Nork apurtuko ote du ispilua?

Alaves eta Eibar orpoz orpo dabiltza: 15. dago bata, 16. bestea, eta biek 24 puntu dituzte, orain arte emaitza berberak lortu ondotik. Nor baino nor gehiago ariko dira gaur, Mendizorrotzan.

Borja Sainz eta Gonzalo Escalante lehian, lehen itzuliko neurketan J. F. / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ispilu aurrean jarriko dira gaur Alaves eta Eibar. Izan ere, oso antzeko bidea egin dute orain arteko 23 jardunaldietan. Puntu kopuru bera poltsikoratu dute (24), emaitza berberak lortu dituzte (sei garaipen, sei berdinketa eta hamar porrot), eta golen aldeari dagokionez ere, berdinduta daude (-9). Bi ur tanta bezalakoak izan dira orain arte. Bada, parekotasuna apurtzen saiatuko dira Mendizorrotzan jokatuko den derbian. Arabarrek alde izango dute zaleen babesa, baita emaitzen bermea ere: soilik hiru lehia galdu dituzte etxean. Hori bai, ia hiru hilabete dira azkenekoz Gasteizen irabazi zutela. Gipuzkoarrek denbora bera daramate etxetik kanpo garaipenik lortu gabe. Aitzitik, tarte horretan puntu garrantzitsuak lortu dituzte Celtaren zelaian eta Athleticenean.

Hain justu, Eibarrek mugarritzat dauka San Mameseko partida. Erreskadan lau neurketa galdu ostean, hauspotu egin zuen Athleticen aurka urratutako puntuak, eta hobera egin du geroztik. Susperraldia Ipuruan sumatu da batik bat, Granada eta Atletico Madrilen aurkako garaipenekin (3-0 eta 2-0). Berriz ere irabaztear izan zen azken jardunaldian, Betisen aurka jokaturiko norgehiagoka bizi eta irekian. Alavesek ere gertu izan zuen garaipena, Sevillaren zelaian. Jarraipena eman zien azkenaldian igorritako hobekuntza zantzuei. Hori horrela, derbira bi taldeak iritsiko dira bolada nahiko onean.

Hori bai, ez dute benetako goraldirik izan orain arte; asko jota, bi garaipen kateatu dituzte. Arabarrek 13. eta 14. jardunaldietan lortu zuten hori, Valladoliden eta Eibarren beraren aurka. Gipuzkoarrek, berriz, Sevilla eta Celta azpiratu zituzten 6. eta 7. jardunaldietan, baita Vila-real eta Leganes ere 11. eta 12. jardunaldietan. Segida horiek, ordea, ezin izan zituzten gehiago luzatu. Gehiago iraun dute bolada petralek: bi taldeek bi aldiz kateatu dituzte garaipenik gabeko bost neurketa. Hots, gorabehera handiko ibilbideak izan dituzte orain arte, eta horregatik daude sailkapenaren azpiko aldean. Bederen, sei puntuko aldea dute jaitsiera postuekin.

Defentsa oinarri duen estilo bat ezarri du Asier Garitanok, Alavesek azken sasoietan hartutako ildoari jarraikiz. Hala, Arabako taldea da Lehen Mailan partidako baloi jabetza gutxien duena (%44), baita jaurtiketa gutxien egiten duena ere (8,7). Datu horiek orekatzeko, defentsako jardunak orbangabea izan behar du. Eta Garitanorenak ez dabiltza nahi bezain fin atzean. Zazpi aldiz utzi dute atea hutsean; oso zifra ona da. Ordea, 32 gol jaso dituzte gainontzeko hamasei partidetan; neurketako bi, alegia. Gehienak etxetik kanpo egin dizkiete (24). Etxean oso sendo abiatu zuten sasoia kontrako bi gol bakarrik lehen zazpi partidetan, baina behera egin dute azken lau lehietan: sei gol sartu dizkiete, eta ezin izan dute atea hutsean utzi.

Ikusteko dago, halere, Eibar gai izango den gasteiztarren ahulezia baliatzeko, antzu baitabil etxetik kanpo. Orain arte, zazpi gol eskas egin ditu bisitari moduan; soilik Leganes aritu da eskasago. Ohiko joko erasokorra ezarri nahian dabil Jose Luis Mendilibar, baina beste sasoi batzuetan baino arazo gehiago ari da izaten. Teknikariaren eskeman funtsezkoak ziren Joan Jordan eta Ruben Peña, eta haien irteerak nabaritu egin ditu taldeak. Azken bi denboraldietan bezala, zelaiaren azken herenean denbora gehien igarotzen duen taldea da Eibar —bertan aritzen da minutuen %35an—; baina, era berean, kamutsago dabil. Iaz, zortzi gol gehiago zeramatzan 23 jardunaldiren ondotik.

Aurrelariak bereizgarri

Mendilibarrenek errematerako gaitasuna galdu dute. Izan ere, sei gol besterik ez dituzte egin taldeko lau aurrelariek: hiru Kike Garciak, bi Charlesek, bakarra Sergi Enrichek, eta bakar bat ere ez Quique Gonzalezek. Aurreko ligan, garai bertsuan, Charlesek hamar gol zeramatzan, eta Enrichek, bost. Aurrelarien jardunean dago, akaso, Eibar eta Alavesen arteko alderik handiena, arabarrek esne mamitan dabiltzan bi errematatzaile baitituzte: Joselu eta Lucas Perez. Bederatzi gol daramatza batak, eta zortzi besteak. Hau da, Eibarreko lau aurrelariek baino ia hiru aldiz gol gehiago egin dute.

Haatik, aurrelariekin gehiegizko menpekotasuna du Alavesek. Baloiak haiek sareratu ezean, nekez hartzen du lekukoa beste inork. Oro har, jo gutxiko taldea ari da izaten Alaves: zortzi jardunaldi daramatza gol bat baino gehiago egin ezinda. Gaur, azkenaldian irmotu egin den Eibar edukiko du aurrean. Mendilibarrenei bi gol egin dizkiete soilik azken sei norgehiagoketan. Gainera, seigarren defentsarik onena dute etxetik at, orain arte hamalau gol jasota. Horrenbestez, partida oso itxia espero da, eta asko izango du irabazia lehen kolpea ematen duenak.

Aurrekariei erreparatuta, Alavesek eta Eibarrek zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka Lehen Mailan, eta hor ere, erabatekoa da parekotasuna: bi lehia irabazi ditu bakoitzak, eta beste hirurak berdindu egin dituzte. Mendizorrotzan, berriz, hobeto moldatu da Eibar: bi aldiz berdindu du, behin irabazi, eta oraindik ez du galdu.

ALAVES-EIBAR

Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Ely, Duarte; Vidal, Fejsa, Camarasa, Rioja; Lucas Perez eta Joselu.

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Burgos, Bigas, Cote; Diop, Exposito, Pedro Leon, Inui, Orellana; eta Enrich.

Epailea. Prieto Iglesias

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 21:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.