Teknifikazioak eman dio loria

Leka Enea klubeko Endika Diez mahai teniseko jokalaria sasoi biribila osatzen ari da, bai bakarka eta bai taldeka. Espainiako txapeldun izan da lehen aldiz, eta Txapeldunen Liga jokatu du.

Endika Diez mahai teniseko jokalaria entrenamendu batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30a urtebetetze eguna zuen Endika Diez (Barakaldo, Bizkaia, 1990) mahai teniseko jokalariak, eta patuak bere buruari opari ezin hobea egiteko aukera eman zion: banakako Espainiako Txapelketako finala zuen Carlos Machado lehiaketako izarraren aurka. Bada, bikain baliatu zuen abagunea, eta mendean hartu zuen espainiarra final estu eta zirraragarri batean; Diez da Espainiako txapeldun izatea lortu duen lehen euskal herritarra. «Garaipen benetan garrantzitsua da. Oso harro nago. Honek erakusten du teknifikazio zentroa dugunetik kluba oso lan ona egiten ari dela. Maila geroz eta handiagoa da», azaldu du Irungo Leka Enea taldeko jokalariak.

Machadoren aldekoak ziren titulua eskuratzeko pronostiko guztiak. Ondo irabaziak zituen, gainera. Palmares oparoa du espainiarrak: 11 aldiz izan da Espainiako txapeldun, eta 2008tik 2014ra zazpi aldiz jarraian gailentzea ere lortu zuen. Ezustea emateko prest zegoen, ordea, Diez, eta logika apurtzeko dagoela frogatu zuen beste behin. «Azken urteetan hiru edo lau partida galdu ditu, gehiago ez. Oraindik ere bera da datorren urtean irabazteko faboritorik argiena».

Baikor zen finalaren atarian Leka Enea klubeko jokalaria, eta «presiorik gabe» kantxaratzeak lagundu zion: «Banekien aukerak izango nituela. Irabazi nion aurretik, eta norbaiti irabazi diozunean, uste duzu berriro ere lor dezakezula». Konfiantza basoa goraino beteta, Diezek indartsu hasi zuen partida, eta, ohartzerako, bere alde zuen neurketa: aurreneko hiru setak irabazita, 3-0 jarri zen aurretik. Alabaina, eskarmentu handiko jokalaria zuen parean, eta ez zegoen prest horren erraz amore emateko. Garaiz esnatu, eta berdintzea lortu zuen. Azken setean erabaki zen finala. Machadok partidari neurria hartu ziola zirudien, eta, atzetik joanda, emaitza iraultzea egokitu zitzaion Diezi: «6-2 galtzen ari nintzen azken setean. Hor ia galdua nuen itxaropen guztia. Baina, tira, final bat zen, eta borrokan jarraitu nuen. Egia esan, azken tantoez gogoratu ere ez naiz egiten. Taktikari eutsi besterik ez nuen pentsatzen, eta irabazten ahalegintzeaz. Zorionez, ondo atera zen».

Entrenatzailearen lana goraipatu nahi izan du, eta hark denborak ondo kudeatu zituela nabarmendu du: «Partidako une askotan eman nuen finala galdutzat. Baina hor egon zen nire entrenatzailea, hutsartea eskatu zuen, eta animoak eman zizkidan. Azkenean, ez nuen esperantza galdu, eta partida irabazi nuen».

Makina bat partidatan egon dira aurrez aurre Machado eta Diez, eta ondo ezagutzen dute elkar. Hori dela eta, aurkari ezaguna ezezagun bilakatu nahi izan zuen bizkaitarrak, eta joko estiloa aldatzea izan zen haren estrategia. Leka Enea klubekoaren arabera, truke kolpea asko gustatzen zaion jokalari bat da espainiarra. Ez da hori, aldiz, bere kasua: «Sakea ateratzen dut, eta zenbat eta azkarrago amaitu tantoa, hobeto». Oraingo honetan, baina, zerbait berriaren beharra ikusi zuen, Machadoren kontrako norgehiagoken balantzea aldatzeko.«Apur bat berak jokatzen duen moduan jokatzen saiatu nintzen, nik jokatzen dudan erarekin trukatuz. Saiatu nintzen puntuak luzeak izan zitezen, eta pazientzia izaten».

Arantza kentzeko ere balio izan zion garaipenak Diezi. Izan ere, Espainiako txapeldun lehen aldiz izan den arren, maiz egon da urrea irabazteko gertu, eta denbora zeraman ate joka. Adierazi du «oso garrantzitsua» zela beretzat behin behintzat irabaztea.

Hamabi urteko ibilbide luzea darama Diezek Irungo Leka Enean, eta hara joatea «inoiz hartu duen erabakirik onena» izan zela dio. «Babes handia eman didate. Euskal Herriko jokalaria izanik, eta 17 urterekin etorri nintzenez, etxeko jokalaria izan naiz». Erreferente da klubean, eta sentipen hori du berak ere: «Garrantzitsua da nabarmentzea klubeko guztiek ezagutzen nautela. Jokalari profesional asko daude klubean denbora gutxi pasatzen dutenak. Partidetara soilik joaten dira, eta ez dute taldeak entrenatzen duen teknifikazioan praktikatzen. Nik egun osoa pasatzen dut hor».

Sasoi biribila

Denboraldi berezia izaten ari da aurtengoa Diezentzat eta Leka Enearentzat. Izan ere, Txapeldunen Liga jokatzeko parada izan dute aurrenekoz emakumezkoen eta gizonezkoen talde nagusiek. «Izugarria izan da Europako mailarik gorenean parte hartzea. Europako talde onenaren aurka jokatu dugu. Ahaztezina izan da esperientzia». Garaipen bat erdiestea ere lortu zuten gizonezkoek; azkena, etxean, Frantziako Angers taldearen aurka: 3-2 nagusitu ziren. «Ez genuen aurrera jarraitzeko inolako aukerarik, baina, hala ere, Txapeldunen Ligako garaipen bat da».

Ligari erreparatuta ere, itxaropentsuak izateko moduan daude jokalariak. Helburu argia dute jomugan: lider amaitzea. Egun, bigarren postuan daude, hirugarrenarekin puntuz berdinduta, eta hirura dituzte aurrenekoak; garaipen eta berdinketa baten aldea, hain zuzen. Atzetik aurrera doaz, ordea, Leka Enea klubekoak: «Lehen alde handiagoa ateratzen ziguten, eta puntuak galtzen ari dira. Borrokan jarraituko dugu, posible dela uste dugulako. Lasai bagaude, irabazteko aukerak izango ditugu».

Balentriak egiten jarraitu nahi du Diezek, eta badu ilusio berezia egiten dion bat: «Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea dut amets».Lanean jarraituko du horretarako, hori baita arrakasta izateko giltza, haren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.