Zaldibarko luizia. Mobilizazioak

Auziaren larria plazaratuz

Zaldibar Argitu plataformak deituta, hainbat mobilizazio egin dituzte. Langile desagertuak aurkitzeko eta erantzukizunak hartzeko eskatu diete instituzioei.

Zaldibar Argitu plataformak deituta, Eibarren egindako manifestazioa, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Igor Susaeta.
Eibar-Mallabia
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Isil antzean egin zuten manifestazioa atzo Eibarren (Gipuzkoa). Horretara bildutako mila bat lagunen artean, oihu bakan bezain argigarri batzuk besterik ez: «Zaldibar argitu!» eta «Arriola, dimititu!». Verter Recycling 2002 SMren zabortegian luizia gertatu zenetik hilabete pasatxo igaro denean, Zaldibar Argitu plataformak deitutako mobilizazioan parte hartu zuten herritarrek eskuetan zeramatzaten kartelek laburbiltzen dute zer ondorio utzi dituen ezbeharrak, zer dagoen argitzeke, zer erantzuteke; finean, zer aldarrikatzen eta planteatzen duten: besteak beste, Bizitza vs kapitala; Osasuna; Langileak zer?; Arriola, dimititu. Herri plataformak deituta, hondakindegiaren bueltako beste herrietan ere manifestazioak egin zituzten atzo eguerdian, Langileak. Osasuna. Erantzukizunak lelopean: Ermuan, Zaldibarren, Mallabian (Bizkaia) eta Elgetan (Gipuzkoa).

Herri plataformak aldarrikapen sorta bat plazaratu du. Zerrendan aurrenekoa da Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze lurjausian desagertutako bi langileak aurkitzea. Erakunde publikoei eskatu die «buru-belarri» jarduteko; Eusko Jaurlaritzak herenegun azaldu zuenez, ehun pertsona ari dira horretan. Plataformak jakin nahi du zer gertatu den hondakindegiaren inguruan —«erorketa, zigorrik eza, hondakinen tratamendu irregularra eta abar»—, «zehazki» zer dagoen han, eta luiziaren ondorioz erori den zaborrarekin zer egin erabakitzeko «herri prozesu batean» parte hartu asmo du. Airearen eta uraren kalitateari buruzko informazioa «gardentasunez» helarazteko deia egin die, gainera, instituzioei, eta neurketa horiek agentzia independente batek burutu ditzala eskatu du. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburua interpelatu ditu, «higiene demokratiko hutsagatik» erantzukizunak eskatze aldera.

Mobilizazioekin batera, lanuzte batzuetara ere deitu zuen lau herri batzar biltzen dituen plataformak. Lan etenak 12:00etatik 15:00etara ziren, baina Eibarren, gutxienez, hiru ordu horietan ez ziren gehiegi izan ateak itxi edo pertsianak jaitsi zituzten dendak eta tabernak; manifestazioa paretik pasatu zenean ere ez. Mallabian dago zabortegiaren inguruko industriagunerik handiena, eta, BERRIAk han igarotako ordu erdian, kamioiak atzera eta aurrera ibili ziren, enpresen ateek zabalik jarraitu zuten, eta, eguneko menuak ematen dituen jatetxe baten atarian kafea hartzen ari ziren langile batzuek berripaper honi adierazi ziotenez, ez zekiten lanuzte bat deituta zegoela.

Hori bai, gehiengo sindikalak—ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru— mobilizazioak eta lanuztea babestu zituen, baita CCOOk ere. ELAk eta LABek herenegun iragarri zutenez, bi sindikatuetako zuzendaritzetako ordezkariak adierazpenak egitekoak ziren atzo, Eibarko mobilizazioa hasi aurretik, «baina plataformakoei protagonismoa ez kentzeko», hedabideen aurrean ez hitz egitea erabaki zuten azken unean.

«Gizon bat aberasteko?»

Ermua eta Eibar arteko biribilgunetik abiatuta, iluntzean zen egitekoa eskualde mailako mobilizazioa, baina, koronabirusaren krisia dela eta, atzeratzea erabaki zuen plataformak. «Osasuna eta bizitzak erdigunera ekartzea da gure helburua, eta arduraz jokatu nahi dugu oraingo honetan ere», nabarmendu zuen plataformak, ohar baten bidez.

Eguerdian Eibarren egindako mobilizazioan parte hartu zutenetako bat izan zen Arantza (68 urte). Zaldibar Argitu Plataformaren zapi bat zeraman aldean. Iruditzen zaio «oso larria» dela gertatzen ari dena: «Nola geldituko dira zabortegiaren inguruko lurrak?». Pentsatzen du Arriola eibartarrak behintzat bazekiela Verter Recycling-en «gauzak ez zirela ondo egiten». Hori dela eta, uste du «lotsa edukiko balute» dimisioa eman beharko luketela zenbait agintari politikok: «Baina ostrukarena egin du Arriolak». Eta bi galdera planteatu ditu batean: «Horrek guztiak merezi zuen? Gizon bat aberasteko?».

Aixola urtegiaren inguruan sarri ibili izan da pasieran Miriam (34 urte), baina ez zekien handik gertu, Eitzaga auzoan, hondakindegi bat zegoenik. Begoñak (62 urte) ere ez. Miriamek ondo gogoratzen du nolako «erre» usaina zuen luizia gertatu ondoren sute bat piztu zenean herrian arnastu behar izan zuten aireak. Ez dakite horrek beren osasunari kalte egingo ote dien, baina Begoña «apur bat beldurtuta» dago. «Hobe horretan pentsatzen ez badut...». Instituzioei eskaera bat egin nahi izan diete biek: «Ez gaitzazue tontotzat hartu». Javi (54 urte) Debabarreneko Mankomunitateko langilea «mozolo aurpegiarekin» geratu zen jakin zuenean zabor guztia «batera» botatzen zutela Verterren sailkatu gabe. Sololuze eta Beltran ditu gogoan. «Handik atera behar dituzte, baina hainbeste zabor dago...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.