Danel Agirre.
SASKI DA!

Benetan da Fabulous

2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Dohakabe. Fabulous Flournoyren biografiaren hasiera benetan da gogoangarria: izan ere, Fabulous benetako jaiotza izena du. Lucy amak ez zuen laga senarraren jipoiek bere baikortasuna zapuztu zezaten, eta bizitza askoz atseginagoa irudikatu zuen seme-alabentzat (Fab-en anaiari Divine ipini zion, arrebari Precious). Aita abisatu gabe desagertu, eta haurtzaroa New Yorkeko Bronxeko kaleetan eman zuen familiak, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Lucyk sator-zulo bat alokatzeko dirua juntatzea lortu zuen arte, droga trafikatzailez jositako bloke batean. Guztiek atzean laga nahi zuten toki hartara iristea lortu zuen familiak.

Kaskagogor. Institutuko azken-aurreko urtean saskibaloi taldean ari zirenen antzeko garaierara luzatu zen Fabulous. Dedikazio osoz hasi zen entrenatzen, jokalariek jasotzen zituzten oinetako eta txandal berrien distirak erakarrita. Ez zen abilenetakoa, baina ez zion axola izan: saskiratzeaz beste partidak irabazteko behar diren ataza guztiez arduratzen zen, eta libre zuen ordu bakoitza kantxan ematen zuen. Unibertsitate batean, txikienean bazen ere, ikasteko kirolari beka zuen amets. Notak, ordea, kaskarregiak zituen. Itxaropen oro galtzear, Fabulousek dislexia larria zuela jabetu zen irakasle bat. Irudiak erabilita, mintzatzen eta idazten hutsetik ikasi zuen berriz. Texasko college txiki batean onartu zuten, eta Louisianako handiago batera aldatu ahal izan zen gero. Ikasketak bukatzear zela, beste kolpe bat: Divine anaia hil zuten kalean tiroz. Gorrotoak itsutu zezan utzi ez, eta kriminologian graduatzea lortu zuen. Bronxera itzultzea tokatu zitzaion, ordea, denda batean umeen arropa saltzera, saskibaloian aritzeko eskaintzarik gabe. Handik urtebetera, oporretan lagunartekoak jokatzeko bira bat egitetik ezagun zuen entrenatzaile batek deitu zion. Ingalaterran aritu nahi ote zuen galdetu zion: ez zen aberastuko —200 dolar astean—, baina profesional bihurtzeko azken aukera zuen.

Atipiko. Fabulous ez zen askorik saiatu Europako ligetan estatubatuarrentzat ohikoak ziren eskakizunetara moldatzen. Taldeko jokalari perfektua zen bera, ez 30 puntu bermatzen zituen solista. Baina bere dedikazioak, xehetasun txikiena fintzeari eskaintzen zion arretak, estimatu bilakatu zuen. Bere ibilbidearen hastapenetan, Fabulous beldur zen erasoko bere talentu faltak kondenatuko ote zuen. 2002an jasotako eskaintza batek lasaitu zuen arte. Newcastle Eagles bere klubak entrenatzaile-jokalari bihurtzea proposatu zion; aurrerantzean bostekoak egitearena bere ardura izango bazen, kantxan jarraitu ahalko zuen, ezta?

Erronkazale. Fabulous Flournoy britainiar ligaren historiako izenik garrantzitsuena da. Zazpi bider irabazi du BBL delakoa, eta kopak batuta, hogei titulutik gora pilatu. Ia guztiak, aldi berean entrenatzaile eta hegaleko zela (kirol profesionaletik ia desagertu den konbinazioa da). Britainiar Inperioko Ordenaren kide da; nazionalizatu, eta Commonwealtheko Jokoetan brontzea eskuratu zuen 2006an. Bereerresistentzia txundigarria da. 46 urterekin, profesional moduan hogeita laugarren sasoia amaitu zuen udaberrian: BBLren lider historikoa da asistentzia, lapurreta eta txapeletan. Duela lau urte orpazurda apurtu zuen. Jokatzen jarraitzeari uko egin eta arreta osoa entrenatzeari ipini beharrean, esekidurazko jaurtiketa eraldatzeko zain eta muin entrenatu, zangoei ezartzen zien karga arindu, eta patu beltza zirudiena saihestu zuen. Almendrak xehatuta bere esnea prestatzen duen elikadura garbiaren aszeta da Fabulous, bidaietara infusioen pH-a neurtzeko gailu bat eramateko gai den norbait. Jabetza materialekiko loturarik sentitu ez, eta bere laguntzailearen ganbaran bizi izan da urte luzez, nahiz eta atetik makurtu gabe kabitzen ez zen. Bere 50. urtebetetzea Newcastle Eaglesen entrenatzaile-jokalari moduan ospatzea guztiz egingarritzat zuen, baina uda honetan errefusatu ezinezko lan eskaintza jaso du. Duela 24 urte Bronxetik irtetea ahalbidetu zion lagunak bere staff teknikoan nahi du Fabulous. NBAn. Ingalaterrara eraman zuen mentore hark Nick Nurse izena du. Toronto Raptors txapeldun egin zuen ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.