Gari Iruretagoiena

Urlehortarra urpean

Itsasoa eta urpeko arrantza gaztetatik maite ditu Gari Iruretagoienak. Bada, afizio hori lehiaketara eraman du apnea kirolaren bidez, eta Euskadiko eta Espainiako txapeldun izan da igerilekuan. Aurreiritziak albo batera utzita, apneak dakartzan albo ondorio onen berri eman du.

GARI IRURETAGOIENA.
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urpeko arrantza du pasio Gari Iruretagoienak (Zizurkil, Gipuzkoa, 1982). «Lehorrekoa izan arren, aita arrantzalea izan dut. Makina bat bidaia egin ditut Getariako portura aita eramatera eta jasotzera». Hain zuzen, Iruretagoienari etxetik datorkio arrantzarekin duen harreman «estu» bezain «berezia». Itsas hondoan barrena igerian egitea du gustuko. «Urlehortartzat» hartzen du bere burua, anfibioen antzera.

Itsasoa, ordea, lau urtaroetan ez da berdin egoten. Naturaren indarraren eraginez, bere haserrealdi eta lasaialdiak izaten ditu; euskal kostaldea da horren adibide. «Negua gogorra izan ohi da; uraren tenperatura asko jaisten da, eta itsasaldiak bata bestearen atzetik etortzen dira. Bizpahiru hilabete horietan, sasoiari euste aldera, igerilekura joan izan naiz apnea ariketak egitera». Hots, arnasketa lantzera.

Bada, egun, zizurkildarrak afizio hori lehiaketara eraman du, apnea kirolaren bidez. Oraingoz, ezin hobeto doakio: aurtengo igerileku barruko apneako Euskadiko txapelduna izan da hiru modalitatetan: estatikoan, hegalik gabe metroak egiten, eta hegalekin. Hori gutxi ez, eta Espainiako garaile ere izan da proba estatikoan. 7 minutu eta 14 segundo egin zituen ur azpian. Denbora hori da Iruretagoienaren errekor pertsonala, nahiz eta entrenamendu batean 23 segundo gehiago irautea lortu zuen. Hurrengo txapelketa mundukoa izango du, ekainaren 21ean, Belgraden, Serbian.

Edozein kirolariri gustatzen zaio irabaztea, tartean Iruretagoiena. «Norberak egindako markak hobetzea beti da lorpen handia; asko betetzen zaitu. Bada, apnean ere berdin. Zeure buruarengan gehiago sinesten duzu, eta segurtasuna ere handitu egiten zaizu». Alta, lan onaren sariak badu bere iragana, eta zizurkildarrak apnean hasi zen lehen egunak ekarri ditu gogora: «Nire gertukoek ez zekiten zer zen apnea, eta ez ninduten guztiz bultzatu kirol mota hau egitera. Ezustean harrapatu nituen. Gainera, itsasoko lagunek ez zuten igerilekura joan nahi. Ez baduzu inor alboan, ezin zara serio entrenatu». Denbora batez, ez zuen apneako talderik aurkitu, harik eta Eibarko Kirol Taldeko multzo txiki batean sartu zen arte. Nagusiki, Andoaingo kiroldegian entrenatzen da, astean sei aldiz, eta pare bat orduko saioak egiten ditu.

Zer sentitzen du gizakiak arnasa sakon hartu eta ur azpian egotean? Bi fase bereizi ditu Iruretagoienak. «Lehen minutuak gozagarriak dira, eta guztia ahazten zait. Oso erlaxatuta zaude». Egoera hain lasai horrek izakiaren sorrerarekin lotura berezia duela dio. «Bederatzi hilabete pasatu genituen amaren sabeleko likido amniotikoan, eta pertsona orok oso txertatua du sentsazio hori barnealdean. Bada, uretara sartzean, berriro ere sentsazio horietara itzul gaitezke». Gainera, bihotz taupadak ere mantsotu egiten dira aurpegiak soilik urarekiko kontaktua izaten duenean. «Orduan, buruan zenbat eta elementu gutxiago eduki, hobe. Nik, betaurrekorik gabe eta sudurrean pintza jarrita bakarrik egiten dut apnea».

Gozamenak, ordea, badu bere amaiera. «Gorputzak oxigenoa gutxitzen ari den seinaleak ematen dizkizu. Teoriak dio burmuina edozer pentsatzen ari denean ere energia xahutzen dela». Beraz, erditik aurrera, arlo psikologikoak «berebiziko» garrantzia izan ohi du: «Nahiko gogorra izaten da. Ur azpian mantendu behar duzu, eta zeure buruarekin oso azti ibili, gorputzak ematen dizkizun seinaleei erantzuteko. Txapelketan zu bestearen aurka lehiatu arren, benetako aurkaria zeure burua da».

Apnea egiten den kirolak badu bere arriskua, izan lehiaketan edo lehiaketatik kanpo, Iruretagoiena badago horren jakitun. «Itsasoan zaude, arnasari eutsiz, eta konortea galtzearen mamuak beti hor daude. Geure burua gehiegi behartzen ez dugun arren, zoritxarrez, urtero gure kostaldean ezbeharren bat gertatzen da, ezjakintasunagatik edo». Urpeko arrantzan hasi zenean, berehala egin zuen apneako ikastaroa. «Ongi prestatzeak benetako ezagutza eta segurtasuna emango dizute. Gaur egun, ez da derrigorrezkoa apnea ikastaroa egitea, baina arrantzale gazteentzat ezinbestekoa izan beharko lukeela iruditzen zait». Bestalde, kirol diziplina askotan apnea saioak egiten dituzte arnasketa lantzeko. «Globulu gorrien portzentajea igo egiten baitu».

Ustetxarrak ezabatzera

Apnearen inguruko uste txarrak entzun eta irakurtzea ez da berria Iruretagoienarentzat. «Gertukoei entzun diet bizitza arriskuan jar dezakezula ez bazaizu burura oxigenoa iristen. Hori ez da horrela. Gorputza oso azkarra da. Burmuinari oxigenoa falta aurretik, konortea galtzera behartzen zaitu, indarrik ez xahutzeko. Non dago arazoa? Konortea galduta bakarrik bazaude itsasoan edota igerilekuan, buruz behera».

Kirola lehiara eramaten denean, ordea, kirolariak bere mugak gainditzeko joera handiagoa izan ohi du, apnean kasurako. «Baina igerilekuan, behintzat, inguruan segurtasuneko hiru kide egoten dira, eta bost segundo baino gutxiagoan konortea berreskuratzen du; are, gerora kirolariak, nekeaz gain, ez du inongo ondoriorik izaten. Ez nuke esango apnea beste edozein kirol diziplina baino arriskutsuagoa denik». Itsasoan, berriz, desberdina dela dio. «Presioa sartzen da tartean. Gizakia ez dago prestatuta presio altuetarako, eta barotraumatismoa jasateko edota organoak hondatzeko arriskua dago. Etxekoek ez dute nahi ni itsasoan ibiltzea». Hark ere argi du: «Apneari ez diot beldurrik; itsaso zakarrari bai, ordea».

Oihartzun txikia duen kirola da apnea, ez baita zaharra, «baina badoa indartuz», Iruretagoienaren esanetan. «Zenbait marka komertzialek arreta jarri dute apnearen munduan, gorakada bat datorrela aurreikusi dutelako. Asian, bereziki, indar handia du, eta, pixkanaka, badator Europara ere». Aurtengo Euskadiko Txapelketan, esaterako, inoizko parte hartzaile gehien egon da. «Berri pozgarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu