«Maitaldia dantza estilo guzien topagune izatea nahiko genuke»

maddi ane txoperena iribarren
Miarritze
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Irailaren 12tik 21era iraganen da Maitaldia dantza jaialdia, Miarritzen. Thierry Malandain jaialdiko zuzendari izan zen 2000 eta 2004 artean, eta, 2009. urteaz geroztik, berriz ari da «lan zail» horretan.

Zer moduzko esperientzia da Maitaldiko zuzendari izatea?

Interesgarria da, baina zaila. Alde batetik, lan handia da: horregatik utzi nuen 2004an. Izan ere, konpainia askok etorri nahi dute Maitaldira, eta egunero jasotzen ditut mezuak. Gainera, lagunak ditut gonbidapenak bidaltzen dituzten horietariko anitz; nire lanbide bereko jendea da. Eta bizitza errealean, batzuetan, haiekin elkartzen naiz. Harreman hori zaila da, eta horregatik utzi nuen lehendabiziko aldian. Miarritzeko auzapezak nahi izan zuen berriz has nendin, eta horregatik nago hemen, baina distantzia moduko bat jartzen saiatzen naiz.

Nola hautatzen dituzue taldeak?

Festibala beti egon da dantza mota guziei irekia. Gaur egun, dantza oso eremu zabala da: dantzatzen direnak daude, dantzatzen ez direnak, bideo irudiak erabiltzen dituztenak, digitala, musika bai, musika ez, ahotsa bai, ahotsa ez, testua bai, testua ez... Diziplinak ere ugariak dira: flamenkoa, hip hopa, jazza, klasikoa... Maitaldia dantza estilo guzien topagune izatea nahiko genuke, publikoak denetik pixka bat ikusi ahal izan dezan. Estilo bakoitzetik onena agian ez, baina saiatzen naiz interesgarriena iruditzen zaidana hartzen, eta, bereziki, baita aurrekontuaren barnean sartzen dena ere. Aldi berean, Akitanian lan egiten duten konpainiak, mugaz gaindiko konpainiak, Frantziakoak eta nazioartekoak ekartzen saiatzen gara.

Zein da festibalaren helburua?

Gaur egun, publikoak itxaroten duen momentu bat da. Publikoa oso zabala da: badira oporretan nahita Maitaldi garaian etortzen direnak ere. Miarritze, gaur egun, dantzaren hiri gisa ezagutua da: alde batetik, balletaren presentziagatik; eta, bestalde, Maitaldiagatik. Lehiaketa anitz ere badira, eskola anitz... Urtea hasteko garai garrantzitsua da jaialdia.

Aurten zein berezitasun egonen da egitarauan?

Arlo bakoitzean badira emanaldi interesgarriak. Nantesko koreografia zentroko konpainia bat dago, Claude Brumachonek asmatutako sorkuntza bat lehen aldiz Miarritzen emanen duena. Guretzat interesgarria da, prentsa nazionala etorriko baita emanaldia ikusi eta kritika egitera. Bertze ikuskizun nahiko mediatiko bat Marie-Claude Pietragallarena da: sarrerak amaituta daude jada. Ikus-entzunekoak erabiliz egiten du ikuskizuna Pietragallak.

Karrikara ere zabalduko duzue?

Emanaldi anitz antzokietan dira: Midiko geltokian, Koliseoan eta Kasinoan. Baina bertze anitz kanpoan iraganen dira: Lorategi Publikoan, karrikan, hondartzan... Asmoa da gela barruetan emanaldiak egitea, baina dirurik ez duena ere edo bertze jende guzia baliatu ahal izatea dantzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.