Kataluniako Gobernua. Izendapenak

Erbesteratuak eta espetxeratuak sartu ditu gobernuan Quim Torrak

Hamahiru kontseilari izendatu ditu Kataluniako presidenteak. Turullek eta Rullek behin-behinean kartzelatik ateratzeko baimena eskatu diote epaileari, asteazkeneko ekitaldian kargua hartzeko

Quim Torra Kataluniako presidentea Kataluniako Parlamentuan, Elsa Artadi eta Laura Borras alboan dituela. Biak kontseilari izango dira, ezustekorik ezean. EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua estutzen jarraitzeko asmoa du Quim Torra Kataluniako presidenteak. Helburu horri begira, Madrili entzungor egin, eta Belgikan erbesteratuak dauden eta Espainian behin-behinean espetxeratuak dauden politikarietako batzuk hautatu ditu bere gobernurako, gaur-gaurkoz Espainian zein nazioartean aurpegi ezagun bilakatu direnak: Jordi Turull, Josep Rull, Toni Comin eta Lluis Puig. Laurek onartu dute Torraren izendapena, eta bakoitzak bere kontseilari postua hartuko luke berriz, baina, egungo egoera judizialak kontuan harturik, zaila izango dute asteazkeneko ekitaldian izatea, kargua hartzeko. Turullen eta Rullen abokatuak atzo iragarri zuen Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari behin-behinean askatzeko eskaria egin diotela jada, eta erantzun horren zain daudela. Cominen eta Puigen kasuan, postuak sinbolikoak izango dira, eta horien ordezkariek hartuko dute kargua asteazkenean, eguneroko «lan efektiboa» egiteko; Llarenak Turulli eta Rulli ezezkoa emanez gero, neurri bera prestatu dute alderdi subiranistek. Espainiako Gobernuak behin eta berriz esandakoaren arabera, 155. artikulua indargabetuko du Kataluniako Gobernuko kontseilariek kargua hartzean eta gobernua bera martxan jartzean.

Abisurik eman gabe, ia ezustean, eta posta elektroniko baten bidez, hala eman zuen atzo Kataluniako presidenteak bere gobernuaren osaeraren berri, izendapenen dekretua sinatu ostean. Torrak hainbat keinu egin dizkio Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren gobernu osaerari, ia kasu guztietan egiturak, eskumenak eta departamentuen izenak mantendu baititu. Zenbakiak aztertuz gero, alderdien pisua orekatua da, aurreko legealdian bezala: ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoak zazpi kontseilari izango ditu, gai sozialekin zerikusia dutenak, eta JxC Junts Per Catalunyak sei izango ditu, batez ere gai ekonomikoekin zerikusia dutenak, Ekonomiakoa izan ezik. Hain justu, ERCko Pere Aragonesek hartuko du kargu hori, Kataluniako presidenteorde postuarekin batera. Denera, hiru besterik ez dira emakumezkoak, eta bederatzi gizonezkoak.

Kataluniako hedabideek zabaldu duten informazioaren arabera, Espainian espetxeratuak daudenen eta Belgikan erbesteratuak daudenen tokia hartuko luketen ordezkoak hautatuak dituzte ERCk eta JxCk:Laura Borras izango litzateke Kultura kontseilaria, Puigen ordez; David Elvirak hartuko luke Osasun kontseilariaren kargua, Cominen ordez; Damia Calvet izango litzateke Lurralde kontseilaria, Rullen ordez; eta Elsa Artadi litzateke Presidentetza kontseilaria, Turullen ordez. Postu horrez gain, Artadi gobernuaren eleduna izango da, eta Enpresa kontseilaria.

Horiek horrela, aurpegi zaharrek eta berriek osatuko dute Torraren gobernua, aurreko legealdian Puigdemonten gobernuan lan egin zutenek eta azken hilabeteotan JxCk eta ERCk adosturikoek. Zazpik hartuko dute kontseilari kargua lehenengoz: Aragones eta Artadik ez ezik, Miquel Buchek, Ester Capellak, Txakir el- Homranik, Jordi Puignerok eta Teresa Jordak. Beste biak, Ernest Maragall eta Josep Bargallo, kontseilari izandakoak dira, Pasqual Maragallen eta Jose Montillaren gobernuetan, hurrenez hurren.

Laburbilduz, eta Puigdemonten hitzetan, «herrialde moderno baterako gobernu moderno bat» eratu du Torrak, asteazkenetik aurrera lanean hasi behar lukeena.

Kritikak sektore guztietatik

Kataluniako Gobernu berriaren osaerak hainbat kritika eragin ditu, espero bezala. Alderdi unionisten artean, Ciutadans izan da kritika gogorrenak egin dituena, Torrak erbestean dauden eta espetxeratuak dauden politikariak hautatu baititu. Ines Arrimadas Ciutadansen buruzagiak, asteotako diskurtsoari eutsiz, Espainiako Gobernuari eskatu dio 155.ak martxan jarrai dezala, Kataluniak gobernua izan arren. Bide horretan, halaber, PPCko Xavier Garcia Albiolek «probokaziotzat» jo du gobernu berriaren osaera, eta ohartarazi du Espainiakoak aurre egingo diola egoera horri: «Konfrontazioarekin jarraitzeko asmoa duenaren mezua bidali du Torrak». PSCko lehen idazkari Miquel Icetak, berriz, leunago egin du kritika bera, eta adierazi du Torrak «hutsegite bat» egin duela izendapen horiekin.

Gobernuaren parekidetasunik eza ere kritikatu dute ERCk, CUPek eta PSCk. «Ez du bermatzen gutxieneko parekidetasuna. Nola konponduko duzue hori?», galdetu die JxCri eta ERCri CUPeko diputatu Natalia Sanchezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.