Hiru hautagai, oinordeko bat

Banakako euskal pentatloiak txapeldun berria izango du. Azken hiru urteetako txapeldun Xabier Zaldua ez da arituko; azaldu du «kirolari osoa» izan behar dela irabazteko. Larunbatean bigarren kanporaketa izango da.

Julen Gabirondo eta Xabier Zaldua lasterka, iragan urteko pentatloiko finalean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Banakako euskal pentatloiaren aro berriak bigarren txapeldun bat izango du hilaren 25ean. Izan ere, aro berriko hiru aldiak irabazi eta gero, aurten, parte hartzeari uko egin dio Xabier Zalduak. Hamasei gizonezkok eman zuten izena, eta joan den larunbatean lehen kanporaketa jokatu eta gero, hamabi lehiatuko dira larunbat honetakofinalerdian. Sei onenek jokatuko dute final handia, eta batek jantziko du aurreko hiru aldietan jabe bakarra izan duen txapel preziatua. Emakumezkoen lehen aldiak finala baino ez du izango, eta hiru kirolari ariko dira: Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe, hain zuzen ere.

Gauzak hala, Azpeitiko final handian ikusle bat gehiago izango da Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). «Julen Gabirondorekin apustua lotu nuenean banekien oso zaila izango zela pentatloian parte hartzea. Apustua jokatu eta bi egunera hartu nuen ez parte hartzeko erabakia. Urtea amaitu arte segan eta aizkoran jarraitzea erabaki nuen», azaldu du Zalduak. Arrazoiak hiru izan dira: pentatloia ondo prestatzeko astirik ez izatea, gorputza ondo egokitzeko denbora falta eta Gabirondoren aurkakoa galdu osteko karga emozionala. «Ekaineko lana prestatzeko zortzi hilabeteak oso gogorrak izan ziren, fisikoki zein psikologikoki. Bi hilabete neuzkan pentatloia prestatzeko, eta ikusi genuen ez nintzela nahi bezala aritzeko moduan izango. Hartu zitekeen erabakirik onena zen. Urtea presiorik gabe amaitu nahi nuen».

Azken txapelduna ez ezik, iazkoan hirugarren izan zen Xabier Orbegozo Arria V.a ere ez da arituko oraingo honetan, herri kiroletatik erretiroa hartu baitu. Halere, Zalduak ez du uste Julen Gabirondo iazko txapeldunordea denik pentatloia irabazteko hautagai nagusia: «Ez, ez. Karga handiko urtea darama, eta nabaritzen hasi zaio. Ohorezko txandan eta podiumean bai sartuko nuke, baina uste dut Joseba Otaegi eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a direla bi faborito nagusiak». Hiru horiekin batera, finalera beste hiru sailkatuko lirateke, eta lau edo bost kirolari «tarte txikian» arituko direla uste du Zumarragakoak: «Irazabalek sorpresa eman zuen lehen kanporaketan, eta hautagaietako bat izan daiteke. Banuen fedea mutiko honengan. Mugertza ere barruan ikusten dut, eta Errazkin eta Kañamares ere borroka horretan egongo dira».

Urtetik urtera aurrerapausoak ematen ari da pentatloia, banakakoa zein binakakoa, eta azken emaitzetan eta denboretan ere ikusten da hori. Kirol ezberdinetatik etorritako kirolariak buru-belarri dabiltza proba prestatzen, eta iazko eguraldi petralik ez bada, Zalduaren iritziz, haren marka —36.06— hobetzeko gai izango dira: «Asko hobetu dezaketela iruditzen zait; minutu eta erdi edo bi minutu, agian. Eguraldia ez ezik, egurraren menpe ere egongo dira azken denborak. Lehendabiziko aldian, bukatzeko beldur ginen, baina bukatu genuen. Bigarrengoan, markak hobetzeko prestatzen hasi ginen, eta orain, kirolaria proba mota honetara egokitu da, eta horrek marka horietan eragina izango du».

Ehun kiloko bola 25 aldiz jaso, giza proban bi plaza egin, hiru kana-erdiko ebaki, txingekin sei plaza egin, eta, azkenik, zezen plazari bueltaka, hiru kilometroko korrika saioa egin beharko dute kirolariek finalean. Horrelako proba bat irabazteko «kirolari osoa» izan behar da: «Norberaren gabeziatan lan egitea da gako nagusietako bat. Ni, aizkolaria izanik, harriarekin aritzen naiz gehien. Modalitate guztiak ondo menperatu behar dira. Azkeneko finalean jendeak esaten zidan ez nintzela kirol bakar batean ere onena izan, baina, hala ere, txapela lortu nuela. Erregularrena eta osoena izan behar da». Horrez gain, kirol batetik besterako aldaketen, trantsizioen, garrantziaz ohartarazi du Zalduak: «Nik asko entrenatzen nituen. Bost minutu zaude gihar batzuk lantzen, eta bat-batean, kolpetik, beste batzuk bat lantzen hasi behar duzu. Ez du ezertarako balio proba bat oso azkar egin eta gero denbora hori trantsizioan galtzen baduzu».

Erronka berriak

Aurten parte hartuko ez badu ere, pentatloira bueltatzeko asmoa du Zalduak. Hiru txapela irabazita, Joxemari Olasagastirekin berdinduta dago, eta, «oraindik», badauka denbora laugarren bat irabazteko. «Gabirondoren aurkako apustua itxi nuenean banekien zaila izango zela pentatloian parte hartzea. Irabazi izan banu, agian, beste erabaki bat hartuko nuen». Euskadiko sega txapelketan Gabirondo txapeldunaren atzetik sailkatu eta gero, aizkorarekin amaituko du urtea. «Gauza arrarorik suertatzen ez bada behintzat. Izan ere, egun batetik bestera gauzak aldatzen dira. Printzipioz, lehenengo mailako aizkolari txapelketa eta Egursporten kopa prestatuko ditut, eta abenduan edo urtarrilean harriarekin hasiko naiz lanean». Urtea amaitu bitartean ez du desafiorik, ez antzekorik egingo, eta Gabirondoren aurkako errebantxa epe luzera baztertzen ez badu ere, epe motzera ez du egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.