«Ikerketaren aldeko apustua» egiten segitu nahi du Jaurlaritzak

2022tik 2025era 42 milioi euro erabiliko dituzte «bikaintasuneko» ikerketarako. Berrehun talde finantzatu nahi dituzte

Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak nabarmendu du «ikerketaren aldeko apustua» egin nahi duela aurrerantzean ere. Hori horrela, 2022tik 2025era 42 milioi euro bideratuko dituzte «bikaintasuneko» ikerketara. Asteazkenetik zabalik dago deialdia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikerketa taldeentzat, eta hilabeteko epea izango dute izena emateko.

Deialdia indartu dute bai finantzaketari dagokionez, bai ikerketa taldeen kopuruari dagokionez ere. Aurreko lau urteetako deialdiarekin alderatuta, Hezkuntza Sailak %20 areagotu du diru kopurua. Horrekin 200 talde finantzatu nahi dituzte gutxienez —aurreko lau urteetan 170 izan dira—. Orotara, 3.000 profesionalen lana ordaindu nahi dute.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen hitzetan, diru laguntza lortu nahi duten ikerketa taldeek «ebaluazio zorrotza» gainditu beharko dute. Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia arduratuko da lan horretaz. Besteak beste, kontuan hartuko dute proposatutako helburuek «izaera berritzailea» edukitzea, I+G+B arloko lanen kalitatea eta taldearen produktibitate zientifikoa. Emakumeen lidergoa ere lehenetsi dute.

Jakintza arloei dagokienez, bost esparrutako lanak finantzatuko dituzte: aurrekontuaren %40 zientzia esperimentaletarako erabiliko dute; %21, ingeniaritzarako eta arkitekturarako; %16, osasun zientzietarako; %15,2, gizarte zientzietarako eta zientzia juridikoetarako; eta %7,8, arterako eta giza zientzietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.