Literatura duindu bat

Mariasun Landak eta beste belaunaldikide batzuek kalitatezko haur eta gazte literatura bat sortzeko egindako lanaz aritu dira Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta idazleak Bilbon.

Patxi Zubizarreta eta Juan Kruz Igerabide idazleak, atzo, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, hizketan. M. DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Askotan, giroak sortzen dira momentu historikoetan, ez da pertsonaren kontua; giro batzuk sortzen dira, eta hor agertzen dira idazle mota batzuk beste giro historiko batean sortuko ez liratekeenak: 80ko hamarkadan izan zen giro berezi horietako bat». Lurrikara zabalago horren barruan kokatu du Juan Kruz Igerabide idazleak Mariasun Landaren literaturak Euskal Herrira ekarritako dardara. Landari eskainitako hitzaldi zikloko lehen solasaldia antolatu zuen atzo Bilbo Zaharra euskaltegiak, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, eta Patxi Zubizarreta idazlearekin batera aritu zen Igerabide hizlari. Ahots propio garrantzitsutzat nabarmendu zuen bertan Landarena, 80ko hamarkadan euskal letretan loratutako idazle koru horren barruan. «Ahots oso berezi bat deskubritu nuen harekin. Bageneuzkan emakumezko idazle batzuk orduan, batez ere helduen literaturan, baina Mariasunek ahots berri bat ekarri zuen, eta hartan entzuten zen Europako literaturaren oihartzuna etengabe. Ekarri zuen doinu hori, eta, intuizio bat da, baina nik uste dut izan dela ahots bat jarraipen handirik izan ez duena gero etorri diren idazleengan».

Igerabideren hitzetan, haur baten ikuspegitik idaztea da haurrentzako literaturan dagoen erronka nagusietako bat, baina, hain zuzen ere, horixe lortu zuen Landak Iholdi pertsonaiari eskainitako liburuetan. Horrez gainera, «azpi ironia leun bat» ere nabarmendu zion Igerabidek Landaren lanari, eta baita gizakion alde iluna lantzeko duen gaitasun berezia ere. «Ikuspuntua aldatzen maistra da Mariasun. Begirada beste leku batean jartzen. Eta ikuspuntu horiek barne munduarekin lotzen ditu. Egunerokotasun xumeari begiratzeko angelua aldatzen du beti, eta zerumuga berriak sortzen zaizkigu sukaldetik edo egongelatik atera gabe».

«Uste dut dagoeneko esan daitekeela klasiko bat dela». Hitz horiekin laburbildu zuen Zubizarretak euskal letretan Landak egindako lanaren norainokoa. «Duintasuna eman dio baztertuxe zegoen literatura eta adin bati».

Eta, Landarekin batera, beste idazle eta ilustratzaile sorta baten izenak ere eman zituen zerrendan Zubizarretak: Asun Balzola, Marijan Minaberri, Antton Olariaga, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Joxean Ormazabal... «Sortu zuten sortu behar zelako, baina zer sortu zuten! Literatura modernoaren sortzaileak izan ziren».

Haurrentzat idazteak —edo «haurrentzat ere idazteak», berehala zehaztu zuenez— dauzkan zailtasunak ere izan zituen gogoan Zubizarretak, eta Jose Saramagoren pasadizo bat jarri zuen adibidetzat. Idazleak gogora ekarri zuen, hasieran, Saramagoren Munduko lorerik handiena narrazioa helduentzako liburu baten barruan argitaratu zutela, baina haurrentzako album modura ere eman zutela argitara denbora batera. «Izan nuen harekin hitz egiteko aukera behin, eta, hain justu, ipuin hura album formatuan ere ateratzeko modukoa izan zitekeela aipatzen aritu ginen, eta horixe egin zuten gerora». Eskola batera egindako bisita batean, ordea, ume batek ez zuela ipuina ulertu esan zion Saramagori, eta portugaldarrak erantzundakoa ekarri zuen gogora Zubizarretak atzo. «Ordurako Literaturako Nobel saria ere jasoa zuen, baina arrazoia eman zion ume hari, eta esan zion egia zela, berak ez zekiela umeentzat idazten».

Esaera zaharrak berritzea

Igerabidek aitortu zuenez, adibidez, eskolak eraman zuen bera haurrentzako ere idaztera. «Niretzat oso era naturalean gertatu zen hori. Maisu ibili naiz urte askoan, eta egoera horretatik etorri da elkarrizketa hori, eta haur baten begietan sartzea. Baina idazleak mila arrazoigatik lortzen du begirada hori». Ume begirada hori lortzea zaila dela nabarmendu zuen berehala, ordea. «Idazle batzuek ez dute lortzen beren testuetan nerabezarotik behera jotzerik, nahiz eta haurrentzat idatzi. Nerabeen ahotsera heltzen dira. Oso zaila da Mariasunengan edo Patxirengan [Zubizarretarengan] gertatzen den hori lortzea: txikitako ahots hori mantentzea lortu duen idazleak, mila modugatik jaso ahal izan du hori, eta idazle bakoitzak daki nondik etortzen zaion».

Zubizarretak «pribilegio» gisa aurkeztu zuen Interneten aurreko belaunaldian jaio izana, adibidez, haren hitzetan, ahoz ahoko kontakizunen transmisioaren lekuko izateko aukera eman baitio horrek. Baina mundu hori desagertzen irudikatu zuen idazleak Bilbon eskainitako hitzaldian, eta lurrikara handi baten erdian deskribatu zuen mundua berriz ere.« Erne egon beharra dugu; aldaketa ikaragarriak datoz. Gaur egungo haurrari xuxurlatu behar diogu, eta hizkuntza aldatu egin da. Esaera zaharren formak berritu behar ditugu. Mariasunek [Landak] izan du ausardia horretarako, eta bide urratzailea izan da niretzat». Eta, Zubizarretaren ustez, Landarekin batera, baita haren inguruko koru oso bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.