EUROAK BIDERKATZEKO SUKARRA

Munduko Futbol Txapelketa amu gisa erabilita, orain arte apustu etxeetara hurbiltzen ez diren herritarrak erakarri nahi dituzte Hego Euskal Herrian sektorean aritzen diren hiru enpresak. Internet da negozioa zabaltzeko hurrengo jokaldia, eta Kirolbet-en bidez egingo du Teleapostuak enpresak.

Teleapostuak Bilbon duen apustu etxea; bertan, hainbat kiroletako lehiaketatan apustuak egiteko aukera dago. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sei urte egingo dituzte aurki apustu etxeek Hego Euskal Herriko kaleetan. Ia-ia krisiarekin batera iritsi ziren, eta egoera zail horretan, hiri eta herrietako paisaiaren parte bilakatzea lortu dute. Herritar askorentzat artean arrotzak izanagatik, erabiltzaile sare bat egitea lortu dute. Horren erakusle da sektoreko bi enpresa nagusiek 33 milioitik gorako apustu jokaldi tramitatu zituztela iaz. Hamaika herritar bakoitzeko.

Kopuru hori igotzea da apustu etxeen asmoa, eta euskal herritarren jokorako zaletasunari erantzuteko eta sos batzuk irabaztekobeste bide bat aurkitu dute azken egunotan: Munduko Futbol Txapelketa.

Sektorean bi euskal enpresa ari dira lanean: EKASA Euskal Kirol Apustuak, Reta markarekin; eta Teleapustuak, Kiroljokoa markarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Apuestas de Navarra izenarekin Nafarroan. Sektoreko hirugarrenaktorea Garaipen-Victoria Apustuak da, Codere espainiarra eta William Hill ingelesa akziodun dituela.

Futbolak ematen dituen irabaziei helduta, sektoreko enpresek hainbat publizitate kanpaina abiatu dituzte apustuzaleak erakartzeko. Teleapustuak taldeak www.ordukakozaletua.com webgunea sortu du, esaterako. «Munduko Futbol Txapelketan selekzio propiorik ez dugunez, erabiltzaileak ordukako zale bilakatzera animatzen ditugu», azaldu du Unai Artetxek, marketin arduradunak. Apustu etxeek une bakoitzean zein selekziok jokatzen duten arabera baten edo bestearen alde egiteko deia egiten diete bezeroei. «Oso ondo funtzionatzen ari da, kontzeptua jendearen gustukoa izan da eta mugimendua ekarri du», dio Artetxek. EKASAn ere apustuek gora egin dutela sumatu dute. «Duela lau urteko txapelketarekin gorakada izan zen, eta aurten joera bera sumatzen ari da», aipatu du Eneritz Alonsok, marketin arduradunak.

Nahiz eta Internetek apustu etxeen negozioei aukera berriak zabaldu dizkien, erabiltzaileek nahiago dute lokaletara jotzea. «Gaur egun, apustu gehiago egiten dira lokaletan. Orain dela bost urte jarri ziren martxan eta jendeak hobeto ezagutzen ditu; hala ere, munduko txapelketarekin ikusi dugu asko animatzen ari direla apustuak Internet bidez egitera», azaldu du Artetxek. Diru asko irabazi nahi duenak ez dezala Brasilen alde dirurik jarri, hark ordaintzen baitu gutxien: 3,9 euro jarritako euro bakoitzeko.

Bi apustuzale mota daude

Apustu etxeetara joaten diren bezeroek helburu ezberdinak dituzte. Artetxeren arabera, bi erabiltzaile mota daude. Alde batetik, erabiltzaile soziala dago, 18 urtetik 35 urtera bitartekoa eta hamarretik bederatzitan, gizonezkoa. Batez ere apustu txikiak egiten ditu. «Erabiltzaile mota hori apustuak egiteko garaian emozioaren bila dabil; hau da, neurketa batean, apustu egitean, partida hori beste modu batean bizi nahi du».

Beste alde batetik, jokalaria dago. Bezero horiek helduagoak izaten dira, 25 eta 50 urte artekoak eta gizonak ia guztiak. Kasu honetan, «haien erronka nagusia dirua irabaztea izaten da».

Artetxek dioen moduan, egunotan jokatzen ari den futbol lehiaketa garrantzitsua da apustuzale askorentzat, eta, batez ere,erabiltzaile sozialak joaten dira lokaleetara apustuak egitera. «Selekzio baten alde apustua egin eta Munduko Futbol Txapelketa beste zirrara batez gozatu nahi dute pertsona horiek».

Javier Acosta Santurtziko apustu etxeetan ibiltzen da, eta, batez ere, futbola eta txirrindularitzako apustuak egiten ditu. «Kirol horien zalea naiz, eta horrexegatik egiten ditut apustuak. Munduko Futbol Txapelketarekin bat edo beste egin dut, baina, langabezian nagoenez, kopuru txikienak arriskatzen ditut».

Oso ohikoa da atzerritarrak ikustea lokal gehienetan. Artetxek bi arrazoi azpimarratu ditu atzerritarrek jokorako duten zaletasuna azaltzeko. «Sariak interes handia dauka: euro bakar batekin asko irabaz ditzakezu. Bestalde, apustu etxeen negozioa aspaldikoa da atzerrian; beraz, horrek ere lokaleetara erakar ditzakeela pentsatzen dut».

Baina, futbolaz gaindi, hainbat motatako kirolak eta lehiak daude bai apustu etxeetan eta bai Interneteko apusturako webguneetan. Txakur lasterketetan, auto lehiaketetan, errugbian edo surfean ere jokatzen du jendeak dirua, baina saskibaloia, tenisa eta pilota dira Euskal Herriko apustu etxeen beste ogia. Tenis partida bat eman bitartean, zuzeneko apustu asko egiten dira.

Apustua: 100 euro gehienez

Kirol apustuetan aritzeko, zenbait betekizun daude. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren araudiak zenbait baldintza ezarri dizkie apustu etxeei. Gehienez, 100 euroko apustu bat egin daiteke, eta, gutxienez, euro batekoa. Hala ere, eskaera oso handia denez, sektoreak hirurentzako tokia dauka. «Nahiz eta oraindik ibilbide laburra dugun, sektoreak hiru enpresentzako lekua baduela pentsatzen dugu», dio Alonsok. Beste taldeetatik bereizteko, bezeroari kalitatezko zerbitzua ematen saiatzen dira eta formakuntza ikastaroak egiten dituzte noizbehinka. «Etorkizunean, taldea handitzen jarraitu nahi dugu, eta beste autonomia erkidego batzuetan lokal berriak irekiko ditugu», gaineratu du.

EKASA taldean 155 langile ari dira Hego Euskal Herrian lanean; Teleapostuak enpresan, 150 pertsonentzako lanpostuak sortu dituzte. Krisialdiak oraingoz gogor jo ez diela pentsatzen du Unai Artetxek. «Gu orain bost urte irten ginen kalera, eta orduan, krisia jada iritsia zen. Hortaz, ez dugu igarri beste enpresa askok nozitu duten krisi sakon hori». Hala ere, azpimarratu du azkenaldian bezeroek diru kopuru apalagoak jartzen dituztela jokoan.

Iazko urteko balantzeari dagokionez, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Reta marka izan zen bezeroek gehien erabili zuten apustu etxea. Orotara, 15 milioi apustu egin zituzten bertako lokaletan. Gehienak Bizkaian egin ziren, eta Araban gutxien. Nafarroan 2011n zabaldu zuten lehen lokala, eta apustuen kopuruak gorantz egin du geroztik. Iaz, guztira, 3,2 milioiapustu jokaldi egin ziren. Retako marketin departamentuak azaldu duenez, «produktu eta zerbitzu eskaintza zabalei esker» lortu dira datu handienak.

Bigarren etxea Teleapostuetako Kiroljokoa izan da; gorantz doan enpresa. Aurreikusi dute Hego Euskal Herrian negozioak %10eko hazkundea izango duela aurten. Iaz, 15 milioi apustu inguru kudeatu zituen, eta horrek hamar milioi euroko fakturazioa ekarri zion enpresari.

Teknologia, negozio aukera

Kiroljokoa apustu etxe izateaz gain, teknologia hornitzaile ere bada eta haiek erabiltzen duten softwarea sortu dute. «Kirolsoft apustuak kudeatzeko gure sistema da, apustuak egiteko softwarea eta edukien kudeaketarako sistema», azaldu du Unai Artetxek. Hasieran, Kiroljokoa markarako sortu zuten, baina kanpoko zenbait enpresak produktu horren gaineko interesa erakutsi zuten, eta haren erabilera esparrua zabaltzea erabaki zuten, negozio lerro berriei heltzeko asmoz. «Oso emaitza onak izan zituen, eta Espainiako hainbat komunitatetako zenbait enpresa gurekin jarri ziren harremanetan, gure softwarea erabiltzeko interesa zutelako». Egun, Valentzian eta Madrilen Juegging enpresak erabiltzen du haiek garatutako teknologia; Murtzian, Apuestas de Murcia, Apuestas Valor eta Viva la Suerte enpresek erabiltzen dute.

Gainera, Kiroljokoa hemen eta Espainian jarduteko on line lizentzia lortu duen Euskal Herriko edo inguruko enpresa bakarra da. Etorkizunera begira, erronka nagusi bat dauka: Kirolbet on line apusturako webgunea martxan jartzea. Nazioarteko apustu etxe handiekin lehiatu nahi dute horren bidez, Bwin eta Bet365-ekin, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.