Madrilek ez du 'soilik baietz da baietz' legea egokituko

Eskatu du itxaroteko Fiskaltzak eta botere judizialak legearen irakurketa egin arte. Urkulluk «premiaz» erantzutera deitu du

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Itsaso Jauregi- Gurutze Izagirre Intxauspe
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Soilik baietz da baietz legearen interpretazioak ireki du sexu erasoengatik espetxeratutakoen zigorrak berrikusteko aukera, eta zenbait epailek zigorrak murriztu dituzte. Beste zenbaitek, ez. Eztabaida ireki da, eta bi korronte nagusitu dira. Batzuek diote legea erreformatu behar dela; besteek, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Fiskaltzak gaiaz ezartzen dituzten irizpideen zain geratu behar dela. Bigarren hautuaren alde egin du, Espainiako Gobernuaren izenean, Victoria Rosell indarkeria matxistaren kontrako gobernuko ordezkariak, eta legea defendatu du. «Uste dugu akats judizialak egon direla legearen interpretazio azkarregi baten ondorioz, ez delako legea patxadaz eta gogoetatuta irakurri». Atea itxi dio legearen erreforma bati: «Utz diezaiegun hitz egiten fiskaltzari eta botere judizialari». Horixe da gaur-gaurkoz Madrilgo gobernuak auzi honen inguruan hartu duen jokabidea.

Bateratu edo aldatu

Hizpide izan du gaia Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak; «premiaz» deitu du doktrina ezartzera edo legea egokitzera, sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez. Legearen helburua emakumeei babes handiagoa ematea dela adierazi du: «Argi dago sortu diren arazoak nahi gabekoak direla». Horregatik deitu du «premiaz» doktrina bateratzera, legea aldatzera «edo bi alternatibak jorratzera». Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarentzat, «ulertezina» da soilik baietz da baietz legearen onarpenak izan duen «nahigabeko eragina».Tamala erakutsi du «ihesbideak» bilatu direlako zigorrak murrizteko.

Adierazpenok egin zituen atzo indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako baliabideetan egon den aurrerapenaren berri emateko Bilboko Euskalduna jauregian egindako jardunaldi batean. Artolazabalekin batera izan ziren Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria; Ainara Canto EDE Fundazioaren Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduraduna; eta Oihane Zarate eta Naiara Burgoa, Satevi arreta telefonikoaren arduradunak.

Zerbitzu guztien arteko koordinazioa indartu nahi dute, «arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa» lortzeko. Helburua da indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen duten emakumeen arreta hobetzea eta berriro indarkeriaren biktimak izatea saihestea. Kudeaketa integratuko proiektuak hiru fase dituela azaldu dute: lehenengoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lanari dagokio; bigarren fasean, lan eremua beste sail batzuetara zabaltzen da; eta hirugarrenean, beste administrazioetako indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko zerbitzuekin harremana sustatzen da, lankidetzan aritzeko aukera eskainita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.