Koronabirusa

Lanean konfinatuak

Konfinatze neurriak ez du aldaketa handirik eragin, oraingoz, Baionako egunerokoan. Baina haserre mintzatu da herritar bat baino gehiago, egoera dela eta.

Ertzaintzaren kontrola, atzo, Irun eta Pausu artean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Udaberria oroitarazten duen eguzki giroan iratzarri da Baiona lehen konfinatze egunean. Oraingoak ez du, ordea, udaberriko konfinatzearen itxura handirik. Lokal batzuk itxiak ageri badira ere, edozein ostiraletako giroa nabari da hirian: jendea lanera joan da goizean goiz, haurrak jolasean ari dira parkeetan gurasoak solasean ari diren bitartean —oporretan dira umeak—, jendea ibilki da karrikan, autoak eta autobusak errepidean...



Itxaron lerro txiki bat sortu da Santizpiritu auzoko harategi baten aitzinean. Merkatu eguna izan ohi da ostirala, eta hor dira ohiko postuak, ondoko plazan ezarriak: barazki saltzailea, arrain saltzailea, eta janari prestatuena. Jende multzo bat bildua da bakoitzaren aitzinean. Ostiralero heldu dela aitortu du adineko emakume batek. Kazetariekiko mesfidati, ez du izena eman nahi —«ez dakit gero nola idatziko duzun»—. Erran du «kokoteraino» dagoela egoerarekin. «Itxurakeria hutsa da. Gaizki ikusia denez zaharrak konfinatzen dituztela erratea, konfinamendu orokorra deitzen dute, baina denak lanera doaz, gutaz trufatzen dira», mintzatu da, haserre. Bazkaltzeko arraina erosi, eta poltsa eskuan joan da.

Baiona iparraldean, Gaskoien plazan, saltoki gehienak itxiak dira; zerbitzu publikoak, berriz, irekiak. Postetxetik atera da emakume bat, etxetik ateratzeko ziurtagiria eskuetan. «Etxean ez nuen lortzen inprimatzen, eta, beraz, hona etorri naiz. Jadanik bazituzten ale batzuk prest, eta dohainik eman didate», poztu da. «Hala ere, ez dut uste asko eskatuko digutenik, baina, inkas, nahiago dut ukan». Plazaren xoko batean gazte talde bat elkarri mintzo ari da; handik hurbil, te saloia eta pizzeria biak batera egiten dituen ostatu-jatetxe bat. Itxia da, baina leihatilatik ari dira hurbiltzen zaizkion bezeroei kafea zerbitzatzen. Zerbitzariak ez du nahi argazkitan hartzerik. «Ez dakit zehazki zeren eskubide dugun». Egoerari buruz galdetuta, gordin erantzun du: «Zinez, kaka hutsa da». Ostiral normal batean 50 bat bezero izan ohi ditu jatetxean; gaur ez da hainbestera iritsiko. «Ondoko ostatua itxia denez, hona heldu da jendea kafe bila. Zerbitzatu ditut, baina ez dakit berez baimena dudan». Bezperako eroaldia kontatu du: «Plazako supermerkatua zanpez betea zen, apalak hustu zituzten; bereziki, komuneko papera eta pastak. Erokeria da, ez dut ulertzen. Komuneko papera nire azken arranguretarik da».

«Nekatuak gara, ahituak»

Intermarche supermerkatu aitzinean bi langile zigarreta erretzen ari dira. «Nekatuak gara, ahituak; ezin dugu gehiago», erran du bietako batek. Lanerako ordua bukatu zaie, baina hor dira oraindik, eta ez dira berehalakoan etxeratuko. Kontatu dute saltegian ez dutela ohi baino jende gehiago izan, baina etxera eramateko eskaeretan «erokeria» izan dela. «Jendeak sekulako eskaerak egin ditu: zernahi erosi dute. Burua galdu dute», erran du bigarren langileak. Eskuetako urradurak erakutsi ditu. «Alta, konfinamendua iragarri zutenetik %40 salgai gehiago eskuratzen dugu. Ez du zentzurik». Langile gisa nola bizi duten galdetuta, burumakur erantzun dute. «Zaila da», aitortu du lehenak. «Gainera, guk, ikasle kontratua dugu. Astearte eta asteazkenetan klasera joaten gara normalean; heldu den astean, aste osoan etorri beharko dugu». Langileen arduraduna atera da, eta zigarreta saltegiko ate aitzinean ez erretzeko eskatu die. Bukatu da elkarrizketa.

Hortik hurbil da Saint Frederic industriagunea. Mota guzietako enpresak biltzen dira; gehienetako aparkalekuak autoz beteak dira. Horiek ez dira telelanean ari.

Baionako geltokian nabari da mugimendu gutxien. Bidaiako zakuak ondoan dituztela eguzkia hartzen ari dira batzuk; geltoki barnean etzanda daude beste batzuk. Herenegun gauean ehunka kilometroko auto lerroak izan ziren Parisen, konfinamendua aitzin ihesi joandakoek sortuak, batzuen arabera. Ondoko egunetan ikusiko da horietako zenbat etorriko den Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.