Martxoak 8: greba feminista

Greba «erabateko arrakasta» izan zela nabarmendu dute

Milaka eta milaka lagun elkartu zituzten Martxoaren 8ko mobilizazioek: mugimendu feministaren arabera, 230.000 emakume. Irudian, Bilbo.
Milaka eta milaka lagun elkartu zituzten Martxoaren 8ko mobilizazioek: mugimendu feministaren arabera, 230.000 emakume. Irudian, Bilbo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Berria -

2018ko martxoak 13
Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8ko greba feministaren lehen balorazioa egin du. Pozarren agertu da erantzunarekin: «Erabateko arrakasta izan da». Bart gauean zabaldutako ohar batean azaldu duenez, mugimendu feministarentzat mugarria izango da joan den osteguneko mobilizazioa. «Agertu dugu dagokiguna defendatzeko indarra eta muskulua duen mugimendua garela».

Milaka eta milaka emakumek bat egin zuten dozenaka herritan antolatutako protestekin; 230.000 andre atera ziren kalera, mugimendu feministaren arabera. Zenbaki horiek erakusten dute, haren iritziz, «mugimendu feministaren mobilizazio indarra eta sareetan antolatzeko gaitasuna». Mobilizazioetara joan zirenen kopurua ez ezik, nolakotasuna ere nabarmendu dute: «Belaunaldiarteko mugimendua garela ikusarazi genuen; gazteen presentzia azpimarratu nahi dugu, baina baita pentsiodunena ere». Bidenabar, Martxoaren 8an EAJk izandako jarrera kritikatu du mugimendu feministak: «ohikoa duen zehaztugabetasunarekin» aritzea leporatu dio —ordu laurdeneko elkarretaratzeak egin zituzten ordezkari jeltzaleek—, eta «berdintasuna lortzeko bitartekoak» jartzeko eskatu dio.

Greba feministak balio izan du «kontzientziak eta praktika kolektiboak aldatzeko», mugimendu feministak nabarmendu duenez. Horren adibidetzat jarri du emakumeek planto egin izanaren ondorioz zaintzari buruzko gogoetak zabaldu izana han-hemen; uste du «orain arte ikusezinak ziren liskarrak» agerian jarri direla greba feministarekin.

Osteguneko mobilizazioen ondoren, aldarrikapenekin segitzeko asmo betea du mugimenduak: «Orain arte ez digute kasurik egin, eta gutxiengoa izatea leporatu digute, baina jada ezin izango dute hori egiten jarraitu». Neurriak hartzeko eskatu du, hortaz; esaterako, sektore feminizatuetako prekaritatearen aurka ekiteko. «Mundua gelditu dezakegula erakutsi dugu. Orain mundua eraldatzea proposatzen dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna