Telesailak

Kultuko western baten itzulera

Merezi bezalako amaiera eman diote 'Deadwood' telesail klasikoari, eten eta hamahiru urtera

HBOko telesailak istorioa utzi zuen puntutik hamar bat urte pasatu dira filmean ere, baina pertsonaia nagusiek hortxe jarraituko dute. HBO.
Mikel Yarza Artola.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Telesailen urrezko aroan bizi garela diote askok, baina, egiazki, duela 80 urteko kontua da hori. AEBetako telebista ikertzaile eta kritikarien aburuz, 1940ko hamarkadan hasi zen urrezko lehen aroa, 1970eko hamarkadan bigarrena, eta mende amaieran hirugarrena. Azken tarte horretako protagonista HBO katea izan zen, Oz, The Sopranos eta The Wire telesailen egilea. Telebista tradizionaleko iraupen, narrazio eta alor formalari desafio eginez, kanon dramatiko berriak ezarri zituen, eta horri segida eman diote azken urteotan etengabe ugaritu diren istorioek.

Egungo gaindositik urrun, tentuz osatu eta mamituriko telesailen multzoan koka genezake Deadwood kultuko lana. XX. mendean western generoa hamaika modutara landu den arren, David Milch sortzaileak beste leiho bat ireki zuen 2004an. Shakespeareren espirituak blaituta, modu poetikoan jorratu zituen dirua, erlijioa, demokrazia, legea eta ordenarekin loturiko gaiak.

Hiru denboraldiren ostean, ordea, HBOk bertan behera utzi zuen telesaila, Milchen eta katearen arteko desadostasun artistiko eta ekonomikoak zirela medio. Samina eragin zuen erabaki horrek istorioaren jarraitzaile askorengan. Izan ere, telesailaren ildo nagusiak osatu gabe geratu ziren, baita argi-ilunez jositako pertsonaien patua ere: 36 ataletan marrazturiko bideak ez zuen amaiera duinik izan.

Duela hamahiru urte erdizka utzitako lana borobiltzera dator, beraz, Deadwood: The Movie. Film gisara bataiatu du HBO kateak, ez delako kontakizun zatikatua izango, 110 minutuko narrazio soila baizik. Dena den, emanaldi berria jatorrizko telesaila borobiltzekoa den heinean, azken atal luze gisara ere uler genezake.

2004ko telesailak AEBetako Hego Dakota estatuko Deadwood hiriaren sorrera zuen oinarri. Urrearen sukarra izeneko fenomenoak XIX. mendearen amaieran bete-betean harrapaturiko mugaldeko lurraldean dago fikziozko herria. Urreak erakarrita, sekulakoa izan zen langileen migrazio mugimendua, eta HBOren kultuko telesailak gizartearen eraikuntza eta botere banaketa islatu zituen, diruaren eta gainerako sinbolo sozialen bidez.

Horretarako, historiako benetako figurak hartu zituen oinarri Milch sortzaileak. Telesaileko protagonistak, hots, Al Swearengen, Seth Bullock, Wyatt Earp, Will Bill Hickok eta Calamity Jane bizilagun izan ziren errealitateko Deadwooden, betiko eraldatzen ari zen gizarte baten zuzeneko testigu.

Bada, hain zuzen, estreinatu berri den filmak pertsonaia horiek berreskuratu eta modernitatearen atarian kokatu ditu, telesaileko azken gertakarietatik hamar urteko jauzia eginez. Denboraren iragateak eurengan izan duen eragina esploratzen ahalegindu da oraingoan Deadwood filma.

Hamarkada bat geroago, arlo ekonomiko eta artistikoetan ados jarri dira David Milch eta HBO, eta, telesailen zaleen zorionerako, beste orrialde bat idatzi dute Black Hillseko unibertsoan. Daniel Minahanek izan du Milchen agurreko narrazio lanak iruditan islatzeko ardura. Zuzendari estatubatuarrak Deadwood telesaileko hiru denboraldietan egin zuen lan, eta ostera trebatu da, besteak beste, Six Feet Under, Game of Thrones, The Newsroom, Homeland, House of Cards eta American Crime Story saio entzutetsuetan.

'DEADWOOD'

Sortzailea: David Milch.

Aktoreak: Ian McShane,Timothy Olyphant, Molly Parker,Brad Dourif, Anna Gunn, Sean Bridgers, Paula Malcomson, Kim Dickens.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: HBO.

Iraupena: 110 minutu.

Generoa: Westerna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.