KRITIKA. Opera

Ekimen laudagarria

2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

'L'Orfeo'

Konpositorea: Claudio Giovanni Monteverdi. Interpreteak: Jonathan McGovern, Marysol Schalit, Jose Manuel Zapata, Alicia Amo, Ismael Arroniz, Anna Alas i Jove eta Jose Manuel Diaz. Musika zuzendaria: Karel Valter. Eszena zuzendaria: Barbara Horakova Joly. Orkestra: Sevillako Orkestra Barrokoa. Abesbatza: San Juan Bautista gazte abesbatza. Ekoizpena: Arriaga antzokia. Lekua: Arriaga antzokia, Bilbo. Eguna: maiatzak 5.

Beste hainbatetan aipatu izan ditugu Arriaga antzokiak musika barrokoaren alde egiten dituen ekimenak. Oraingoan, baina, haren ausardiak urrats bat gehiago egin du ekoizpenaren arriskuan murgilduta. Arriskua hartzea baita operaren sorrerara abiatzea egungo publiko heterogeneoari ekartzeko, jende guztiak ez baititu ezagutzen Monteverdik operaren historiari egindako ekarpenak.

Cremonako konpositore handiak primeran nahastu zituen pertsonaien gizaki izaera dramatizatuak abesbatzaren kantu eta dantzekin, eta horiek, halaber, solo, aiene eta madrigalekin —azken horiek garaiko inteligentsia minoritarioaren genero hutsa ziren—. Baina oso zaila da gaur egun ia bi orduz Errenazimenduko poema musikatuak entzutea, ariosi errezitatiboekin lotuak, beste pizgarririk gabe. Zailtasun hori leuntzeko asmotan aritu ziren Sevillako Orkestra Barrokoko musikari adituak, bikain, baita bertako San Juan Bautista abesbatzako abeslari-dantzariak ere, oso ondo.

Aldiz, eztabaidagarriago izan zen eszena zuzendariaren lana. Zuzena da Errenazimenduko musikaren balizko astuntasuna leuntzeko Barbara Horakovakek eta eszenografoak izan zuten asmoa, hots, eszena tramankuluz betetzea eta koruko kideen mugimendu bertikalak —mekanotubotik gora eta behera— eta horizontalak bultzatzea. Ordea, Orfeoren mitoa gizaki mito bat da, eta Montervedik musikariaren izaera erantsi zion bere dimentsioa areagotzeko. Tubodun dorre ilun eta haragigabeak ez dira estetikoki bateragarriak Orfeoren drama iradokitzeko, hain dotorea den musikarekin alderatzen badugu.

Bestetik, gehiegikeria bat izan zen orkestra finaren doinuak estaltzea DJak bere mahaitik sortzen zuen soinu estridentearekin, baita mekanotuboak burdinekin kolpatzea ere, eta hasierako eztei festan gaur egungo hainbat gaztek egiten dituzten bakanal-despedidako oihu mozkortiak.

Beste aldean, Sevillako Orkestra Barrokoak, 26 musikariz osatua, joaldi ezin hobea eman zuen, garaian garaiko instrumentu fin eta afinatuak antzokiaren akustika lehorrarekin lagunduta. Karel Valter zuzendariak entrega osoz eta jakinduriaz kontzertatu zituen bakarlariak, abesbatza eta orkestra. Haren eskutik, Monteverdiren musika-genero eta giro desberdinak erraztasunez haizeratu ziren, tinbre atseginez: baxu jarraituak, dantzak, ritornelloedo errepikatzeak, Florentziako errezitatiboak edo errezitatibo secco-k, bai sinfonian, bai tocatta-n dramaren narrazioaren kargu eginez.

Abeslariek inpostatu gabeko kantaldi zuzenak egin zituzten, apaindurak eta tremoloak erabilita. Guztien gainetik, Jonathan McGovern nabarmendu zen, Orfeoren rolean. Baritonoak atsedenik eta akatsik gabeko kantaldia egin zuen opera osoan: ariosiak, aieneak, canzone-ak... Hura laguntzen Marysol Schalit sopranoa, Jose Manuel Zapata tenorra eta Anna Alas I Jove sopranoa aritu ziren; oso ondo abestu eta taularatu zuten obra. Era berean, Basilio Astulezen zuzendaritzapean, ederki abestu zuten San Juan Bautista abesbatzako hamar gizonek eta hamabi emakumeek, baita ondo dantzatu ere, zuzen egokitutako koreografia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.