Amaia Lartitegi

Dortsala jartzeko irrikan dago

Aldaketen sasoia izatekoa zen hau Amaia Lartitegirentzat, maila eta talde berri batean aritzekoa baitzen: elite mailan, eta Bizkaia-Durangon. Baina oraindik ezin izan du proba bakar batean ere aritu. «Pena» du, «ikasteko eta lehiatzeko gogo handia» baitzuen, baina «patxadaz» hartu nahi du. «Oso gaztea naiz oraindik».

AMAIA LARTITEGI.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Berdin dio urteak pasatzeak: kirolari batek beti sentitu ohi ditu kilimak sabelean denboraldi bati ekin aurretik. Ilusioa, irrika, urduritasuna... sentipen festa izan ohi du gorputzean. Eta hori guztia areagotu egiten da aldaketen sasoia izanez gero.

Halaxe zegoen Amaia Lartitegi denboraldia hasi aurretik: sentipenez gainezka. Busturiko (Bizkaia) txirrindulari gaztea elite mailan estreinakoa egitekoa zen, talde berri baten maillota jantzita, eta ez edonorena: Bizkaia-Durangon aritzekoazen, «etxeko talderik kutunenean» eta «aspaldiko ametsa» beteta. Hori nahikoa aldaketa ez eta unibertsitatean ere hastekoa zen, erizaintza ikasten, Leioako (Bizkaia) campusean. «Berritasun asko ziren, eta, noski, apur bat urduri nengoen», aitortu du. Horregatik, agindu zehatza emana zion Agurtzane Elorriaga Bizkaia-Durangoko zuzendariak: «Aldaketa askoko sasoia izanik, patxadaz hartzeko esan zidan».

Denboraldi-aurrean gogor lan egin ondoren, prest zegoen lehiatzeko. Zehaztua zuen estreinakoaren eguna: otsailaren 28an, Castellon (Herrialde Katalanak), hango itzulian. Baina, zoritxarrez, emakumezkoen kirolean sarritan gertatzen dena pasatu zen. «Babesle batek uko egin zion lasterketa diruz laguntzeari, eta antolatzaileek bertan behera utzi zuten proba», azaldu du. Itxaroten jarraitu beharko zuen. Bi aste geroago izango zuen bigarren aukera, etxetik gertu, Zaldibarren (Bizkaia). Ordurako, ordea, asko ari zen okertzen koronabirusak eragindako egoera. Hala, lehiatu behar zen asteburu horretan ezarri zuen alarma egoera Espainiako Gobernuak. «Kolpea izan zen. Gogo handia nuen debuta egiteko, baina, egoera ikusita, ezinezkoa zen. Argi dut: osasuna guztiaren gainetik dago».

Baserrian, «pribilegiatua»

Bi hilabete pasatxo joan dira ordutik, eta «oso luze» ari zaio egiten itxaronaldia. Hala ere, kexatzeko arrazoirik ez duela dio. «Baserri batean bizi naiz, eta abantaila handia da hori : ez dut etxean sartuta egon behar izan, ibilaldi txikiak egin ahal izan ditut, ariketak egiteko tokia izan dut... Zorte handia dut». Duela bi astetik hona dute ziklistek aukera errepidean entrenatzeko, baina berak joan den larunbatean egin zuen lehen saio serioa. «Paper batzuk falta zitzaizkidan, eta, badaezpada, zain egon naiz. Herritik bai, ibilia nintzen, baina ez kanpoan». Merezi izan zuen itxarotea. «Gozatu egin nuen. Deskonektatzeko balio izan zidan, eta paisaiaz gozatzeko. Gainera, jende gutxi zebilen. Espero dut laster berriro denok elkarrekin egotea errepidean, gozatuz, eta neurriak errespetatuz».

Nolanahi ere, lehiaren falta sumatzen du. «Gozatu egiten dut bizikleta gainean: aske sentitzen naiz. Baina txirrindulariok lehiatu egin nahi dugu, eta nik ez dut horretarako aukerarik izan denboraldi honetan. Ez dakigu noiz lehiatuko garen berriro. Pena da, sekulako ilusioa bainuen, bai lehiatzeko, baita ikasteko ere. Asko ikasteko urtea izango zen hau, nagusiekin ariko bainintzen, baina, oraingoz, apenas izan dudan aukerarik. Baina oso gaztea naiz oraindik. Pazientzia izan behar dut. Bere txarrean, ikasketei denbora gehiago eskaini ahal izan diet. Jada amaitu ditut azterketak, eta pozik nago egin dudanarekin. Pena bakarra izan da praktikarik gabe geratu garela. Gustura egingo nituen, are gehiago egoera honetan. Gogoz lagunduko nuen».

Lehiaren falta arintzeko ere topatu beste entretenimendurik: ETB1 egunero ematen ari den aspaldiko lasterketak ikustea. «Aitarekin ikusten ditut. Batzuetan, ondo etortzen dira siesta egiteko», dio barrez. Eskertu egingo luke «noiz edo noiz» emakumezkoen probak ere emango balituzte, eta aukeran, Joane Somarribarenak. «Eredu da niretzat. Nik ez nuen lehiatzen ikusi, baina haren senarra, Ramontxu [Ramon Gonzalez Arrieta], Espainiako selekzioko hautatzailea da, eta Joaneren makina bat balentria kontatu dizkigu». Horietako asko Munduko Txapelketakoak dira [urre bat, zilar bat eta brontze bat irabazi zituen Somarribak]. Bitan lehiatu da jada Lartitegi Munduko Txapelketan: duela bi urte Innsbrucken (Austria), eta, iaz, Yorkshiren (Ingalaterra). «Esperientzia ahaztezina izan zen munduko onenekin lehiatzea eta nire idoloak horren gertu ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.