BI TARTE

Ispilua

Nerea Ibarzabal Salegi eta Mariñe Arbeo Astigarraga
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Spain is Turkey zioen astelehenean Prateko manifestari baten kartel txikiak. Espainia Turkiaz oroitu da aste honetan, Turkia Espainiaz oroitu zen bezala duela hilabete, ez alferrik, EBko kazetariek Kurdistango jazarpenari buruz galdegin ziotenean. Suleyman Soylu barne ministroak Espainia seinalatuz justifikatu zuen bere erantzuna, haur batek leihoa apurtu eta ordura arte konplize izan duen bere neba edo arreba salatzen duen era berean: «Berak ere egin du!».

Honelaxe deskribatu zuen Kataluniako afera Soyluk: «Ekintza bortitzik izan ez bazen ere, hamabi ordezkari katalan prozesatu zituzten ordena konstituzionala suntsitzeagatik bortizkeria eta desobedientzia erabiliz». Bide batez, esaten ari zen: «Ei, ez ezazue gure demokrazia atzeratutzat hartu, zuen arteko estatu ustez modernoek berdin badihardute». Ez dakit kazetariek zer erantzungo zioten. Baina aste honetako epaiak arrazoia eman dio barne ministro turkiarrari.

Eta Turkiak bere zaku berean sartu bazaitu, berandu zabiltza aurpegi garbiketarako. Puntu honetan alferrik da herrialde demokratiko bat zarela esatea bideo batean, epikoa eta hunkigarria izan nahi duen musikatxo batekin, Europako beste hizkuntzetan mintzatuz, ze, egia esan, ez dakit baden ezer turkiarragorik hori baino. Han ere halako propaganda turistikoak egin izan baitituzte, azken urteetan Ankaran eta Istanbulen egon diren atentatuak eta Kurdistanen egiten ari diren sarraskia ahaztu ditzzaten bidaiari dirudunek.

Turkiak badaki Espainiaren antza duela, baina Espainiari oso txarto datorkio ispilu hori orain. Horregatik esan dute Madrilgo gobernuko iturriek Turkiari egindako armen salmenta berrikusiko dutela aurrerantzean, kurduen aurka erabil ez ditzaten. Inoren zuloak ikustea errazagoa baita norberarenak estaltzea baino, eta agian bortitza egingo zitzaien Erdogan entzutea esanez «terroristak deuseztatu» behar direla, «HDPko politikariak PKK-ko kide» direla, «turkiarrak direla benetan lur horren jabe». Bortitza bezain ezaguna egin beharko litzaieke.

Urteetan ikusi ez dudan lagun kurduaren elkarrizketa Whatsappeko zerrendaren goiko aldean ageri zaidanean, badakit bazterren bat nahasi duela menpean gauzkaten estatuetakoren batek. Aste honetan halaxe dago Faruk, nire elkarrizketen top 3-an. Zenbait laguni idazteko aitzakia bakarra albiste txarrak dira.

Hitz egin dugu Turkia Rojavan egiten ari denaz, eta Altsasukoez, eta Kataluniaz. Elkarri albisteak eta bideoak bidaltzen dizkiogu, eta badakit bera ez duela Espainiaren jarrerak inoiz ere harritu izan. Behin, Turkiako armeniar batek ere esan zidan, Kataluniako bozketaren eta liskarren biharamunean: «Aizu, baina zer espero zenuen, bada, egingo zutela Espainiatik? Erreferenduma ahalbidetu?». «Ez duzu oraindik Olentzerorengan sinetsiko, ezta?» esango balu bezala esaten zidan. Eta ni hor, «eemm, ez...», zerbait disimulatzen, baina ez dakit zehazki zer.

«Rojavakoa genozidio bat da, eta Turkiak ez digu kurduoi utziko estaturik izaten planetaren geografiako puntu bakar batean ere».

Faruk bera ere ia bota zuten irakasten duen Istanbulgo ikastetxetik, ikasleen aurrean Erdoganen politikak kritikatzeagatik. Gazteek gurasoei esan zieten, eta gurasoek zuzendariari. Argi utzi zizkioten gauzak bilera batean.

«Hemen turkiarren erdiek gorroto dute Erdogan, baina kurduez ari garenean, berdin dio sozialista, liberala, islamiar erradikala edo moderatua... denak daude Erdoganen alde, eta ez da ezer gertatzen».

Horretan ere badaukate elkarren antza inperio zaharrek. Musa Anter idazle kurduarena da esaldi famatua: «Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, esan nahi du zure estatua nire lurrean eraiki duzula». Eta gure hizkuntza ez bada, izango da gure kantua, gure argudioa, gure existentzia kontzientea bera, traba egiten duena. Eta oinpean lurrikara potentzial bat duen estatuak gogor zapaltzen ikasi du, zelan ez, lurra lautzeko eta berdintzeko etengabeko ahaleginean. Musa Anter hil zutenetik 27 urte bete dira aurtengo irailean.

«Eta Turkiako herritarrak kurduen alde egongo balira ere, beldur dira, manifestaziorik txikienean ere izugarrizko biolentziaz erantzuten baitute poliziek».

Paralelismoz betetako historia da gurea, kointzidentzia zaharrak eta berriak. Nork daki zer datorren. Geroz eta Turkiago dira, geroz eta Espainiago, eta pentsatu nahi dut geroz eta gardenago direla kanpokoen begietara ere —edo gure obsesioa ote da hirugarren salbatzailearen figurarena, eta onartu behar dugu hemen ez datorrela inor, eta datorren hori estatuaren alde jarriko dela?—. Elkarren ispilu dira, eta kristala turkieraz billur esaten da. Eta zenbat estatu gehiago ote leudekeen ispilu horretan islatuta, halako nazio auziak sortuko balitzaizkie.

«Esperantzarik ez dago alde honetan».

Nahasten zaizkit Euskal Herriari darion neke zaharra, Kataluniaren indar eraberritzailea eta gerran bizi diren munduko nazio azpiratuen ezintasuna, eta ez dakit oraintxe zer sentitu; edo dena dugula irabazteko, edo dena okertu daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.