Zinema, errealitatearen ispilu hautsia

'Dar bare-ye Elí', 'Jodái-e Náder az Simin', 'Le Passé', 'Foru?ande'eta 'Todos lo saben' filmen egile Asghar Farhadi irandarrak zinema lantegi bat gidatu du Lekarozen; baita maisu-lezioa eman ere Nafarroako Unibertsitatean.

Asghar Farhadi zinemagilea jendez betetako areto batean aritu zen hizketan herenegun, Iruñean. ESTUDIOS MELITON.
begona del teso
Iruñea
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bete egin zen larunbatean Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko aretoa. Jendetzak Asghar Farhadi entzun nahi zuen. Jakin-minez zirenikasle izandakoak; jakin-minez gonbidatuak, hainbat zinema profesional bertan zelarik.

Bi ordu luzez mintzatu zen irandarra, patxadaz eta zorion sakonaz; zinemaren misterio, sekretu, lilura, ustekabe handiez. Ikuslearekin, hizkuntzarekin, munduarekin, begiradarekin duen harreman estuaz eta oparoaz. Errealitatearen paradoxez. Muntaketa gelan gertatzen den mirariaz. Poesia persiarraz. Hizpide, aztergai, pentsarazteko zio izan ziren ere planeta honetako gizon-emakumeak lotzen eta, aldi berean, aldentzen gaituzten barruko eta kanpoko izaera-manerak, gizarte-moldeak.

Bi Oscar sari dituen zinema autorea tokian tokiko hizkuntzak bertako zinemagintzan izan dezakeen eraginaz mintzo zen. Persiako hizkera erabili zuen adibide. Poeta handienetan handienetarikoa den Rumiren XIII. mendekoizkribuak aipatuz, milaka urte dituen Irango lengoaia inolaz ere ez dela zuzena esan zuen; berba itzulinguruak dituela maite; eta, horren erakusgarri, oso gutxitan hartzen dituztela hiztunek hitzen bidezidorrak. Horrek isla du Fahradiren zinemagintzan, zeinetan pixkanaka-pixkanaka, apurka-apurka dakien ikusleak —baita pertsonaiek ere— jakin beharrekoa. Beraz, irandarraren zinemaren bereizgarri nagusietako bat persieraren nortasuna da.

Zerekin, norekin izan behar da leial, beraz? Istorioarekin. Pertsonaiekin. Gizakiekin. Hangoekin. Hemengoekin. Herrialdeekin. Farhadik maite du paradoxaz beteta dagoen bere aberria. Ederki daki zentsura existitzen dela. Ederki jakin ere, zentsura izan arren, jendeak debekatuta dagoena egin egiten duela, edan edaten duela, irakurri irakurtzen duela, ikusi ikusten duela, filmatu filmatzen duela. Badaki aurrekontu murritzek mugatzen dutela Irango zinema. Baina ez du inporta: pelikula handiak egiten dira. Handiak oso.

Egundoko beste paradoxa bat mahairatu zuen zinemagileak: emakumeen egoera han gordina bada ere, Irango zinema ez litzateke dena emakume zinemagileak gabe.

Zinema-emakume fin baten izena agertu zen askotan Fahradiren solasaldian: Hayedeh Safiyari, haren bost filmen muntatzailea. Espainolez jakin gabe, berak egin zuen gaztelaniaz mintzaturiko Todos lo saben-eko muntaketa. Kasu honetan, hitzen lengoaia ez baita garrantzitsuena, zinemaren lengoaia baizik.

Behin eta berriro heldu zien Farhadik bi kontu zehatzi: gidoiaren abiapuntuari eta muntaketari. Haren aburuz, gidoiaezin da hasi kontzeptutik, horrela egiteak istorioaren galera ekarriko bailuke. Sentimenduetatik; barne prozesu batetik; irudi, hitz, istorio jakin batetik ekin behar zaio gidoiari. Begirada batetik; ideia batetik. Etorriko da, gero, dudarik ez izan, kontzeptua.

Muntaketaren garrantzia

Farhardik muntaketaren garrantzi erabatekoa azpimarratu zuen Iruñean. Izan zaitezke zinema zuzendaria aktoreen lanaz ezer jakin gabe. Izan zaitezke autore argazkigintza menderatu barik. Baina ez zara zinema zuzendaria ez bazara muntatzailea, ez baduzu ulertzen bertan datzala pelikula baten sekretua, miraria. Hala ere, aitortu zuen berak ez zituela bere filmak muntatzen. Beharrezkoa, ezinbestekoa sumatzen baitzuen kanpoko begirada bat. Bere konfiantzako muntatzaileari libertate osoa ematen dio, baina muntaketa aretoan beti ezartzen da bien arteko hizketa emankorra.

Bi orduz luzatu zen irandarraren maisu-lezioa. Galdetu zioten: Iran utzita, zergatik egin duen zinema Frantzian eta Espainian, zergatik etorria den Euskal Herrira. Erantzun zuen: gustuko duelako bereak ez diren errealitateetan murgiltzea; atzerritar baten begiradaz azaleratzea bertakoek, ohiturak eraginda, jada ikusten ez duten hori. Jakin badakielako amodioa, gorrotoa, inbidia, tristezia, alegrantzia denok era bertsuan sentitzen ditugula. Aldatzen dena zera da: sentimendu horiek islatzeko manerak.

Sorterrira bueltatzekoa da Farhadi. Maite du. Harro esan zuen, Iranek ezarri zituela oinarriak demokrazia aurreratuenetako bat izateko, Bigarren Mundu Gerra ostean, Europa iparraldeko herrialdeak baino are lehenago; baina AEBek plan horiek zapuztu zituztela, Iranek petrolioa duelako eta planeta honetako geopolitikan eremu giltzarria delako.

Farhadi Nafarroan izan da astebetez. Haren ikasleek egindako film laburrak Iruñeko I. Zinemaldian pantailaratuko dira, udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.