Zinema saioa eta kontzertua egingo dituzte koban

Aurkikuntzaren mendeurrena ospatzeko, aldundiak egitarau zabala osatu du. Arkeologoen hitzaldiak ere antolatu dituzte

Santimamiñe kobaren ahoa burdinazko hesi batek babesten du. L. J /ARP.
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Santimamiñeko koban pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrenaren harira, hainbat jarduera antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak; horietako gehienak Santimamiñen bertan. Etzi egingo dute lehen ekitaldia, eta urrira artekoa izango da programazioa; zazpi hilabete oso. Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak eman du azalpena: «Mendeurren hau ospatu gura dugu, merezi duen legez. Daukagun altxorrari bere balioa eman nahi diogu».

Larunbat honetan, hilaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, Santimamiñeko Museoen Gaua ospatuko dute, erakusketa eta bisita gidatuekin. Igandean, bisitaldi bereziak egingo dituzte animazioarekin, eta haitzulora sartzea doakoa izango da. Hurrengo ekitaldietan hainbat alorretatik aztertuko dute kobaren eta bertako ondare kulturalaren balioa. Maiatzaren 28an, esaterako, Espeleologia eta Ondare Kulturaleko II. Jardunaldia antolatuko dute, eta esplorazio espeleologikoa, ikerkuntza arkeologikoa eta arte paleolitikoari buruzko hitzaldiak egingo dituzte.

Juan Carlos Lopez Quintana Santimamiñeko aztarnategia azkenengoz ikertu zuen lantaldeko zuzendariak hitzaldia egingo du, ekainaren 18an. Eta, ondoren, leizea eta inguruak ikusteko bisitaldi gidatua egingo du azken ikerkuntzak ezagutarazteko.

Nazioarteko ikerlariak bilduko dituen jardunaldia ere egingo dute urria aldera Bilboko Ondare aretoan. Europako Arte Paleolitikoaren arloko hamabi adituk baino gehiagok parte hartuko dute bilera zientifiko horretan. Topaketa horri streaming bidez ere kasu egin ahal izango zaio.

Adituen hitzaldi eta jardunaldiek ez ezik, bestelako ekitaldiek ere izango dute lekurik. Uztailaren 23an, ekintza andana programatu dituzte Santimamiñe, 100 urte ondareaz gozatuz goiburupean. Aztarnategia itxita egon arren, kobaren sarrera zabalik egongo da, eta zinema emanaldia egingo dute han. Eta kontzertu bat ere izango da iluntze aldera kobaren ahoan. Umeentzako jolasak, tailerrak eta bisitaldi gidatuak ere egingo dituzte egun osoan.

Egitaraua amaitzeko, 2016 K.o. Paleolitikoa erakusketa zabalduko dute Bilboko Rekalde aretoan; eta 2017ko urtarrilera arte irekita egongo da. Erakusketa horretan, Bizkaiko Arte Paleolitikoa ezagutaraziko dute informatiko berrien bidez.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.bizkaia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.