Futbola. Munduko Kopa

Loria itzuli nahi dio

Zortzi Eurokopa, bi Munduko Kopa eta urrezko olinpiar domina bat irabazi eta gero, 2016tik bere bidea topatu ezinik dabil Alemania. Martina Voss-Tecklenburg joera hori aldatu nahirik ari da aulkitik

Alemaniako jokalariak Martina Voss-Teckleburg hautatzailea besarkatzen, gol bat sartu eta gero. PHILIPP GUELLAND / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ilusio handia egiten dit selekzioa zuzentzeak. Buruan dudan gauza bakarra tituluak irabaztea da. Munduko onenak izan nahi dugu berriro ere, eta hori erronka handia da,selekzioak gero eta parekoagoak baitira». Martina Voss-Tecklenburgek (Duisburg, Alemania, 1967) hitz horiekin hartu zuen Alemaniako hautatzaile kargua iragan azaroaren 30ean. Jokalari zenean, zelai erdiko zutarrietako bat zen, hauspoa, lemazaina. Horren isla zen haren izaera nekaezina eta lehiakorra. Orain, ezaugarri horiek itzuli nahi dizkio selekzioari, eta 2016tik gorabehera asko izan dituen taldeari loria itzuli. Helburu argi batekin egingo du: hirugarrenez Munduko Kopa irabazi, eta AEBekin berdintzea.

Duela hiru urte arte, garaipenak bata bestearen atzetik pilatuz joan zen Alemania: zortzi Eurokopa, bi Munduko Kopa, urrezko olinpiar domina bat... Baina, duela bi urte Rio de Janeiron (Brasil) urrezko domina irabazi eta gero, haren gainbehera hasi zen. Silvia Neid hautatzaileak kargua uztea erabaki zuen, eta begirale lanetan hasi zen. Geroztik, hautatzaile aproposa topatu ezinik ibili da Alemaniako Federazioa. Aurrena, Steffi Jonesi eman zion aginte-makila. Baina porrot egin zuen. Erreskadan sei Eurokopa irabazi eta gero, 2017an Herbehereetan jokatutakoan, Danimarkak kanporatu egin zuen, final-laurdenetan. Horrek eta pare bat emaitza txarrek kondenatu egin zuten.

Horst Hrubeschek hartu zuen behin-behinean hautatzaile postua. Munduko Koparako sailkapena ziurtatu zuenean, erretiroa hartu zuen. Orduan iritsi zen kargura Voss-Tecklenburg. ArteanSuitzako selekzioa zuzendu zuen sei urtez, eta, aurretik, Duisburg eta Jane Alemaniako taldeak. Garaipenik handienak Duisburgekin izan zituen. Bi aldiz irabazi zuen Alemaniako Kopa —2009an eta 2010ean—, eta behin Txapeldunen Liga —2009an—.

Geraezina da aulkian, eta alemaniarrek izan ohi duten izaera zurruna jokalariekiko gertutasunarekin uztartzen du. «Duisburgen entrenatzaile izan nuen. Nortasun handia nuen garai hartan, eta oinak lurrean izaten eta burua hotz edukitzen lagundu zidan. Hori erabakigarria izan da nire kirol ibilbidean, horri esker nire onena eman baitezaket. Asko zor diot. Beti dago guri laguntzeko prest», esan du Alexandra Poppek.

Alemaniaren jokoaren eraginkortasunari beste ezaugarri batzuk ezarri nahi dizkio. «Joko erakargarria egitea nahi dut, eta jokalariak ausartak izatea».Halere, Estilo hori ezartzeko «denbora gutxi» izan duela onartu du. «Beharbada azkarregi iritsi zait lehen txapelketa garrantzitsua».Baina hori bilatu nahirik osatu zuen Munduko Koparako deialdia. Klara Buelh, Lena Oberdorf eta Giulia Gwinnen moduko jokalarien gaztetasuna, Poppen eskarmentua eta borroka eta Dzsenifer Marozsanen talentua uztartuz.

Espainiaren aurka, gaur

Txapelketa ez da hark nahi bezala hasi. Izan ere, aurretik jokatutako lagunartekoetan Frantziari 0-1 eta Suediari 2-1 irabazi bazien ere, Txinaren aurkako estreinako partidan sufritu egin behar izan zuten. 1-0 gailendu ziren, Gwinnek 65. minutuan sartutako golari esker. Ausardiak eta erasoko jokoak baino, eraginkortasunak eman zien garaipena. Kosta egin zitzaien Txinak defentsan ezarritako horma gainditzea, eta kamuts aritu ziren erasoko jokoan.

Gaur, multzoko lehen postua izango du jokoan Espainiaren kontra. Marozsan ez da ariko. Alemaniarren izarrak eskuin oineko behatz bat apurtu zuen Txinaren kontra, eta gutxienez lehen ligaxka galduko du. «Hura gabe, zertxobait egokitu beharko dugu gure jokatzeko era».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.