GAKOAK

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gorabehera ugari izan da egunotan hezkuntzan, koronabirusak ekarritako egoera dela eta. Hona gako nagusiak:

Irakasleen ordezkapenak egiten ari dira? Ikasleak etxean egon arren, lanean ari dira irakasleak: Internetez edo telefonoz jarraipena egiten, lanak bidaltzen eta zuzentzen... Zer gertatzen da gaixotzen badira? Sindikatuek salatu dute ez dituztela irakasleak ordezkatu. Eusko Jaurlaritzari egotzi diote, adibidez, horrela jokatzea.

Matrikulazio prozesuak zertan daude? Etenda. Administrazioko prozedurak gelditu izanak eragina izan du hezkuntzako matrikulazio prozesuan ere.

Zer gertatuko da zerbitzuen kuotekin? Ordaindu beharreko zerbitzuetako kuotak bertan behera uzten ari dira; esate baterako, Haurreskolak partzuergoak jakinarazi du ez dituela kobratuko zerbitzurik ematen ez duen egunetako kuotak—eskolak itxita daude—.

Nolakoa izango da ebaluazioa? Zehazteko dago. Itxialdia zenbat luzatzen den, hein batean horren araberakoa izango da ebaluatzeko modua. Gobernuek ez dute agindurik eman. Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak iragarri du, «malgutu» egin beharko dela.

Zertan daude azterketa orokorrak? Egiteko asmoa dute. Hegoaldean, selektibitatea dute Batxilergoa amaitu dutenek: EHUn, uztailaren 6an, 7an eta 8an; NUPen, ez dute eguna jarri. Iparraldean, brebeta ekainaren 29an eta 30ean zuten, eta baxoa, hilaren 17tik 24ra. Ez dituzte egingo: ikasturteko kalifikazioak erabiliko dituzte.

Ebaluazio diagnostikoak? Bertan behera utzi dituzte diagnosia egiteko ebaluazio probak.

Hezkuntzako lan eskaintzak egingo dira? Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ekainean zituzten egitekoak irakasletarako oposizioak. 2021era atzeratzea erabaki du Nafarroak. Jaurlaritzak ez du erabakirik jakinarazi oraingoz; atzeratzeko eskatu diote sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.