Politika ekonomikoa. Inbertsio tresnak

Inbertsio tresnen mataza

Dirutza beharko da transformazio sakonerako. Inbertsio publikorako eta pribaturako moduen inguruan ere beharko dira helburu, estrategia eta tresna berriak .

Kutxak tresna inportantea izan ziren, Kutxabank sortu zen arte. ALFREDO ALDAI / EFE.
Irune Lasa.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Industria politika berrietan giltzarri izango da dirua, eta, batez ere, inbertsio publikoak. Berrikuntzak arriskuak hartzea dakar, baita luzera begira jartzea ere, eta beti izan da zaila arlo pribatuak hori betetzea, arrisku gutxi eta luze gabeko etekinak nahi baititu. Zer esanik ez inbertsioen helburuak ez direnean soilik ekonomikoak.

Estatuak, sektore publikoak, badu zeregina hor. Ekonomialariek estatu ekintzailea (Entrepreneurial state) eta eraman handiko estatua (Patient state) kontzeptuak aipatzen dituzte, eta azaltzen dute nola estatuaren inbertsioek ugaritu egin ditzaketen inbertsio pribatuak. Dena den, laguntzek, finantzaketek eta zerga kenkariek baldintza jakinak bete beharko dituzte, eta beti misio eta helburuetarako estrategiarekin bat joan. Eskema horretan, diru publikoak onura publikoa ere eduki beharko du ordainetan.

Baina hitzetatik ekintzetara pasatzean, tresnak ere garrantzitsuak dira, baita kopuruak ere.

Birmoldaketa handiaren garaian dirutza etorri zen Espainiatik Euskal Herrira; siderurgia, ontzigintza eta horien moduko sektore erraldoiak transformatzea bertako erakundeen ahalmenetik oso urrun gelditzen zen.

Hori bai, enpresa eta proiektu txikiagoetan apustuak laguntzeko, bazeuden aurrezki kutxak, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, IBV (BBV-Iberdrola) bera ere bai. Haiek, gidaritza politikoari jarraikiz, askotan joan ziren Eusko Jaurlaritzarekin eskutik helduta, eta hainbat proiektuk egin zuten aurrera.

Joan ziren kutxak

Baina joan ziren kutxak; hizki bat gehitu eta madrildartu zen BBV-A, eta Kutxanbankek bere parte hartzeak saltzeari ekin zion. Zeharkako tresna horiek galduta, Jaurlaritzak eta diputazioek gaur egunzenbait funts dituzte. Azkenetako bat enpresa estrategikoak errotzeko Finkatuz funtsa da, baina, oraingoz, soilik CAFen eta Kaikun ditu parte hartzeak, eta bide luzea du egiteko.

BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen sorrerako garaian uste zen litekeena zela pentsio osagarri horietan bildutako dirua industriako inbertsioetara joatea, baina, oro har, oso kontserbadoreak izan dira.

Arrisku kapitaleko funtsak, berriz, gero eta gehiago izan arren, gutxi dira Euskal Herrikoak bertakoak, eta atzerriko funts espezializatuen presentzia ere txikia da. Horiek erakartzea eta inbertsio publiko-pribatuari bultzada emango liokeen funtsen funts bat sortzea proposatu izan du LKSNexteko Jon Erdoziak.

Europatik

Bitartean, dirudienez, baliteke Europatik diru kopuru handiak etortzea. Ikusi beharko da zenbateta zertarako. Gainera, kezka hor dago, ez ote diren Europako enpresa handiak izango zati handienaz jabetuko direnak. Besteak beste, enpresa handiek dutelako ahalmenik handiena urte gutxitan proiektu handiak abiatzeko eta horrelakoetara igotzeko. Teorian, handi horiek trakzio izango dira txikiagoentzat. Praktikan, oraindik ez dago argi diru hori nola, zein bidetatik iritsiko denenpresa ertainetara eta txikietara. Egia da funts europarren banaketan oraindik gauza gutxi daudela argi, oro har.

Europatik, dena den, mugak ere badatoz inbertsio publikoetarako. Lehia defendatzeko asmotan, Bruselak arau zorrotzak ezarri ditu estatu laguntzen inguruan. Horregatik, adibidez, Espainiako Gobernuak dirua jartzeko gerri handiagoa du Iberlyzerren elektrolizagailu fabrika Guadalajarara eramateko, Jaurlaritzak hari Euskal Herrian eusteko baino.

Dena den, Batasuneko organoetan eztabaida dago estatu laguntzen inguruan. Batetik, askoren ustez, lehia araudiak murriztu egiten ditu txapeldun europarrak, enpresa handiak, gai izango liratekeenak aurre egiteko Txinako edota Hego Koreako Gobernuak babestutako industriako erraldoiei.

Eta, bestetik, galdera hor dago: helburua industriaren transformazioa bada, nora joan behar dira baliabideak: ia industriarik ez duten Europako inguruetara, edo eremu industrializatuetara, zeinak aberatsagoak direnez tarte txikiagoa duten estatu laguntzetarako?

Inbertsio publikoak eta inbertsio pribatuak ere zeresan handia izango dute politika berrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.