'Brexit'-erako akordioa. Eztabaida politikoa

May: «Ez dut akordioa berriz negoziatuko, ezta 50. artikulua luzatuko ere»

Erresuma Batuko lehen ministroaren iritziz, 'brexit'-aren itunaren aurka egiteak «ziurgabetasuna» eragingo du. Corbynek «B plana» eskatu du
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, akordioaren berri ematen, herenegun, Bruselan.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, akordioaren berri ematen, herenegun, Bruselan. JULIEN WARNAND / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 27
Komunen Ganberako atzoko saioan agerian geratu zen, berriz ere, brexit-aren inguruko egoera desegonkorra dela, eta ezer aurreikustea ia ezinezkoa dela. Izan ere, auziaren inguruko bi jarrerek talka egin zuten: batetik, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak EB Europako Batasunarekin adosturiko akordioa bere horretan defendatu zuen; bestetik, ganberako diputatuek, tartean haren alderdikoak, gogor kritikatu zuten ituna, eta gobernuburuari ohartarazi testuak ez duela etorkizun oparorik izango. Ordezkaritza duten alderdietako diputatuen iritziak banan-banan entzuten ari zela, Mayk ia ordu eta erdi itxaron behar izan zuen bere aldeko iritzi bat entzuteko; hori ere, kostata. Baina azken asteotako gertakariek erakutsi dute Mayk baduela bizirik irauteko gaitasuna —heldu den hilabeteko bozketa erabakigarriaren zain—, eta, horretaz jakitun, ziur agertu zen diputatuen aurrean: «Ez dut akordioa berriz negoziatuko, ezta 50. artikulua luzatu ere». Bigarren galdeketa ere baztertu zuen.

Konfiantzaz beteriko adierazpen horrek, ordea, ez zuen eragotzi atzokoa Mayren aspaldidaniko agerraldirik okerrena izatea. Erresuma Batuko lehen ministroak badaki zail duela Komunen Ganberaren babesa lortzea, gaur-gaurkoz, alderdiek adierazitakoaren arabera, ez lituzkeelako aldeko behar adina boto. Horregatik, badirudi estrategia aldatzea erabaki duela: herenegun, «britainiar herriari» idatziriko eskutitz bat zabaldu zuen, herritarrak konbentzitzeko Bruselarekin adosturiko ituna «egokia» dela, eta ondoren horiek, gizarte gisa, diputatuei presio egiteko; «interes nazionalerako akordiorik onena da», egun horretan adierazi zuenez. Estrategia horretan jarri du, beraz, asteon abiatuko duen bira: Ingalaterran, Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan izango da, herritarrak bere alde jar daitezen.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea antzera mintzatu zen herenegun, eta presio egin zien Erresuma Batuko ganberako ordezkariei: «Hau da adostu daitekeen akordio bakarra». Bi agintarien ohartarazpen horiek, ordea, bide motza egin dute. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagia gogor mintzatu zitzaion Erresuma Batuko lehen ministroari, eta jakinarazi zion «beharrezkoa» dela alternatibaren bat izatea: «Akordioak ez du ez ganbera honen eta ez herrialdearen babesik. Akordiorik ezaren testuinguruarekin mehatxu egin beharrean, lehen ministroak B plan bat prestatu behar du, karguan haren aurrekoek egin ez dutena».

Gomendio hori Erresuma Batuko lehen ministroaren adierazpen baten ostean egin zuen Corbynek; Mayren iritziz, itunaren kontra bozkatzeak «ziurgabetasuna eta zatiketa» eragingo ditu Erresuma Batuan.

'Brexit' leuna

Bien bitartean, Komunen Ganberako diputatuen artean brexit leun baterako ideia lehenesten ari da. Errealitate hori agerian geratu zen Arlene Foster DUP Alderdi Demokrata Unionistako buruzagiak iragan larunbatean The Times egunkariari emandako elkarrizketan: «Berdin zait etorkizuneko harremana nolakoa den, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean mugarik sortzen ez duen bitartean».

Onespenerako atea itxita dago

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna