Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Sari banaketa

'I Am Not Madame Bovary' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Xiaogang Fengen pelikulan egindako lanagatik, Fan Bingbingek Emakumezko aktore onenaren saria lortu du. Hong Sang-soo zinemagile korearrak eraman du Zuzendari onenaren garaikurra
<em>Wo bu shi pan jinlian / I Am Not Madame Bovary</em> filmeko lan taldea, atzo Kursaalean.
Wo bu shi pan jinlian I Am Not Madame Bovary filmeko lan taldea, atzo Kursaalean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2016ko irailak 25
Zinemaldiko Sail Ofizialean aurten lehian zeuden hamazazpi lanetatik, hiru ziren Asiatik iritsitakoak. Bada, horietako biren alde egin zuen Bille August buru zuen epaimahaiak. Xiaogang Feng zinemagile txinatarraren Wo Bu Shi Pan Jinlian / I Am Not Madame Bovary filmak eraman zuen Donostiako 64. Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Maskorra. Filmak beste sari nagusietako bat ere lortu zuen gainera, Fan Bingbingentzat izan baitzen Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Jaialdiko beste sari garrantzitsuena, berriz, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, Hong Sang-soo zinemagile korearrarentzat izan zen, Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours filmagatik.

Bille August epaimahaiburuaren eskutik jaso zuen Xiaogangek garaikurra, eta eskertuta agertu zen sari emate ekitaldian bildutakoen aurrean. Ia 60 urte dituela, eta zineman eskarmentu handia pilatu duela adierazi zuen. «Ohitura batzuk eragiten ditu horrek, batzuk onak, eta txarrak besteak. Horiek kaiola batean sartu naute, eta ez didate utzi libreki adierazten. Film hau egiteari ekin nionean, nire nahia zen ohitura horiek guztiak alde batera uztea, eta nire opera prima balitz bezala lan egitea, zuzendari berri baten gisara; zerbait ausarta egitea, aurrez egin ez nuen zerbait». Horrek arriskuak zituela jakitun zela, eta jende askoren partetik kontrako iritziak jaso zituela azaldu zuen, baina «burugogor», proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuela. «Ez nekien erabaki egokia izan zen edo ez, baina gaur Zinemaldiak eman dit erantzuna». Eskerrak eman zizkion epaimahaiari, «bizitzan zerbait ausarta egitera animatzeagatik», eta baita filmeko lan taldeari ere, Liu Zhenyun gidoilariari eta ekoizleei bereziki.

Hain zuzen ere, talde horretako beste kide bat, Fan Bingbing aktorea, oholtza gainean izan zen minutu batzuk lehenago, Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jasotzen, eta zuzendariari eman zizkion eskerrak. Amets bat egia bihurtu zaiola esan zuen. «Nire 35. urtebetetzea izan zen festibalaren inaugurazio egunean, eta sari hau eskuratzeko desioa eskatu nuen. Ez nuen pentsatuko lortuko nuenik».

Bigarren etxe bat lortzeko, dibortzio faltsu bat irudikatuko dute Wo Bu Shi Pan Jinlian / I Am Not Madame Bovary filmeko bi protagonistek, baina gizonezkoa berriro ezkonduko da ezustean, eta epaibide luze eta zentzugabeari ekingo dio emakumeak.

Laburrago, baina esker onez ere, mintzatu zen Hong Sang-soo, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuetan zuela. «Betirako gogoratuko dut hau. Eskerrik asko». Publikoan ziren aktoreei zutik jartzeko eskatu, eta eskerrak eman zizkien, haiek gabe ez zuela saririk irabaziko esanez.

Gaueko beste sari «potoloa», berak esan zuen moduan, Eduard Fernandezek eraman zuen; Alberto Rodriguezen El hombre de las mil caras filmean Francisco Paesa espioiaren rola jokatzeagatik, Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen. «Nire begirunea agertu nahi diet herri honi, hiri honi eta Zinemaldi honi», esan zuen euskaraz aktore katalanak. «Nire bizitzako egunik alaienetako bat eman didazue». Filmeko lan talde osoari eskerrak eman, eta agian gala ikusten ariko zelakoan, Paesari berari ironiaz zuzendu zitzaion: «Paco, zutaz egin dut, asmatu egin zaitut gezurtien film honetan».

Bestalde, epaimahaiak bere Sari Berezia bi lani ex aequo ematea erabaki zuen: Emiliano Torres argentinarraren El invierno-ri, eta Johannes Nyholm suediarraren Jätten filmari. Harrera beroagatik eskerrak eman zituen Nyholmek, eta esker oneko eta hunkituta agertu zen Torres. Baina hura ez zen izan El Invierno-k eramango zuen sari bakarra, haren argazki zuzendari Ramiro Civitaren lana ere saritu baitzuten Argazki onenaren sariarekin. Gidoi onenaren saria, berriz, Isabel Peñak eta Rodrigo Sorogoyenek eraman zuten, Que Dios nos perdone laneko istorioagatik.

August buru, Anahi Berneri zuzendariak, Esther Garcia ekoizleak, Jia Zhang-ke zuzendariak, Bina Daigeler jantzi-diseinatzaileak, Matthew Libatique argazki-zuzendariak eta Nadia Turincev ekoizleak osatu dute epaimahaia.

Beste sailak

Jaialdiko beste atalei dagokienean, Juan Palacios eibartarraren Pedaló lanarentzat izan da aurtengo Euskal zinemaren Irizar saria. Saileko epaimahaiburu Anjel Lertxundiren eskutik jaso zuen saria Palaciosek. Aurten lehen aldiz lehiazkoa izan den Zabaltegi-Tabakaera sailean, berriz, Thorsten Schuteren Eat That Question: Frank Zappa in His Own Words lana saritu zuten. Chema Garcia Ibarraren La disco resplandece-k aipamen berezia jaso zuen.

Zuzendari Berriak sailean Sofia Exarchouren Park izan zen garailea, eta epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Morgan Simonen Compte tes blessures-ek. Horizontes Latinos sailari dagokionean, berriz, Pepa San Martin zinemagilearen Rara filmak eraman zuen garaikurra. Ana Cristina Barragaren Alba lanari aipamen berezia egin zion epaimahaiak.

Nazioarteko kritikaren Fipresci saria, berriz, William Oldroyden Lady Macbeth-entzat izan zen. Eta Zinemaldiko publikoak Ken Loach beteranoaren I, Daniel Blake filma saritu du aurten. Ekoizleek jaso zuten garaikurra, Richard Gere aktorearen eskutik, eta lantaldeko kideekin ageri zen bideo bat bidali zuen Loachek, irribarrez, eskerrik asko idatzita zeraman kartel bat eskutan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna