Osasunaren bolada eta Athleticena aurrez aurre izango dira gaur

enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Kontrako inertzien arteko talka izango da gaur eguerdian Sadarren jokatuko den derbia. Etxean, gorritxoak esne mamitan dabiltzan bitartean, Athletic bisitari gisa irabazi ezinik dabil. Bilbotik urrun sei partida jokatu ditu orain arte, eta horietatik lau berdindu eta bi galdu ditu. Hori horrela, San Mamesen erakusten ari den sendotasun bera izaten ahaleginduko da gaur. Areago, perfekziotik gertu jardun beharko du Sadarko harresia eraitsi nahi badu.

Nafarrek dagoeneko hamar puntura dute jaitsiera, eta errenta hori zabaltzen jarraitzea dute helburu. Irabazita, sailkapenaren goialdera iritsiko lirateke—aurrea hartuko liekete bizkaitarrei—, baina Jagoba Arrasaterenek behera begira egiten dituzte kalkuluak; normala denez, igo berriak izaki. 22 punturekin, eginak izango lituzkete mailari eusteko lanen erdiak, lehen itzulia bukatzeko bost neurketaren faltan.

Etxean, dena da zoriona Iruñeko taldearentzat, baina beti dago zer hobetu. Gorritxoei lau gol sartu dizkiete Sadarren jokatutako azken hiru lehietan; beraz, arrakala txiki bat dute defentsan. Hori ixteko lanetan, min hartutako Nacho Vidalen eta Aridaneren hutsuneak izango dituzte gaur. Ziurrenik, Lillok eta Roncagliak ordezkatuko dituzte. Erasoan, berriz, bueltan dira Chimy Avila eta Adrian Lopez.

Athletic ligako talderik onenetan bigarrena da etxean, eta horregatik dago sartuta Europako postuen borrokan. Ordea, eskas dabil etxetik kanpo, eta aurrerapausoa emateko tenorea iritsi zaio; izan ere, hilabeteko epean lau partida jokatuko ditu bisitari moduan. Bultzada handia litzateke lehen lehia irabaztea.

Bizkaitarrek alde dute aurreko gertakari aipagarri bat: Osasunak 30 lehia eman zituen galdu gabe 1956 eta 1959 bitartean, eta Athleticek apurtu zuen bolada hura. Zuri-gorriak, berriz, gorritxoen festa zapuzten saiatuko dira gaur. Muniainek ez du jokatuko, min hartuta baitago. Aduriz ere ez da osatu, eta ez dago deialdian, ezta De Marcos eta Beñat ere. Garitanok atseden eman die, erabat osatu daitezen.

OSASUNA-ATHLETIC

Osasuna. Sergio Herrera; Lillo, Roncaglia, David Garcia, Estupiñan; Torres, Moncayola, Brasanac, Ruben Garcia; Brandon eta Chimy Avila.

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Williams, Sancet, Cordoba; eta Raul Garcia.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Sadar (12.450 ikusle).

Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.