Katalunia. Diada. ANALISIA

Estrategiaren eztabaida gaiztotua

Martxelo Otamendi -

2018ko irailak 12
Paperak alderantziz ari dira jokatzen azkenaldian Kataluniako independentzia bilatzen duten hiru familia politikoetatik bi: PDeCAT eta Esquerra. Ez da berria paper trukaketa hori, baina oso grafikoa izan zen atzoko Diadan Casanovari egiten dioten urteroko lore eskaintzan alderdi bakoitzak erakutsi zuen irudia.

Oraintsu arte CiUkoak ziren formaren zaintzaile gorenak, sekula protokolo estutik ateratzen ez zirenak. Eta ERCkoak erreibindikatiboak, seriotasun instituzionala terminoa hiztegian ez zeukatenak eta zarata sortzaileak. Ez, ordea, aurten. ERCkoek, orain arte ez bezala, serio egin zuten lore eskaintza, zurrun, eta inolako propaganda euskarririk erakutsi gabe. CiU ohikoek bederatzi euskarri eta beste horrenbeste senyera eraman zituzten; Askatasunean bizi al gara? eta Askatasuna preso eta erbesteratu politikoentzat.

Atzo bertan, lore eskaintza bukatu eta hiru ordutara prentsaurrekoa eman zuten elkarrekin Torra presidenteak eta Maragall Kanpo Arazoetako kontseilariak atzerriko komunikabideentzat, alegia, Pirinioetatik gorako komunikabideentzat. Hantxe zeuden Europako komunikabide nagusiak, eta infiltratu bat. Bi familien arteko desberdintasunak kanpoko komunikabideenganaino iritsita zeudela jakitun, Palauko komunikazio arduradunen helburu nagusia izan zen puntu hori ez izatea zentrala prentsaurrekoan. Galdera nagusiak Torra presidentearentzat izan arren, Maragallek ez zuen aukerarik galdu behin eta berriro bere nagusiaren mezuari ñabardurak egiteko, aretoan zeuden komunikazio estrategen haserrerako. Torrak, aurreko asteotan ez bezala, mezu neurtuak eman zituen, debekuek, kolpeek, kartzelak eta erbesteak dakarten injustizian zentratuta. Etorkizunaz galdetuta, Torrak herritarrek emango dioten aginduaz erantzun zuen; Maragallek, aitzitik, irteera elkarrizketatuaren bidea hobetsi zuen, agerian utzita bi familien arteko dibortzio estrategikoa.

Nola sortu da arrakala hau orain arteko bidea elkarrekin egin duten familien artean? Kartzela eta exilioa dira giltzak gertatzen ari dena ulertzeko, hauteskunde lehiarekin gatzozpindua. Sekulakoa da, ERCren kasuan nabarmenago PDeCATen kasuan baino, hilabete batzuk barru Madrilgo Gorenean prozesuko auzipetuen aurka egingo den epaiketaren eragin zatitzailea. Ahaztu gabe ondoren Auzitegi Nazionalean eta Bartzelonako Lurralde Auzitegian egingo direnak. Zer esan nahi zuten astelehen gauean Borneko ekitaldi instituzionalean, erakunde eta alderdi nagusietako buruak bertan zirela, oihu nagusia izan zen Ni un pas enrere (ezta pausu bat ere atzera) oihukatu zutenek? Noren helbidea darama idatzita abisu horrek?

Epaiketak begi-bistan, PDeCATen ildo nagusia da prozesuarekin aurrera segitu behar den jarrera. Bat egiten du CUPek ideia horrekin, hau da, Espainiako Justiziak ezin dituela ez prozesuaren egutegia, ez erritmoa baldintzatu. ERCko buruan uste dute aldebakarreko prozesuarekin segitzeak kalte egingo diela Gorenean epaituko dituztenei, eta fiskalen eta zigor aretoko magistratuen jarrera aldatzeko ezinbestekoa dela tonua jaitsi eta erregistroa aldatzea: enfrentamendutik, Madrildik bidaltzen dizkieten elkarrizketa keinuak onartzera pasatu beharra dagoela. Zer argudiok zuritzen du estrategi aldaketa hori? Ezin dela alde bakarreko independentzia prozesua abiatu bakarrik botoen %47rekin. Hori da ERCkoek estrategia aldaketa eraiki duten hilabete hauetan maizen erabili duten argudioa. Esanguratsua bezain kezkagarria Tardak duela astebete «ergela» deitu izana %47rekin alde bakarreko independentzia proposatzen dutenei.

Bi familia horien arteko su gurutzatuak estrategia defizit bat ezkutatzen du, inork ez duela mahai gainean jartzen prozesuaren aldeko babesa %47an barik %60ren inguruan iraunkorki finkatzea. Eta hor dago irtenbidea, Europak orain arte baino zailagoa edukiko duelako beste aldera begiratzea.

Bien bitartean, urazpiko elkarrizketetan, estrategia aldaketaren ordain, presoak behin-behinean kalera ateratzea eskatu diete Palautik Madrilgo San Bernardo kaleko maizter homologoei.

Eskaera horri erantzuna Borrellek eman zion atzo BBCri eskainitako elkarrizketan: «Nik pertsonalki nahiago nuke pertsona horiek behin-behineko askatasunean egotea».

Erantzun dute herritarrek

Elkartasuna baino zerbait gehiago

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna