Espainiako inbestidura. Euskal Herria. Josune Gorospe. EAJko diputatua

«Espainian gobernu berria ez egoteagatik denbora galtzen ari gara»

JUANAN RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Abuztuan lan pixka bat egin beharko dutela deritzo Josune Gorospe EAJko diputatuak (Dima, Bizkaia, 1969), nahiz eta dioen Espainiako Gobernua eratzeko erantzukizuna PSOEk eta Unidas Podemosek dutela. Uste du herenegun Pedro Sanchez gobernuburu atera ez izana euskal gaien kalterako ere badela.

EAJ abstenitu egin zen Espainiako Kongresuko bozketan. Zergatik ez zuen eman baiezkoa?

Gu Madrilera ez goaz gobernatzera. Euskadiren eta euskal gizartearen interesak defendatzera goaz gu Madrilera, eta, hori horrela izanda, bagenekien lehenengo adostasuna, adostasun nagusia, PSOEren eta Unidas Podemosen artekoa izan beharko litzatekeela, eta gero haiek beste taldeekin harremanetan hasi beharko ziren, baina ez dute akordiorik lortu, eta EAJk ezin zuen baiezkoa eman Pedro Sanchezen inbestiduran.

Egiteko moduei buruzko kexa azaldu zuen zure alderdikide Aitor Estebanek hitzaldian.

Egiten ari diren politika modu hori EAJk ez du gustukoa. Batetik, eduki aldetik, PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute aurretik programaz hitz egin; izenak ateratzen aritu dira. Atzekoz aurrera egin dute prozesu guztia. Eta, forma aldetik, itxurakerietan ibili dira, hiperkomunikazioan, eta herritarrak nekatu baino ez dituzte egin. Jakiten genuen elkarri zer eskatzen zioten, baina edukiaz ez genekien ezer: ez dugu paper bat ere ikusi programa, helburu eta metodologia aldetik. Zer egiteko ziren eskaera horiek? Falazia bat izan da negoziazio prozesua, eta tamalgarria eta negargarria egindako antzezlana. Gogoeta bat egin beharko lukete haiek. Irailaren 23ra arteko epea dute; bestela, hauteskundeak berriro. Has daitezela negoziatzen, balia dezatela abuztua. Oreka puntu bat bilatu beharko dute, baina ezin da ahaztu beste talde batzuk ere beharko gaituztela eta errespetuz egin beharko dutela lan.

Euskal Herriko «itunerako kultura» laudatu izan da.

Euskadin hainbat erakundetan akordioaren esperientzia zabala dago; urteetan adostasunak lortu izan dira alderdi politikoen artean. Hori guztia eredutzat hartu beharko lukete. Batzuetan, ondo lan egiteko inork ez du jakin behar lanean ari zarenik.

Espainiako geldialdiak zer eragin dauka Euskal Herrian?

Apirilaren 28an izan ziren Espainiako hauteskundeak: hiru hilabete pasatu dira, eta ez dago gobernu berririk; horregatik, denbora galdu da, eta kalte handia egin die Euskadiri eta euskal herritarrei. Geldituta daude Gernikako Estatutuko eskumenen transferentziak, estatu eredua, pentsioak, lan erreforma, industria, ikerkuntza eta garapena, trantsizio ekologikoa, azpiegiturak, Euskadiren presentzia zuzena Europako Batasuneko guneetan... Eskumenen arloan badira hilabete batzuk Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean egutegi bat adostu zutela, baina ez da aurrerapausorik ematen. Denbora galtzen ari gara azpiegituretan ere adostutako zenbait kontutan. Guk hori dena bultzatu egin nahi dugu. Horretarako, Madrilen gobernu batek egon behar du, ordea; bestela, ez da aurrera egingo jarduneko gobernu batekin.

Euskal presoen auzia ere hor da.

EAJk uste du bestelako kartzela politika bat egin behar dela, zuzenbidetik abiatuta.

Madrilgoak huts egin eta berehala, Nafarroan gobernu akordioaren berri eman dute PSNk-eta. Baikor? EH Bilduren abstentzioa beharko dute.

Nik hor neure iritzia baino ezin dezaket eman. Espero dut Espainiako egoerak eraginik ez izatea Nafarroan, eta gobernua eratzeko aukera izan dezagula [Geroa Baiko kideetakoa da EAJ].

EAEko erakunde nagusietan, gobernu ituna duzue PSE-EErekin; Nafarroan, Geroa Baik aukera du PSNrekin egoteko. Espainiako Gobernuan PSOE egotea komeni al zaizue, beraz?

EAJk nahi duena da Espainian gobernu bat egotea lehenbailehen, baina hori ez zaio EAJri bakarrik komeni, Espainiako gizarteari eta Euskadikoari ere komeni zaie eta. Gobernuan zein egotea nahi dugun? Zein da PSOEren alternatiba? Akaso, ahaztu egin dugu [Madrilgo] Kolon plazako argazkia? Espainian zergatik dago orain egoera hau? Guk eskatzen duguna da orain arte adostutakoa betetzea, autogobernuan aurrera egiteko aukera izatea, lurralde politikan edo estatu ereduan nazio izaera aitortzea Euskadiri eta Kataluniari... Bai, guk alderdi sozialistarekin adostasun bat dugu Euskadiko erakunde batzuetan, baina, orokorrean, zein litzateke Espainiako Gobernurik onena guretzat?

PSOE?

Badakigu zein den Kolon plazan bildutakoen diskurtsoa [PP, C's, Vox]: birzentralizazioa. EAJk alderdi denekin hitz egiten du beti, hori da gure estiloa, blokeoa inondik inora ez da bidea, baina ez genuke nahi trifatxito hori boterean; horrek on gutxi ekarriko luke gure gizartearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.