Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Sari banaketa

Runar Runarssonen 'Sparrows' lanak irabazi du Urrezko Maskorra

Joachim Lafossek lortu du Zuzendari onenaren saria 'Les Chevaliers Blancs' filmagatik, eta 'Evolution' lanari eman dio epaimahaiak bere Sari Berezia.

Asier Altunaren 'Amama'-rentzat izan da Irizar saria

Ainhoa Sarasola -

2015eko irailak 27
Runar Runarsson zinemagile islandiarraren Sparrows pelikulak eraman du Donostiako 63. Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Nerabe baten iniziazio kontakizuna oinarri duen filmak lortu zuen jaialdiko sari nagusia irabaztea. Paprika Steen epaimahaiburuaren eskutik jaso zuen saria Runarssonek, eta labur bezain esker oneko mintzatu zen. «Hain nago pozik eta harro sari hau jasotzearekin... Ohore bat da halako jendearekin lan egin ahal izatea, eta beraz, eskerrak eman nahi dizkiet pelikulan parte hartu duten guztiei, baita Donostiari ere».

Islandia, Danimarka eta Kroaziaren arteko ekoizpena da Sparrows, eta Ari izeneko 16 urteko mutiko bat da protagonista (Atli Oskar Fjalarsson). Reykjaviken amarekin bizi izan ostean, aitarekin atzera bizitzera joan beharko du, mendebaldeko fiordo urrunetara. Etsigarria da giroa Arirentzat, eta bere bidea egiten saiatuko da gaztea.

Zinemaldian nahiko oharkabean igaro den filma izan da Sparrows; kritika txarregirik ez zuen jaso, baina kiniela gutxitan aipatzen zen lana irabazleen artean. Hain zuzen ere, kiniela horietan aipatzen ziren Terence Daviesen Sunset Song edota Ben Wheatleyren High-Rise, berriz, saririk gabe geratu ziren. Kritika onak jasota ere, ikusmina bazegoen Amama-k saririk lortuko ote zuen, eta halaxe izan zen: euskal zinemaren Irizar saria eraman zuen Sail Ofizialeko euskarazko lan bakarrak. Jose Mari Goenagaren eskutik jaso zuen saria Asier Altuna zuzendariak, pelikulan amamarena egin duen Amparo Badiola eta Marian Fernandez ekoizlea alboan zituela, eta talde tekniko osoari eskerrak ematearekin, muxu handi bat bidali zuen bere sorlekura, Oxanguren baserrira, eta besarkadak Iruñea, San Pedro eta Bergarako lagunei. Irizar sariko epaimahaiak aipamen berezia egin zion Irene Escolar aktoreari, Lara Izagirrek zuzendutako Un otoño sin Berlin pelikulan egindako lanagatik.

Festibaleko beste sari nagusia, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Joachim Lafosserentzat izan zen, Les Chevaliers Blancs pelikulagatik. GKE baten jarduteko moduari buruzko lana da Lafosserena, eta saria jasotzean ildo horri heldu zion: «Uste dut kontuz ibili behar garela, ezin garela eramaten utzi emozioengatik, eta geure buruari gogorarazi behar diogu nazioarteko laguntza politikoki antolatzen dela».

Sari nagusi horiek jakinarazi aurretik, aipamen berezi baten berri eman nahi izan zuen Steen epaimahaiburuak: Federico Veirojen El apóstata lanarentzat izan zen aitortza hori. Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Evolution filmarentzat izan zen. Lucile Hadzihalilovic zuzendaria birritan igo zen oholtza gainera, argazki onenaren saria ere irabazi baitzuen filmak —Manu Daccoseren izenean jaso zuen zinemagileak—. Gidoi onena, berriz, Jean-Marie eta Arnaud Larrieu anaien 21 nuits avec Pattie pelikularena izan zela ebatzi zuen epaimahaiak.

Darin eta Camara

Truman zen faboritoen artean aipatzen zen beste lanetako bat, eta ez zen sari gabe joan. Bi lagunen istorioa kontatzen duen lanean, bi rol protagonistak bete dituzten antzezleak saritu zituen epaimahaiak, eta hala, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak bi izan dira aurten, ex aequo saritu baitzituzten Ricardo Darin eta Javier Camara. Saria «une txar bat pasatzen ari den jende guztiari, gaixotasun bat gainditzen ari direnei, eta, batez ere, haien aldamenean daudenei» eskaini zien Camarak, eta Cesc Gay zuzendariari nahiz Darini eskerrak eman zizkien bereziki, «bidea hain polita egiteagatik». Esker oneko hitzak izan zituen Darinek ere Zinemaldiarentzat, eta pelikulan biek duten harremana aintzat hartuta, bereziki eskertu zuen biak saritzeko erabakia. Zuzendariarekin eta talde tekniko osoarekin partekatu nahi izan zuen saria. «Istorio honekin, Cescek artista gisa bakarrik ez, pertsona bezala ere garatzeko aukera eman digu».

Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Yordanka Ariosarentzat izan zen, El Rey de la Habana pelikulan egindako lanagatik. Daniel Monzon epaimahaiko kidearen eskutik jaso zuen saria, erabat hunkituta. «Jainkoari, Donostiari, epaimahaiari, managerrari...» eskerrak eman zizkien, eta bereziki, Agusti Villaronga zuzendariari, «aukera emateagatik eta prozesu honetan gidatzeagatik». Kuba bere sorterriari ere gorazarre egin zion, «bere izpiritua poroetatik bost segunduro aterako ez balitzait, pertsonaia ez baitzen aterako».

Sari banaketako galaren lehen hitzartzean, aurkezleek agiria irakurri zuten jaialdiaren izenean, eta errefuxiatuen auzian Europako agintariei giza eskubideak bermatzeko eskatu zieten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna