Hegoaldeko aireportuek iazko bidaiarien hiru laurden galdu dituzte uztailean

Hegaldi kopuruan ere beherakada handia izan da, baina ez, ordea, merkantzia mugimenduan: Forondak fakturazioaren %91,8ri eutsi dio

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko aireportuetako jarduna apurka esnatzen ari da, baina oraindik oso urrun dabiltza ohiko erritmotik. Ekaineko azken astean baimendu zituzten hegaldi bidaiaridunak, eta uztaileko bidaiari kopurua ez da iristen iaz hilabete berean mugitu zituzten bidaiarien laurdenetara.

AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen elkartearen datuen arabera, uztailean 150.866 bidaiari mugitu ditu Loiuk, iazkoen %25, hain zuzen. Foronda da bidaiari gehien izan dituzten aireportuetan bigarrena: 6.053, iazkoen %34,5; Noain hirugarrena: 4.048, iazkoaren %16,4; eta Hondarribia azkena: 3.939, iazkoen %12. Miarritzeko aireportuak ez du daturik eman aurten.

Hegaldiei dagokienez, zifrak hobeak dira: Loiuk hegaldien %39,7 izan ditu uztailaren 15era arte Espainiatik kanporako hegaldi oso gutxi izan ditu; Iruñeak, %61; Hondarribiak, %35,7; eta Gasteizek, %90,2. Azken datu hori ulertzeko, Forondaren ezaugarriak ezagutu behar dira, bertan jarduten duten konpainia gehienek merkantziak garraiatzen baitituzte, eta merkantzia garraioak gizakienak baino muga gutxiago ditu. Tonei dagokienez, iazkoen %91,5 mugitu dituzte Gasteizen. Beste aireportuetan gehiago jaitsi da merkantzien joan-etorria, baina alde oso handia dago. Bilbok, esaterako, Gasteizek guztira mugitu dituen tonen %6,5 jaso ditu.

Uztailera arteko datuetan ere, aldea nabarmena da. Larrialdi egoeran ia ez zen hegaldirik egon, eta argi ikusten da etenaren eragina datuetan. Loiutik 1.060.988 bidaiari igaro dira zazpi hilabete hauetan, iaz tarte berean pasatu zirenen %31,2; 55.361 Hondarribitik, %29,7; 54.356 Noaindik, %39; eta 23,910 Gasteiztik, %23,9. Hegaldi kopuruari dagokionez, Gasteiz da gutxien nozitu duena, %17 baino ez baita jaitsi; eta, garraiaturiko merkantzia kopuruari erreparatuta, %8,5 baino ez du murriztu tona kopurua. Iazkoarekin alderatuta, Loiuk hegaldien %40,3 izan du; Noainek, %48; eta Hondarribiak, %34,1.

Gauzak horrela, eta zentzuzko proiekzio bat eginez gero, iazko datuetatik oso urrun geldituko dira aireportuak. Loiuk 5,9 milioi bidaiari izan zituen 2019an; Hondarribiak, 320.000; Noainek, 242.000; eta Forondak, 174.000. Miarritzek 1.066.000 bidaiari izan zituen, eta azpiegiturako zuzendaritzak esana du aurten 350.000 inguru espero dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.