Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura «Protagonista detektibe bat izateak ikuspegi ideologikoa du»

Publizitatea

Kultura

Jon Alonso. Idazlea

«Protagonista detektibe bat izateak ikuspegi ideologikoa du»

Nobela beltzaren «bilakaera ideologikoa» aztertu du Alonsok, eta pertsonaia nagusian oinarritu da horretarako. Detektibea eta polizia «figura antagonikoak» direla dio.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2015-01-18 / Ander Perez

Nobela beltza idazteaz gain, generoaren inguruko kontuei ere «interesez» erreparatu izan die beti Jon Alonsok (Iruñea, 1958). Baztango Nobela Beltzaren Astean izango da, hizlari. Nobela beltza ikuspuntu ideologikotik aztertu du horretarako.

Zein da zure azterketaren abiapuntua?

AEBetako eta Depresio Handiko testuingurua eta jatorria kontuan hartuta, generoak izan duen bilakaera aztertzen hasi nintzen. Bilakaera ideologikoa, zergatik ukatu. Jatorrizko nobela beltzaren ezaugarrietako bat pertsonaia da, pertsonaia nagusia, protagonista. Pertsonaia, gehienetan edo ia-ia beti, detektibea izaten da. Eta detektibe izate horrek ikuspuntu ideologiko bat ere markatzen du. Hori oso ongi ikusten da jatorrizko nobela beltzean. Maltako belatza-n argi ikusten da hori. Sam Spade detektibeak sekulako liskarra izaten du Miles Arche bere lankidearen heriotza ikertzera doazkion poliziekin. Zergatik? Ba, hain zuzen ere, figura antagonikoak direlako polizia eta detektibea: polizia ofiziala da, eta detektibeak egia bilatu nahi du, badakielako gainera egiak bertsio ofizial horrekin zerikusik ez duela. Horrek eramaten ditu biak talka egitera.

Halakoetan, gainera, krimena aitzakia hutsa bihurtzen da, beste hainbat gauzaz hitz egiteko.

Bai, krimena batzuetan argitzen da, beste batzuetan ez. Batzuetan argitzen da, eta nolabaiteko zigorra eta ondorioa dago; beste batzuetan, aldiz, ez dago inolako ondoriorik. Eta batzuetan argitu ere ez da egiten. Baina edozein modutan, detektibe horren funtsezko gauza da, nahiz eta sistema barrukoa izan ?sistema barruan dagoelako denon gauden moduan? beti begiratu kritikoa duela boterearekiko, eta ikerketarekin batera boterearen gehiegikeriak agerian geratzen direla, baita bertsio ofiziala sortzeko botereak egin behar izaten dituen injustiziak ere.

Espiritu kritiko hori galduz joan dela diozu, edonola ere.

Nobela beltzaren etiketarekin sortzen den nobela klase batean galdu da, baina beste batean ez. Nobela beltzak arrakasta handia izan du; munduko literatura gehienetara zabaldu da, eta orain nobela beltza leku guztietan dago. Europan, Espainiako Estatuan eta beste toki batzuetan, trantsizio garaian [Vazquez Montalbanen] Carvalho detektibea bezalako pertsonaiak agertzen dira. Horiek nolabaiteko irizpide kritikoa mantentzen dute, nahiz eta garai horretan hasten diren hainbat idazle poliziak edo komisarioak ere sartzen. Baina, oraindik ere, baldintza jakin batzuekin. Adibidez, Leonardo Sciasciaren Rogas komisarioa estatu errepublikanoaren paradigma izan nahi du, justua izan nahi du, egia bilatzen du, baina bukaeran hiltzen da; hain zuzen ere, autorearen arabera ezinezkoa delako horrelakoa izatea.

Zer etorri da gerora?

Ikuspegi kritiko hori oraindik ere mantentzen da, baina, horrekin batera, azken urte hauetan nobela beltzaren etiketarekin saldu den nobela mota sortu da, hasierako jatorri hori galdu duena.

Zer aldatu da?

Jatorrizko nobela beltz horren ezaugarri funtsezkoa galdu da hainbatetan. Hasieran protagonista bertsio ofizialari aurre egiten ziona bazen, orain, aldiz, protagonista bertsio ofiziala sortzeko erantzukizuna duena izaten da. Alegia, polizia bihurtu dute protagonista.

Eta horrekin kritika soziala galtzen da.

Edo, gutxienez, bertsio ofiziala gezurrezkoa izan daitekeelako susmo hori, edo boteretik datorren edozer ez sinesteko irizpide hori galtzen da. Edonola, denetarik dago. Mankellen Wallander inspektorea, edo Camilleriren Montalbano komisarioa, edo Petros Makarisen Jarisos komisarioa poliziak dira, baina esan dezagun nolabaiteko kontzientzia txarra badutela, eta baita nolabaiteko zentzu sozialdemokrata ere. Donna Leonen Brunetti komisarioaren kritika sozialeko komentarioetan, ordea, kritika sindikalista egiten da, lan baldintzak mantendu nahi dituztelako. Kritika soziala, kasu horretan, kritika guztiz erreakzionarioa eta eskuindarra bihurtzen da. Batzuk beren burua garbitzeko baliatzen ari dira nobela beltza, batez ere Espainiako Estatuan trantsizio garaiko depurazio falta justifikatzeko, eta indar errepresiboak legitimatzeko. Nahita egiten ari dira hori, estrategia baten barnean. Bestalde, errazagoa da Suediako gizartean polizia justu eta jator bat jartzea, beste zenbait tokitan baino. Baina Grezian bertan, esate baterako, askoz zailagoa izango da boteretik gauza onik etor daitekeenik sinestea.

Eta Euskal Herrian?

Nahiz eta ahaztu behar ez diren aurrekariak baditugun ?Mariano Izeta, Loidi Bizkarrondo edo Gotzon Garate?, oraingo idazleen belaunaldiak generoa nolabaiteko atzerapenarekin hartu zuela uste dut. Bazegoen nolabaiteko errezelo bat, detektibe bat Euskal Herrian gauza sinesgaitza zelako. Hori duela 30 urte gertatzen zen. Batetik, errealitatea aldatu da, eta Euskal Herrian detektibe bat izatea litekeena da, denok dakigulako hiri guztietan daudela detektibe agentziak. Bestalde, detektibea ere ez da ezinbestekoa nobela beltza egiteko: aski da pertsona bat ikerketa bat egiten jartzea, abokatua, kazetaria edo biktimaren lehengusua izan. Beraz, errealitatearen aldaketak eta generoak izan ditzakeen aldaerak ezagutu ahala, zabaldu da.

Zer etorkizun ikusten diozu generoari gurean?

Generoa nahiko entretenigarria suertatzen da geroz eta gutxiago irakurtzen den garai hauetan, eta, beraz, geroz eta gehiago egongo da. Pentsatzekoa da literaturan zerbaitek etorkizuna badu, jendearengana iristeko moduan, hau izan ahal dela.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak