gehiengo izatea izango litzateke helburua, baina Garciak onartu du oraindik denbora asko beharko dela hori ikusteko. Hala ere, uste du garrantzitsua dela «bertako langileen arazoei bertako sindikatu batek erantzutea», eta luzera begira aukera eta tartea eskainiko diela zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.