ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

45 garun eta bihotz bat

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gaur zortzi ekarri zuten berriro gogora Maria Arnal eta Marcel Bagés musikariek Oñatin, Beratu jaialdiaren barruan eman zuten kontzertuan. 1936an gertatu zen, La Pedrajan (Burgos). Uztailaren eta azaroaren artean, estatu-kolpeari aurre egiteagatik hildako 104 gizonen gorpuak ezkutatu zituzten hobi batean. Haien arrastoak 2010ean atera zituzten lurpetik. Hezurren artean, 45 garun eta bihotz bat aurkitu zituzten, momifikatuta bezala.

Antzeko oso kasu gutxi daude munduan, nahita momifikatutakoak alde batera utzita. Bihotza, zehazki, horrela gordetako bakarra da, eta garunak ere ez dira asko, 400 inguru guztira. Hobi hartan, ordea, hildakoen ia erdien garunek gaur egunera arte iraun dute, usteldu eta desegin gabe.

Aranzadiko ikertzaileek zuzendu zuten gorpuzkiak lurpetik ateratzeko operazioa, eta Fernando Serrulla auzitegi-antropologoak gidatu zuen garun haietatik hiruren ikerketa. Diziplinarteko ikerketa izan da: azterketa makroskopikoa, histologikoa (alegia, ehunena), erradiologikoa, kimiko-toxikologikoa, genetikoa… eta lurraren azterketa kimikoa ere egin dute. Horren bidez ondorioztatu dute saponifikazio-prozesu baten bidez bihurtu direla hilezkor 45 garun eta bihotz hori.

Prozesu horretan, gantzak xaboi bihurtzen dira, eta, horri esker, ehunek ez dute beren itxura galtzen. Hala, hobian aurkitutako garunei eta bihotzari zainak eta bestelako egiturak nabaritzen zaizkie. Are gehiago: garunetako batean, hil baino lehen izandako hemorragia baten arrastoa ikusi dute. Tiroa jaso aurretik jasandako indarkeriaren ondorio izan zela azaldu dute.

Bestalde, saponifikazio-prozesurako, ezinbestekoa da ura, eta, Serrullak azaldu duenez, 1936ko uda hura bereziki euritsua izan zen. Gainera, lurra buztintsua zen; horrenbestez, igerileku baten tankerako leku batean egon ziren gorpuak.

Lurraren azidotasunak hezurrak hondatu zituen, baina, neurri batean, garunak babestuta zeuden garezurraren barruan. Aldi berean, buruan emandako tiroz hil zituztenez, urak garunetara iristeko bidea topatu zuen, eta horrek saponifikazioa gertatzea erraztu zuen.

Bihotzaren kasuan, berriz, ikertzaileek uste dute haren jabeak gaitzen bat zuela, eta, haren ondorioz, ohi baino gantz gehiago zuela bihotzean. Horregatik gorde da.

Horregatik, eta euri asko egin zuelako, eta lurrak kaltzioa eta sodioa zituelako, eta organoen gantzen eta lurraren elementu kimiko horien artean erreakzio berezi bat gertatu zelako. Eta ez delako hain erraza desagerrarazi nahi diren gorpuak eta iragana ezabatzea. Eta zientziak ere lagun dezakeelako iragana lurpetik ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.