«Atletismoa baino ez du buruan»

Asier Martinezen entrenatzaile François Beoringyanen ustez, atleta nafarrari «ikuspuntua» aldatu zaio Tokiotik hona: «Bete-betean ari da atletismoan». Apustua ondo atera zaio, eta bikain ari da: Belgraden ariko direnen artean, markarik onenetan zazpigarrena du 60 metroko hesidunean. Etzi ariko da.

Asier Martinez, Madrilgo Munduko Zirkuituko proba irabazi berritan, martxoaren 2an. J.J.GUILLEN / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Asier Martinezek (Zizur Nagusia, Nafarroa, 2000) ametsetako urtea bizi zuen iaz. Pista estalian, Espainiako txapeldun izan zen 60 metroko hesidunean, eta laugarren Europako Txapelketan. Oraindik eta ikusgarriago aritu zen udako sasoian: lehenbizi, Espainiako txapeldunorde izan zen 110 metroko hesidunean, eta gero, 23 urtez azpiko Europako txapeldun. Azkenerako utzi zuen onena. Balentria egin zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan: finalean aritu zen, eta, seigarren izanda, diploma olinpikoa lortu zuen. Inoiz baino azkarrago egin zuen korri urte osoan, eta astindu latzak eman zizkion kronometroari.

Sei hilabete eta erdi pasatxo joan dira Tokion egindako balentriatik, eta Martinezek bereari eusten dio: abiada bizian korri egiteari eta emaitza bikainak lortzeari. Pista estalian zituen denboraldiko lehen erronkak, eta alde handiz bete ditu guztiak: Belgradeko Munduko Txapelketarako sailkatu da, Madrilgo Munduko Zirkuituko proba irabazi du, Espainiako txapeldun izan da, eta bere markarik onena egin du: 7,55.

Oso kontuan hartzeko denbora da. 11 atletak bakarrik egin dute hark baino azkarrago korri sasoi honetan, eta Belgraden sei baino ez ditu izango aurretik. Ondo bidean, ez litzateke harritzekoa izango, Tokion egin bezala, onenekin lehiatzea finalean. Hesidunean garesti ordaintzen dira hutsak, baina Martinezek erakutsi du nekez egiten duela huts, eta beti oso ondo lehiatzen dela.

Nike taldeko atleta

Une oro kontzentrazioari eutsita eta lanean buru-belarri arituta lortu du horren lehiakor izatea. Halaxe ari da sasoi honetan ere. Horregatik ia ez du hitz egin komunikabideekin. Lehiaketak prestatzen ari zela argudiatu du ez hitz egiteko. Horretan eduki nahi izan du arreta osoa: «Ez dut helburu zehatzik Munduko Txapelketan, udako sasoia prestatzeko lehiaketa izango baita. 60 metroko hesidunean makina bat atleta daude, eta batzuek gorabehera asko dituzte. Lasterketaz lasterketa joan nahi dut», esan zuen Espainiako Txapelketa irabazi berritan. Igandean lehiatuko da: lehenbizi, sailkapen proban (10:05); aurrera eginez gero, finalerdian (17:05), eta zortzi onenen artean sartuz gero, finalean (19:30).

François Beoringyanek (N'Djamena, 1974) bertatik bertara ikusiko du haren jarduna. Aldaketa garrantzitsua egin du Martinezek Tokiotik hona: Pamplona Atletico taldea utzi du, eta Nikerekin sinatu du. Hala ere, Beoringyanekin segitzen du entrenatzen: «Gure artekoari dagokionez, ez da ezer aldatu. Lehen bezala ari gara lanean. Baina, Nikerekin sinatuta, Asierrek diru laguntza eta erraztasun gehiago ditu».

Haien artekoa ez da aldatu; bai, ordea, Martinezek atletismoaz zuen ikuspuntua: «Asierrek beti hartu du oso serio atletismoa, baina, orain, are eta serioago hartu du. Horretarako, lasaiago hartu ditu ikasketak. Bete-betean ari da atletismoan. Hori besterik ez du buruan. Bestelakoan, ez da aldatu: lehen bezala, etxekoekin eta gertukoenekin egotea gustatzen zaio. Betikoa da».

Apustua ondo atera zaio oraingoz. «Bide onetik» doala dio: «Lan handia egin dugu, eta fruitua jasotzen ari gara: indartsuago dago, hobeto irteten da, teknika findu du... Oso pozik gaude. Ea lana biribil dezakegun».

Helburu zehatzik ez dute Munduko Txapelketan: «Biok oso argi dugu lasterketaz lasterketa joan behar dugula. Asierrek berea emanez gero, finalean egon daiteke. Horretarako marka du. Baina ez dugu horretan pentsatu behar. Hesidun probatan oso garesti ordaintzen dira hanka sartzeak, are eta gehiago 60 metro eskasetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.