Albistea entzun

Frantziako Auzitegi Konstituzionala, erretretaren erreforma geratzeko beste aukera

<b>Macronen aurka.</b> Frantziako presidentearen aurkako afixak ugaritzen ari dira.
Macronen aurka. Frantziako presidentearen aurkako afixak ugaritzen ari dira. PATXI BELTZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 29

Emmanuel Macronek protesten aurrean makurtzen ez bada —eta ez dauka itxurarik—, bide bakar bat geratzen zaie erretretaren erreformaren aurkakoei: Frantziako Kontseilu Konstituzionalak lege osoa edo zati bat baliogabetzea. Apirilaren 20ra arteko epea du erabaki bat hartzeko.

Erretretaren erreformaren legegaiaren aurkako hiru zentsura mozio jarri ditu oposizioak. Bana aurkeztu dituzte Frantziako Asanbleako Nupes ezkerreko koalizioko diputatuek eta RN Batasun Nazionalekoek, eta hirugarrena ezkerreko senatariek. Lehen bien argudio nagusia proze- durari buruzkoa da. Izan ere, Frantziako Gobernuak ez zuen erreforma legegai arrunt baten gisara aurkeztu, baizik eta Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa, Konstituzioaren 47.1 artikuluak ematen duen aukera baliatuta.

Teknizismo bat dirudi, baina ez da erabat hala. Lege proiektuek prozedura luzea dute parlamentuan, baina 47.1 artikuluak eztabaida 50 egunera mugatzeko aukera ematen du; epe hori igarota, parlamentariek legea bozkatu ez badute, gobernuak aukera du dekretu bidez onartzeko edo, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuz, legegaia bozketarik gabe onartzeko eta trukean zentsura mozioak jasateko. Azken hori gertatu zen, testua LR Errepublikanoak alderdiarekin negoziatu arren, eskuineko diputatu asko ez zeudelako prest erreformaren alde bozkatzeko.

Helegiteek gogorarazi dutenez, 47.1 artikulua presazko finantzaketa beharra onartzeko pentsatuta dago eta ez, pentsioekin gertatu bezala, epe luzeko auzi bat finkatzeko.

Nupesen eta RNren helegiteen beste argudio komun bat ere prozedurari buruzkoa da. Salatu dutenez, Gizarte Segurantzaren finantzaketarekin inolako zerikusia ez duten artikuluak ditu proiektuak, hala nola enpresa handiek adineko langileen erregistro bat eduki behar izatea eta adineko langileentzat kontratu berezi bat sortzea.

Azken kexua politikoagoa da: gobernuak «zintzoa ez zen informazioa» zabaldu zuela. Esaterako, gutxieneko pentsioa 1.200 eurorena izango zela.

Ezkerreko senatarien helegitearen tesi nagusia da gobernuak hainbat prozedura tresna pilatu zituela «parlamentua legea onartzera behartzeko». Izan ere, 49.1 eta 47.1 artikuluak ez ezik, Konstituzioaren 44. artikulua eta Senatuko beste hiru ere erabili zituen gobernuak prozedura bizkortzeko.

Hiru aukera ditu Kontseilu Konstituzionalak. Lehenengoa da helegiteak atzera botatzea. Kasu horretan, erreforma izenpetuko luke Macronek, eta irailaren 1ean jarriko litzateke, data hori aipatzen baitu legeak.

Bigarren aukera da lege osoa baliogabetzea. Egoera horretan Macronek erabaki beharko luke berriro gaiari heldu nahi dion, ala beste erreforma bat negoziatzen saiatzen den.

Azkenik, Konstituzionalak erabaki dezake artikulu batzuk soilik bertan behera uztea. Horrek bi aukera emango lizkioke presidenteari: indarrean jartzea artikulu horiek gabe edo artikulu horiek negoziatzea.

1959az geroztik, 744 lege aztertu ditu Konstituzionalak, eta horietatik hamazazpi baliogabetu ditu osoki, eta horietatik zortzi prozedura kontuengatik.

Fabius, Juppe eta besteak

Kontseilu Konstituzionalak bederatzi kide ditu; horietatik bost dira politikoak eta beste laurak, berriz, goi funtzionarioak. Politikarien artean bi izen nabarmentzen dira: Laurent Fabius eta Alain Juppe. Fabius lehen ministro izan zen (1984-1986) François Mitterrand presidente zela, eta François Hollande alderdikideak hautatu zuen Kontseilu Konstituzionaleko presidente, 2016an. Alain Juppe, berriz, Jacques Chiracekin izan zen gobernuburu (1995-1997) eta Bordeleko auzapez ondoren (2006-2019).

Haiekin batera, Macronekin ministro izandako bi —Jacques Mezard eta Jacqueline Gourault— eta François Pillet eskuineko senatari ohia esertzen dira Kontseiluan.

Beste herrialde batzuetan bezala, botere politikoak hautatutako kideak ditu Kontseilu Konstituzionalak. Errepublikako lehendakariak eta Asanbleako eta Senatuko presidenteek izendatzen dituzte kideak, baina Asanbleako lege konstituzionalen batzordeak atzera bota ditzake hautagaiak, botoen %60 bilduz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. ©BERRIA

Onnera Groupek lantegi berria zabalduko du Oñatin, 17 milioi euroko inbertsioa eginda

Aitor Biain

Garbigailu industrialak fabrikatuko dituzte, egungo ekoizpen gaitasuna handituta. Kooperatibak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz: 380 milioi euro denera.

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Iker Aranburu

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 ©Joxean Apeztegia

Enpleguak indarrez egin du gora maiatzean: 8.000 kotizatzaile gehiago

Iker Aranburu

Hego Euskal Herrian, apirilean baino 1.558 langabe gutxiago zeuden. Hirugarren hilabetez jarraian marka hautsi du afiliatuen kopuruak, eta dagoeneko 1,3 milioitik gora dira.

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...