Koronabirusa

ZIUetako egoera orain hilabeteko datuetara itzuli da: 54 paziente daude

Azken bi asteetako positibo tasa inoizko handiena da: bederatzi probatik bat positibo da. 18-29 adin tartekoak txertatzen hasi da Osakidetza

Erizain bat COVID-19a duen gaixo bat zaintzen, Galdakaoko ospitaleko ZIUetan. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko asteetako bidean, izurriaren gorako bideak ez du etenik. Olatuka zenbatzen duten pandemia honek bosgarrena du jada, zenbait adituren ustetan. Eta honek besteekiko berezitasunik baduela ziurtatu dute zenbaitetan: kutsatzeak adin tarterik gazteenetan ugaldu dira nabarmen, eta horrek kezka sor dezake, baina aurreikusi zuten osasun sistemetan ez zuela horrenbesteko eraginik izango. Hala ere, nabarmena ez bada ere, gorakada hor dago; 267 lagun zeuden atzo Osasunbideko eta Osakidetzako ospitaleetan erietxeratuta. Ekainaren hasieratik izandako kopururik handiena da. ZIUetako kopurua da, ordea, alarma handiena piztu dezakeena: izan ere, 54 lagun daude larri, duela hamar egunzeudenak baino 20 gehiago. Ekainaren erdialdetik ZIUetan horrelako datu alturik ez zegoen erietxeetan.

«Egoerarik larrienek eragina izango dute gazteengan ere», aurreikusi zuen joan den astean Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gazteen arteko kutsatzeek ospitaleratzeetan izan duten eraginari buruz galdetu ziotenean. Ospitaleratutakoen adin argirik ez badago ere, kutsatzeen gorakadaren eta ospitaleen betetzeen arteko harremana ondorioztatu daiteke datuetan.

Izan ere, birusa harrotuta dago azken asteotan. Osakidetzak eta Osasunbideak 1.409 positiboren berri eman zuten atzo, duela bi aste eta erdi jakinarazitakoak halako hiru: 479 Bizkaian,399 Nafarroan, 398 Gipuzkoan, eta 112 Araban. Datuak larunbatekoak baino larriagoak badira ere, azkenengo egunetako datuen antzera daude oraindik, kurba epidemiologikoaren goraldian. Eta kutsatze gehienak txertatu gabekoen artean izaten dira, aski gazteak baitira. Atzo Osasunbideak jakinarazitako positiboen %52k 15 eta 29 urte artean zituzten, eta Osakidetzaren %46,3k, 19 eta 39 artean. Horretan eragina izan dute, ezinbestean, zenbait ikastetxetatik egindako ikasturte bukaerako bidaiek: Saloura eta Mallorcara (Herrialde Katalanak) joandako ikasleen artean 1.200 kutsatzetik gora zenbatu dituzte, eta, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak dei egin die toki horietatik edota Benidorm (Herrialde Katalanak) eta Conil de la Fronteratik (Cadiz, Espainia) etorritako 16-20 urte artekoei PCR proba egitera.

Positibo tasa nabarmena da. Azken hamalau egunetako bilakaerak erakusten du hori: egindako test guztien %11,2 positibo izan dira. Alegia, azken bi asteetan egindako bederatzi testetik bat positiboa izan da. Kopuru hori izurrian kutsatzeak erregularki erregistratzen hasi zirenetik jaso den handiena da; pandemiaren bilakaera osoan ez dute horren positibo ehuneko handirik atzeman Osakidetzak eta Osasunbideak. Horren aurretik, azaroaren 6koa zen ehunekorik handiena; bigarren olatu betean %9,58koa zen hamalau eguneko positibotasun tasa.

Gazteak txertatzear

Goraldi betean, eta gazteen egoerak kezkatuta, txertaketan jarri dituzte ahalegin guztiak agintariek. Hain zuzen ere, horrexetan dabil Osasunbidea, 18 urtetik gorako biztanleak jada txertatzen hasi baita: Osakidetza, berriz, gaurtik aurrera hasiko da 16 urtetik gorako biztanleen txertaketa plangintza martxan jartzen.

Adinaren mugarria gurutzatzea aurrerapauso bat bada ere, oraindik bide luzea dute lehen dosia oraintsu hartu duten gazteek: gehienek irailera arte ez baitute bigarren dosirik hartuko, eta horrek egun dagoen kutsatzeen kezka luzarazi dezake udan. Horrez gain, agintariek ohartarazi dute azken bidalketetan txerto dosi gutxiago hel daitezkeela eta horrek eragina izan dezakeela txertaketa erritmoan. Horren adibide dira Jaurlaritzak eman dituen azken datuak: uztailaren 12 eta 18 arteko astean aurrekoan baino %12 txerto gutxiago jarri dira, ekain hasieran baino %21 gutxiago.

Hala ere, txertaketa aurrera doa: uztailaren 16ra arteko datuak aintzat hartuta, Hego Euskal Herrian herritarren %51k jada bi dosiak hartu dituzte, eta %64,4k burutu dute txertaketa prozesu osoa. BERRIAren kalkuluen arabera, abuztuaren erdialdean lortuko da herritarren %70ek bi dosiak hartuak izatea. Adituek argi diote, ordea, horrekin ez dela aski izango izurria kontrolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.