Literatura. 'Hotsa eta ardaila'

Bizitzaren narratzaile

Idazlea: William Faulkner. Itzultzailea: Asun Garikano. Argitaletxea: Elkar.

Joannes Jauregi -

2018ko martxoak 11
Ausarkeria litzateke zutabe xume batzuetan Hotsa eta ardaila-ren kritika bat egin nahi izatea, hitzaren zentzu hertsian bederen, bai eta nobelari buruz aurrez inork esan gabekorik idazten ahalegintzea ere. Hortaz, hala moduzko saiakera baldarrik egin baino, zutabeok Faulknerren maisulanaren inguruko zertzelada batzuk emango dituzte soilik, zeinak halabeharrez motz geratzen baitira, nobela osoa aztertu edo kritikatzeko garaian.

Argumentuaren funtsa soila da, hitz gutxitan laburtzeko modukoa: AEBetako hegoaldeko familia aberats baten gainbehera kontatzen digu nobelak. Haatik, argumentua bigarren mailakoa da guztiz; izan ere, Asun Garikano itzultzaileak hitzaurrean dioenez, «Hotsa eta ardaila-k, istorio baten aurrean baino areago, istorio bat kontatzeko ahaleginaren aurrean jartzen gaitu». Hortaz, nobelaren egiazko funtsa kontaeran datza, kontatzen saiatze horretan, alegia, non Faulknerrek hainbat narratzaile txertatzen dituen, eta, are gehiago, narratzaile bakoitzaren izaerak eta berezitasunek erabat menderatzen duten kontaketa bera, harik eta testua haienera makurtzen duten arte. Horren adibidea da lehen narratzailea, Benjy, zeinak urritasun mental larri bat baitu. Benjyk inguruan gertatzen zaiona kontatzen du, ingurukoek esan eta egiten dutena, baina ez du ezer ulertzen, ez dauka interpretazio pertsonalaren iragazkirik. Lekuko erabat objektiboa da; hainbesteraino, ezen askotan kosta egiten baita zer gertatzen ari den jakitea. Benjy da ziurrenik Faulknerren pertsonaiarik ezagunena; hain zuzen, Joseba Sarrionandiaren Narrazioak-en bada ipuin bat —Mezurik gabeko heriotza— Benjyren tankerako narratzaile batek kontatua.

Hurrengo narratzaileen kontaera nolabait leunduz doa, Benjyren barne bakarrizketaren gandua desagertu ahala, harik eta, laugarren zatian, hirugarren pertsonako kontaera aski arrunt eta neutro batera iritsi arte. Halarik ere, amaiera aldera iristerako, ohartzen gara lanbroak ez zigula ikusmena guztiz galarazten, eta aurreko kontaera kaotikoen azpian ere bereizten genuela, sumatzen behintzat, gerora argitara datorrena.

Narratzaile bakoitzaren idiosinkrasiaz gain, denboraren haustura da nobelaren beste bereizgarri bat, zeinak are gehiago zailtzen duen irakurlearen lana. Lerro kronologikoan atzera eta aurrera egiten dugu etengabe, oroitzapenak, gertakariak eta ameskeriak narratzaileen kontzientzia jario berean urtzen diren bitartean, harik eta askotan ezin bereiz ditzakegun arte errealitatea eta ameskeria, benetan gertatuak eta eldarnio hutsetik jaioak, oro hots eta ardaila.

Nobelaren izenburua Shakespeareren Macbeth antzezlaneko bakarrizketa batetik hartua dago. Macbeth pertsonaiak berak esana da, emaztea hil berri duela eta erabateko porrotetik gertu, eta hark ere, Faulknerrek bezala, hiru denborak nahasten ditu monologoan: hasieran, Macbethek tomorrow hitza hiru bider errepikatzen du; hurrengo lerroan, tomorrow hori today-rekin josten du; bukaeran, yesterday hitzak garamatza gizakiok heriotzara. Shakespeareren monologoaren amaieran, Macbethek zera gogorarazten digu, Garikanok berak hitzaurrean itzuli duen bezala: «[bizitza] idiota batek kontatutako istorioa da, hots eta ardailaz betea, esanahirik gabea». Eta Benjy da, agian, bizitzaren narratzailea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna