HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Ibaian behera'

Ibilbide albumak

Idazlea eta ilustratzailea: Magnus Weightman. Itzultzailea: Uxue Alberdi. Argitaletxea: Ttarttalo.

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Liburuen artean bada sail oso bat helburu duena irudietan zehar bilatzen jartzea. Denok ezagutzen dugu Non dago Wally?, kategoria hori osatzen duten obren artean ospetsuena-edo.

Wallyrenean ez bezala, Ibaian behera hartzen dugunean hari nagusi bat aurkituko dugu, protagonistek jostailuzko ahatetxo baten atzetik ibaian behera egiten dutena, eta baita bigarren mailako pertsonaia asko ere, bilaketa orriz orri ugaritzeko. Bilaketa albuma ibilbide album bihurtu da.

Ilustrazioak paisaia erretratuak dira, orri biko bakoitzean ingurune geografiko-hidrologiko bat agertzen dutenak —zabal agertu ere ingurunea, zeregin nagusia izango den bilaketan begirada arintzen laguntzen dutelarik—, hain zuzen Rhin ibaiak Suitzako Alpeetatik Amsterdameko kostalderaino egiten duen ibilbidearen antzeko paisaiak erakusten dituztenak.

Hortaz, zeregin nagusia izango da ibaian behera doan ahatetxoa aldiro non dagoen aurkitzea (Wally bezalatsu), baina ez bakarra. Aldi berean, mikro narrazio ugari elikatzen duten pertsonaiak agertzen zaizkigu, ekinean, bakoitza logika batekin, lehen orrialdean dauden instrukzioetan garbi adierazten zaigunaren arabera.

Guztiak ere bidaian ari diren pertsonaiak dira, bidaiatzeko arrazoi eta modu desberdinen katalogo bihurtuta. Hor ditugu bi zerriak, moto lasterketan, azken unera arte zergatik doazen halako abailan argitu barik. Orein familia bizikletan doa, zikloturismoa eginez. Azeriak autokarabanan; ahuntza eta bere zakurra oinez; zakurra lasterka ultratrail gisan; puzgarrian alderrai katu-zakur nerabeak. Sagua eta erbinudea baltsa arrunt bati aldakuntzak eginez. Apartekoa iruditu zait azken horiek nola aritzen diren nabigazioa hobetzen, baina ziurrenera nire zaletasun teknologikoengatik da.

Izan ere, irakurle bakoitzak bere irakurraldia egiteko aproposa da liburua, eskuzabala, mota honetako liburuak izan ohi diren bezala.

Tradizio luzeko azpigeneroa da ibilbideena, garaian garaiko modaren arabera eitez aldatzen doana, baina gutxienez 1906. urtean jada forma hartzen ari zena, Selma Lagerlof Nobel saridunaren Nils Holgerssonen bidaia liburuan Suediako geografia azaltzeko eratutako nobela epiko-dibulgatiboan —euskaraz edizio laburtua dugu, Nils Holgerssonen bidaia miresgarria (Ibaizabal, 2016)—. Beste muturrean, testurik gabeko album mutuak sortzeko formatu oso aproposa dela frogatu da, adibidez Mitsumasa Anno japoniarraren Anno's journey (1977) Europan zeharreko bidaian, Thé Tjong-Khing holandartuaren El Bosco (Ekare, 2016) margolari ospetsuaren ikonografiarekin egindako sorkuntzan, edota Rotraut Susanne Berner alemaniarrak urtaroekin egin zituen lau albumetan.

Halere, testuarekin topatzen ditugu euskaraz daudenak. Urruti joan gabe, Weightmanek berak plazaratu zuen Ongi etorri etxera, kastore (Ttarttalo, 2018), animalien habitatak erakusten zuen ibilbide albuma.

Ez konformatu Wallyrekin. Gehiago dago. Askoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.