Turkiak AEBei erantzun die

Erdoganek iragarri du izoztu egingo dituela AEBetako Justizia eta Barne departamentuetako buruek Turkian dituzten aktiboak. Washingtonek bere bi ministrori jarritako zigorrengatik hartu du erabakia
Recep Tayyip Erdogan Turkiako Gobernuko presidentea bere jarraitzaileak agurtzen, herenegun, Ankaran.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako Gobernuko presidentea bere jarraitzaileak agurtzen, herenegun, Ankaran. EFE

Igor Susaeta -

2018ko abuztuak 5
Turkiaren eta AEBen arteko harremana hizpide hartuta, bi aliatu historikoen artean berriki sortutako krisi politikoari garrantzia kendu nahi izan zion Berat Albayrak Turkiako Finantza ministroak, herenegun: «Soka inoiz ez da hausten». Turkian hogei urte pasa daramatzan artzain protestante estatubatuar bat dauka kartzelatuta Ankarak, eta, horregatik hain zuzen, giza eskubideak «larriki» urratzea leporatuta, Turkiako Justizia eta Barne ministroak zigortu ditu Washingtonek, AEBetan dituzten aktiboak izoztuz. Krisiaren txispa neurri horrek piztu zuen asteazkenean. Turkiako Gobernuak adierazi zuen zigorraren «pareko» erantzun bat emango ziela AEBei. Herenegun tentsioa baretzen ahalegindu ziren Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkaria eta Mevlut Çavasoglu Atzerri ministroa, baina erantzuna atzo heldu zen: Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri zuen AEBetako Justizia eta Barne departamentuen arduradunek Turkian dituzten aktiboak izoztuko dituztela; «baldin eta halakorik badute».

NTV telebista katean emandako hitzaldi batean jakinarazi zuen neurria Erdoganek. «AEBek Turkiaren kontra hartutako azkeneko neurria errespetu falta bat da». Presidenteak nabarmendu zuen «zuzenbide estatu bat» dela Turkia, eta hauxe gaineratu: «Zigor absurdoekin eta hizkuntza mehatxatzailearekin Turkiak atzera egingo duela pentsatzen duten horiek ez dute herrialde hau ezagutzen».

Bi herrialdeak aliatuak dira II. Mundu Gerratik. Halere, haien arteko harremanak Siriako gerraren harira hasi ziren korapilatzen. AEBek errezeloz begiratzen diote Turkiak Errusiarekin duen loturari; eta Ankarari, berriz, jasanezina zaio Washingtonek YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduari eskaintzen dion babesa. Azkeneko egunetan sortutako krisiaren eraginez, bestalde, lira turkiarrak balioa galdu du.

Bat, bestearen truke

Bada, gainera, oso kontuan hartu beharreko beste aldagai bat, egoera ulertze aldera. 2016ko uztailean Erdoganen kontra egindako estatu-kolpe saiakeraren erantzuletzat jotzen du Ankarak Fethullah Gulen predikatzaile islamista. 1999tik bizi da hura AEBetan erbesteratuta, eta Turkiako Gobernuak behin baino gehiagotan eskatu dio Washingtoni estradita dezala. Andrew Brunson artzain protestantea 2016ko abendutik dago atxilotuta, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarentzat eta Gulen berarentzat espioi lanak egitea egotzita. 35 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak harentzat.

Gauzak hala, Gulen estraditatua izanez gero Brunson askatuko zutela iradoki zuen Erdoganek, iaz: «Gulen estraditatzeko dokumentu guztiak bidali dizkiegu, eta, halere, haiek artzaina eskatzen digute. Beste artzain bat dute esku artean. Eman iezaguzue artzaina, eta honi alde egiten utziko diogu».

Artzainaren kartzelatzearen harira —etxeko atxiloaldian dago duela bi astetik—,Turkiari «zigor handiak» ezarriko zizkiola iragarri zuen Trumpek joan den uztailaren 26an. Krisia artean guztiz lehertu gabe zegoenean, joan den asteburuan, Erdogani galdetu zioten ea Gulen estraditatzearen truke Brunson askatuko ote zuten. «Inoiz ez dugu halakorik negoziatu», erantzun zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna