Hasteko, derbia

Bera Berak eta Zuazok elkarren aurka jokatuko dute Bidebietan, datorren sasoiko Espainiako Ohorezko Mailako lehen jardunaldian

Elke Karsten Bera Berakoa, jaurtitzear, Zuazoaren aurka, azken sasoian Bidebietan jokatutako derbian. A. CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Datorren denboraldiko Espainiako Ohorezko Mailako egutegiaren berri dute jada Super Amara Bera Berak eta Hotel Gran Bilbao-Prosetecnisa Zuazok. Atzo egin zuten zozketa, Madrilen, Espainiako Eskubaloi Federazioaren egoitzan, eta zozketa horrek derbia ekarri zuen. Hala, maila nagusian ari diren bi euskal taldeek elkarren aurka jokatuko dute lehen jardunaldian. Bidebieta kiroldegian ariko dira donostiarrak eta bizkaitarrak, heldu den irailaren 7an. Bigarren itzuliko derbia, berriz, otsailaren 2an jokatuko dute, Lasesarren. 11 jardunaldi besterik ez dira jokatuko baten eta bestearen artean, sasoi honetan aurrekoan baino bi talde gutxiago ariko baitira lehian ligan, hamabi, hain zuzen ere. Maiatzaren 23an amaituko da sasoia.

Egutegiari erreparatuta, deigarria da Bera Berak itzuli bakoitzeko azken hiru jardunaldietan jokatuko duela liga irabazteko bi faborito nagusien aurka, Ro'Casa eta Mecalia Atletico Guardesen kontra, hurrenez hurren. Bigarren itzulikoak izango dira ziurrenik erabakigarrienak. Hala, 20. jardunaldian, Bera Berak Espainiako taldea hartuko du Bidebietan, eta, azken jardunaldian, Galiziakoa. Beraz, bi partida oso garrantzitsu horiek etxean jokatzearen abantaila izango du. Tartean, Malagan (Espainia) ariko da, ligako beste indartsuenetako baten aurka.

Iraileko lehen asteburuan hasiko da liga. Denboraldiari, halere, astebete lehenago ekingo zaio, abuztuko azken asteburuan, hain zuzen ere. Espainiako Superkopa jokatuko dute donostiarrek, Ro'Casaren aurka. Espainiako Kopa, berriz, urri-azaroan hasiko da, eta Zortziko Finala apirilaren 24tik 26ra jokatuko da, Malagan (Espainia). Azkenik, Bera Berak irail hasieran ekingo dio EHF kopari.

Cuetara eta Kauldi, sarituak

Bestalde, Asobalek atzo eman zituen denboraldiko sariak, eta Bidasoak bi jaso zituen: Jacobo Cuetara Irungo taldeko entrenatzaile espainiarra sasoiko teknikari onena aukeratu zuten, eta Kauldi Odriozola zumaiarra, denboraldiko eskuin hegaleko onena. Ez da harritzekoa Bidasoako kideak saritu izana, taldeak sekulako sasoia egin baitu. Txapeldunorde izan da, eta horri eta Europako Eskubaloi Federazioaren (EHF) gonbidapenari esker, Txapeldunen Ligan ariko da datorren sasoian. Duela 23 urte aritu zen azkenekoz Europako kluben arteko lehiaketa nagusian. 1996an txapeldunorde izan zen, finala Bartzelonaren aurka galduta.

Hain zuzen, irundarrek bihar jakingo dute, 18:00etan, zein bost talde izango dituzten aurkari Txapeldunen Ligako ligaxkan. Hauek dira aukerak: Dinamo Bukarest edo Savehof (Suedia); Txejovskie Medvedi (Errusia) edo Tatran Presov (Eslovakia); Cocks (Finlandia) edo Kadetten Schaffhausen (Suitza); Eurofarm Rabotnik (Mazedonia) edo Kristianstad (Suedia) —ezin ditu aurkari izan Suediako bi talde—; eta GOG (Danimarka) edo Sporting Lisboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.