Euskaraldian Berria bizi

Euskara ere konfinatua izan ez dadin

Hasi da Euskaraldia Euskal Herri osoan. Euskara karrikara atera, eta gehiago, gehiagotan, eta gehiagorekin erabiliz hizkuntza ohiturak aldatzera deituak dira herritarrak. Baina, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan konfinatuta ekin diote ariketa sozialari.

Euskarari ikusgarritasuna emateko material andana banatu dute herrietan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun

Euskaraldia egoera berezian iritsi da aurten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrentzat. Ipar Euskal Herriaren konfinamendua iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan den urriaren 28an, eta hala egonen da, gutxienez abenduaren 1a arte. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboak norbanakoen arteko harreman sozialak murrizteko eskaerarekin eginen du talka. Arigune gisa zerrendatuak izan ziren gune bat baino gehiago itxiak egonen dira Euskaraldiak iraunen duen tartean; eremu publikoan ekitaldi kulturalak egiteko debekua dago, eta herritarren mugimenduak ere mugatuak dira. Hala ere, ekimena bere horretan atxikitzea erabaki du euskalgintzak, egoerara egokituta; euskara ere ez dadin konfinatua gelditu.

 

Euskal Konfederazioak darama Euskaraldiaren antolaketa Ipar Euskal Herrian, Topagunearekin loturan. Amets Laedjusan kidearen hitzetan, momentu bakar batean ere ez dute ariketa soziala bertan behera uztea pentsatu. «Euskaraldiaren muina gogoan atxiki behar dugu: norbanakoen hizkuntza ohiturak aldatzea. Konfinatuak izan ala ez, bizi gareno, mintzo gara, harremanak baditugu hala ere: bideoz, telefonoz, emailez... egunero harremantzen gara». Egunerokotasun horretan ere hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera dagoela dio. «Euskaraldiaren ideia da euskaraz gehiago egitea auzokoarekin, bikotearekin, okindegian, harategian... Familiak etxean dira; lankideek elkar ikusten dute; murriztua da, baina jende anitz doa lanera; jaten segitzen dugu, beraz erosketak egitera goaz. Hori kontuan harturik, ezin zen ezeztatu».

3.000tik gora parte hartzaile izanen ditu aurten Euskaraldiak Ipar Euskal Herrian, 2.441 ahobizi eta 745 belarriprest, eta 35 bat herri batzorde osatu dira denera. Barne ariguneak 979 izanen dira, eta kanpokoak, 660. Lan nagusia herri batzordeak «sustatzea» izan dela azaldu du Laedjusanek. «Herrietan euskara elkarte gutxi dira. Duela bi urte dinamika bat izan zen, baina, ondotik, hutsune bat egon da, eta taldeak berriz dinamizatu behar izan dira». Bidean, herri batzuetako batzordeak galdu dira. EEP Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoarekin egindako partaidetzaren bidez lortu duten diru laguntza baliatu dute dinamizazioa indartzeko.

Laedjusanen ustez, euskararen erabileraren gaia agenda politikoan sartzea lortu du Euskaraldiak. «Ipar Euskal Herrian indar handia eman da transmisioan. Horri eman zaio lehentasuna hainbat urtez. Euskaraldiak erabileraren gaia eta erronkak eman ditu mahai gainean». Uste du «momentu egokia» dela ariketa soziala bultzatzeko. «Euskaraldian parte hartu ahal izateko, ulermen maila gutxieneko bat behar da; ulertzeko, ikasi behar da, izan etxean, edo prestakuntza baten bidez, eskolan edo euskaltegian. Baina, erabilerarik ez bada, ez da ikasteko zentzurik. Batak bestea aberasten du. Nahiz eta egoera linguistikoa izan, horrek du zentzua ematen. Latinarekin bezala baldin bada, soilik ezagutzara mugatzea, ez da hori guk nahi duguna: euskara egunerokoan erabiltzeko aukera nahi dugu».

Euskararen normalizazioan ikusten du erronka Laedjusanek. «Herritar gisa, norbanako gisa eta kolektiboki, behar ditugu gure ohiturak aldatu, euskararen erabilera normalizatzeko. Konplexurik gabe, pentsatu gabe errespetu falta dela. Hori da eguneroko eginkizuna», adierazi du. Tokian-tokian, errealitate linguistikoa desberdina dela aipatu du: eremu euskaldunetan erabilerarekin «zinezko erronka» bat badela uste du. Haatik, Lapurdi kostaldean da jende gehien bizi, eta hor euskararen ezagutza eta ulermena txikiak dira. Onartu du «zailagoa» izan daitekeela.

Baina Euskaraldia «tresna» bat dela dio, errealitate desberdinetan desberdinki bizi dena. «Baionan, euskaltzaleak eta euskaldunak trinkotzeko eta saretzeko izanen da. Beste eremu batean, sarea bada, baina erabileraren inguruko beharrak ez dira identifikatuak. Beste herri batean, bestelako pausoak izanen dira», esplikatu du.

Herri batzordeak

Maiatz bukaeran hasi ziren Ziburuko (Lapurdi) herri batzordea osatzeko bilkurak egiten, udaberriko lehen konfinamendua bukatu berritan. 113 izen emate lortu dituzte, orain dela bi urte baino pixka bat gutxiago. Baina, egoera ikusita, «pozik» direla aitortu du Fanny Lascubek. «Irailean hasi ginen berriz gure artean biltzen, baina denbora joan ahala egoera okertu da, eta bigarren konfinamendua iritsi da». Komunikazio guzia sare sozialen bidez egin dute, irudimena erabiliz: «Gaur egun, denek dugu telefono bat, baina ez badugu jendea bisean bis, ez du deus ikustekorik. Zailtasuna hor da, berriz dinamika hori lortzeko».

Hala ere, «kontent» da, dinamika bat abiatu eta ikusgarritasuna lortu dutelako. Herrian euskaldun «franko» badela uste du, baina oraindik «aurreiritzi eta blokeatze» anitz badela iruditzen zaio. «Biziki erraza da Ziburun frantses hutsean bizitzea, euskaraz hitzik egin eta entzun gabe».

Honela laburbildu du bere herriko egoera Lascubek: «Orain arte ez da deus egina izan. Ez da nehoiz hizkuntza politikarik aipatua ere izan. Bizitza publikoan euskara ez zen ikusten». Ondorioz, duela bi urte ez zuen kasik oihartzun publikorik izan Euskaraldiak; «ez zen komunikatu». Baina ekainean, ezkertiar eta abertzaleek babestutako herritar zerrenda gailendu, eta aldaketa gertatu zen herriko etxean. «Gauzak txikiak egin dira, baina guretzat handiak, zerotik abiatzen ginelako». Komunikazio elebiduna abiatu dute ekitaldi publikoetarako, argazki ofiziala atera dute Euskaraldiari babesa erakusteko... Halaber, publiko bat ere ikusten du, gurasoen erdiak baino gehiagok haurra sail elebidunean duela azpimarratuta. «Pentsatzen dut jarraituko dutela ekimena, interesaren aldetik, nahiz eta izena ez eman. Jendeak aipatzen du, eta galderak egiten ditu; aitzinamendu bat da. Uste dut hori lortu dugula».

Duela bi urte ez zen herri batzorderik izan Baigorrin (Nafarroa Behera), baina jende talde bat osatu zen antolakuntzan aritzeko; aurtengoak bultzada berri bat eman die, eta taldea osatzea lortu dute. «Aurkezpen bilkura bat egin genuen; jendeak ulertu zuen zer zen Euskaraldia, eta orain, gogoetatu behar dugu zer egin euskarari buruz», esplikatu du Maddalen Dupuy taldeko kideak. Oraindik hastapenetan direla erran du. Funtsean, Euskaraldia «aitzakia» gisa ikusten dute; ekimena bera bultzatzeko baino gehiago, herrian euskara talde bat osatu eta ekitaldiak antolatzen hasteko. «Goxo da; ez gara bakarrik sentitzen». Biziki adin desberdinekoak biltzen direla erran du, eta hori ere interesgarria dela.

Barnealdeko lurraldea «oro har» euskalduna dela uste du Dupuyk. «Herrian mintzatzen da, baina batzuetan, nahiz euskara jakin, ez gara ausartzen erabiltzen. Ohartzen gira euskaldunen artean lehen hitza frantsesez dugula, ondokoak ez baitaki, eta, beraz, plegatzen gara». Erraztasunak bultzatzen du hori, haren ustez. «Baigorrin jende anitzek daki euskara, baina ez du kontzientziarik». Duela bi urte baino babes gehiago eman die herriko etxeak aurten, eta ariguneen zerrenda lantzeak ere onurak ekarri dizkie: «Biziki harrera ona izan dugu komertzioengandik. Parada bat da jendearengana joateko, eta parada da euskara aipatzeko. Alde horretatik, biziki baikorra da».

2021ari begira

Euskal Konfederazioan gogoeta bat abiatua dute 2021ari begira, konfinamendutik ateratzean ea zer aukera den. «Bada segida hori gogoetatzekoa», azaldu du Laedjusanek. «Eta, bereziki, herri batzordeen dinamizazio lan hori, hutsunerik izan ez dadin, ondoko Euskaraldirako herririk galdu ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.