Kataluniako prozesu subiranista. Manifestazioa

Amore emateko asmorik gabe

Dozenaka mila pertsona atera dira kalera Bartzelonan, epaiketaren aurka protesta egiteko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Torrak «askatasunaz» hitz egitera deitu du Madril
Milaka lagun elkartu ziren atzo Bartzelonako kaleetan.
Milaka lagun elkartu ziren atzo Bartzelonako kaleetan. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Igor Susaeta - Berriemaile berezia

2019ko otsailak 17
Dela PPren gobernuarekin, dela PSOErenarekin, Kataluniako independentistak, hango herritarren erdiak gutxi gorabehera, Espainiako Estatuaren errepresio politikoa, judiziala eta poliziala jasaten ari dira, modu batean edo bestean, 2017ko irailetik. Baina eskubide legitimo bat —autodeterminazioarena— gauzatu arte, ez dute amore emateko asmorik; nahiz eta hori praktikara eramaten ahalegintzeagatik hainbat urterako kartzelatuak izateko bidean, arriskuan dauden bederatzi buruzagi subiranista. Horien aurka Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketa dela-eta protesta egiteko, eta herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, dozenaka mila lagun atera ziren kalera atzo Bartzelonan milioi erdi lagun inguru, antolatzaileen esanetan; 200.000, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, eta Gran Viak gainezka egin zuen L'autodeterminació no es delicte (Autodeterminazioa ez da delitu) lelopean egindako manifestazioaren ondorioz. «Jende baketsua garela erakutsi dugu, eta ez gara mobilizatzeaz nekatuko», nabarmendu zuen, mobilizazioaren amaieran, Dolors Bassa auzipetuaren Montse ahizpak.

Antolatzaileek, eta alderdi eta elkarte subiranista nabarmen guztiek Gran Via betetzera deitu zuten, eta, manifestazio bat izan beharrean, elkarretaratze bat izan zen, jendetzaren ondorioz, Espanya eta Universitat plazen arteko ia bi kilometroetan egindakoa. Gran Viara bertara iristeko sarbideak ere kolapsatu egin ziren, ipar zein hego. Estualdiak eta mugitzeko zailtasunak gorabehera, bildutakoek ez zuten kontrola galdu, eta, kantuan eta umore onez, esteladak eta beste bandera aldarrikatzaile batzuk astinduz parte hartu zuten mobilizazioan, protestarako arrazoiek horretarako motiborik apenas ematen duten arren. Horren harira, ikustekoa izan zen, adibidez, Eduard Pujol JxC Junts Per Catalunyako diputatuak nola egin zuen aurrera jendetzaren artean sortutako ilara inprobisatuan.

Manifestazioa hastear zegoela, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea mintzatu zen hedabideen aurrean. Azpimarratu zuen autodeterminazioa ez dela «baimen bat», baizik eta «eskubide bat». Pedro Sanchez Espainiako presidenteari esan zion «entzun dezala herri katalanaren oihua», eta elkarrizketarako deia egin zion. «Eseri, eta askatasunaz hitz egin nahi dugu».

Manifestazioan parte hartu zuten zenbaitzuentzat, dena dela, agintari subiranistak «kakati» batzuk izan dira. Bernatentzat eta Davidentzat, adibidez. 2017ko aldebakarreko independentzia deklarazioa zuten gogoan. «Hurrengo hauteskundeetan ez dakigu botoa nori eman», adierazi zuten, umorez.

Laiarentzat, Josepentzat, Mireyarentzat eta Ricardentzat ere, aldebakarreko deklarazio hura «aukera galdu bat» izan zen. «Aurrera egiteko aukera galdu genuen. Zer egin behar zuten? Gu hiltzera etorri?». Badakite azkeneko urte eta erdian, buruzagiak kartzelatzen hasi zirenetik, atzokoaren antzeko mobilizazio dezente egin direla, eta Madrilek, halere, ez duela jarrera aldatu. «Baina hau da guk daukagun arma: mobilizatzea». Auto bat azkar antzean pasatu zen Diputacio kaletik, eta norbaitek, barrutik, «Viva España! [Gora Espainia]» oihu egin zien manifestaziora zihoazenei. Ricardek erantzun zion oihuari: «Bai! Baina bizi dadila urrun!». Josepentzat, Espainiak «erailez» galdu ditu kolonia guztiak. Espainian PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatu dezaketen eskuin-eskuin muturraren ardatza boterera iritsi eta Katalunian berriro konstituzioaren 155. artikulua ezartzeak ez die loa kentzen. Barrez diote, baina bat datoz Mariano Rajoyk izandako lapsusarekin: «Zenbat eta okerrago, hobeto. Zenbat eta gehiago izorratu, orduan eta independentista gehiago». Jordi Cuixart auzipetuak, Omnium Culturaleko presidenteak, «beldurra galdu dugu» idatzi zuen Twitterren, atzo.

«Atzera-bueltarik ez dago», La Cellera de Terretik (Girona) Bartzelonaraino joandako Nuriarentzat Carles Puigdemonten lehengusina da—, Carmerentzat, Pilarrentzat, Rosarentzat eta Martarentzat. «Gutxiago edo gehiago kostatuko zaigu, baina Espainia gobernaezina izango da auzi hau konpondu arte». Autodeterminazio eskubidearen alde borrokan jarraitzeko, subiranismoak gehiengoari eutsi beharko dio Kataluniako Parlamentuan. «Ez egin dudarik berriro irabaziko genukeela bozak eginez gero. 2017ko abenduaren 21ekoetan segada bat prestatu ziguten, eta gehiengoa atera genuen». Martxoaren 16rako independentismoak Madrilen deitutako elkarretaratzera joatekoak dira, «ilusiorik» egiten ez dien arren. Bide batez, «espainiar demokratei» kalera ateratzeko deia egin zien Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak, atzo. Puigdemonten lehengusina-eta txantxetarako gogoz zeuden. Nabarmendu zutenez, joan den igandean Madrilen bildu ziren «45.000» espainiar unionistek ez bezala, berek ordaindu zuten atzo Girona eta Bartzelona artean egindako autobus bidaiaren txartela. «Ogitartekoa ere geure kontu joan da», bota zuten, txantxa errematatzeko.

«Urrezko arrautzen oiloa»

Independentzia, Preso politikoak, aske, eta Askatasuna izan ziren bestelakoen gainetik nabarmendu ziren oihuak. Eta ez atzera ez aurrera zegoen jendetzaren erdian, gizonezko batek independentismoaren merchandising ofizialekoak ez ziren txapak saltzeko baliatu zuen abagunea. Hari begira zeuden, pareta baten kontra, Maria Dolores, Trini eta Rosa, 70-75 urtekoak, Bellpuig eta Malda (Lleida) herrietakoak. «Toki oso aldapatsua» omen da Malda... «Hil arte» jarraituko dute autodeterminazioa defendatzen. «Urrezko arrautzen oiloa da Katalunia, bai Espainiarentzat, baita Europarentzat ere. Horregatik ez digute uzten».

Bartzelonan atzo egindakoa mobilizazioen «ziklo berri baten barruan» interpretatu behar da, antolatzaileen esanetan. Datorren ostegunerako greba orokorrera deitu du CSC intersindikalak Katalunian, eta eragile subiranista guztiek bat egitera deitu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna