ESKUBIDE SUBJEKTIBOA

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Koronabirusaren olatuarekin, hainbat proposamen izan dira Espainian, «krisi betean jendea laguntzeko» errentei buruzkoak. Baldintza gutxiko errenta sinpleak proposatu dira, modu orokorrean banatuak izateko modukoak, haien beharrik izan ez duenak, gerora, hurrengo urteko errenta aitorpenean kitatzeko modukoak. Luis de Guindos EBZko presidenteorde bera ere halako «larrialdiko» laguntza baten alde agertu zen. Hori bai, proposatutako errenta horiek behin-behinekoak ziren ia kasu guztietan, nahiz eta batzuek denborarekin laguntzak betikotzeko beharra gaineratu.

Uneren batean bazirudien larrialdiak berekin eraman zezakeela bizitzeko gutxieneko diru sarreraren ideia, zeinak gutxieneko errenta herritarren eskubide gisa ulertzen duen, ez behin-behineko laguntza gisa. Azkenean, ordea, gailendu egin da PSOEren eta Podemos koaliziorako akordioan —koronabirusaren etorreraren aurretik— jasotako ideia, eta ez da egongo krisien araberako unean uneko laguntza bat; aldiz, egiturazkoa izango da, baldintza jakinak betetzen dituen herritar orok izango du hilero gutxieneko errenta bat jasotzeko eskubide subjektiboa.

LANAREKIN BATERAGARRIA

Gutxieneko errenten eta oinarrizko errenta unibertsalen kontrako argudiorik indartsuenetako bat izan ohi da halako laguntzek lanerako borondatea murrizten dutela: onuradunak balizko lan batekin irabaziko duena baino gehiago lortuko badu gutxieneko errentarekin, zertarako egingo du lan? Eta laguntza galduko badu, zertarako lan egin?

Pobreziaren tranpa deitu zaio horri, eta jakina da nola gainditu: bateragarri eginez laneko diru sarrerak eta laguntza —muga laneko diru sarrera maila jakin batean ezarrita—. Hala ondorioztatu dute Erresuma Batuan, Frantzian eta Alemanian. Hego Euskal Herrian ere laneko diru sarrerak eta laguntzak bateragarri egiten dituzte DSBEak eta Nafarroako errenta bermatuak, eta langabezia tasa txikiagoa da hemen, Espainiako erkidegoekin alderatuta.

Espainiako bizitzeko gutxieneko diru sarrera laneko diru sarrerekin bateragarria izango da. Escriva ministroak, hainbat ahots isildu nahian edo legitimazio handiagoaren bila, ziurtatu du hori jasotzeko «derrigorrezkoa» izango dela lana bilatzea. Argitzeko dago horrek zenbateraino gogortuko duen diru sarreraren baldintzagarritasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.