Albistea entzun

Roman Orus. Ikerbasqueko ikertzailea

«Konputazio kuantikoa iraultza isila izango da»

DIPCko lehenetako bat izango da Orus 'Mare Nostrum' makina erabiltzen. Esan du ordenagailu kuantikoek mundua aldatuko dutela, orain irudika ezin daitekeen moduan.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2019ko urtarrilak 18

Roman Orus (Bartzelona, 1979) fisikari teorikoa da, eta konputazio kuantikoan aditua. Australian eta Alemanian aritu da lanean, eta irailean hasi zen DIPCn lanean, Ikerbasque programaren barruan. Ordenagailu kuantikoen inguruan ikertzen dabil, eta bera izango da DIPCtik Bartzelonako Mare Nostrum superordenagailua erabiliko duten lehen ikertzaileetako bat.

Zertarako erabiliko duzu Mare Nostrum superordenagailua?

Bartzelonako BSCn konputazio kuantikorako talde bat sortu berri dute, Europako hegoaldeko lehen prozesagailu kuantikoa eratzeko helburuarekin. Dagoeneko bi qbit dauzkate. Gu DIPCn asko ari gara indartzen arlo hori, eta lankidetza berez sortu da, hemen giza kapital eta ezagutza handia dugulako han erabiltzeko modukoa. Mare Nostrum gauza askotarako erabil dezaket: esaterako, egiaztatzeko ordenagailu kuantiko baten emaitzak. Horretarako, oso ordenagailu indartsua behar duzu.

Hau da, orain munduan dauden ordenagailurik indartsuenak erabili behar dira prozesadore kuantikorik oinarrizkoenak egiten dituzten kalkuluak zuzenak ote diren jakiteko. Horrek argi adierazten du ordenagailu kuantikoek zelako indarra izango duten behin garatuz gero?

Bai. Algoritmo kuantikoak egiaztatu nahi baditugu, ordenagailu normal bat erabili beharko dugu, oraindik ez dugulako prozesagailu kuantiko handirik. Eta, halere, hainbat erregimenetan ezin da simulatu ordenagailu kuantiko batek egin ahalko duena ordenagailu klasiko batekin. Azterketa matematikoak egiten dituzunean, ikusten duzu hainbat algoritmo kuantiko edozein ordenagailu klasiko baino askoz azkarragoak liratekeela.

Konputazio kuantikoa haurtzaroan dagoela esan ohi da, baina non dago zehazki?

Konputazio kuantikoak orain duen garapena konputazio klasikoak 1930eko hamarkadan zeukana da. Orduan, Alan Turingen garaian, lehen ordenagailu klasikoek eraikin oso bat hartzen zuten, eta inork ez zekien oso ondo zertarako balio zuten. Orain denok sakelako telefonoan daramaguna hura baino infinituki indartsuagoa da. Konputazio kuantikoa lehen fase horretan dago: oso esperimentu garestiak dira, laborategi osoak hartzen dituztenak, eta asko jaitsi behar da tenperatura. Orain ez dago argi prozesagailuen zein arkitektura motak funtzionatuko duen hobekien epe luzean. Oso azkar ari gara aurreratzen esperimentalki, batez ere azken lauzpabost urteotan, eta horrek eragin du eragile asko sartzea: Google, Microsoft, IBM, gobernuak... Duela lau urte galdetu izan bazenio norbaiti 50 qbiteko prozesagailu kuantiko bat egongo ote zen, IBMk daukana bezalakoa, ezetz erantzungo lizuke; eta hor dago. Badirudi 5-15 urteko epean prest egongo direla ordenagailu erabilgarriak, ordenagailu arrunt batek egiterik ez lituzkeen gauzetarako.

Zertarako, adibidez?

Aplikazio asko izango ditu; esaterako, adimen artifizialerako, ingeniaritzan, finantzetan, botika berriak eta material berriak diseinatzeko, batzuk ulertzea oso zaila delako ordenagailu klasiko batean, ezaugarri kuantikoak dituztelako, hain zuzen ere. Horiek begi bistako aplikazioak dira, baina liluragarriena, nire ustez, zera da: ordenagailu kuantikoak erabili ahalko direla gaur irudikatzerik ere ez ditugun aplikazioetarako. Imajinatu 1930eko hamarkadara zoazela eta galdetzen diozula Turingi sare sozialak izango ote ditugun. Hark ez zituen irudikatu ere egingo Facebook edo Twitter. Litekeena da ordenagailu kuantikoarekin antzeko zerbait gertatzea.

Konputazio klasikoak baino gehiago aldatuko du gizartea?

Konputazio kuantikoa iraultza isila izango da. Erabiltzaileok bakarrik katearen amaiera sumatuko dugu: material berri bat agertuko da, botika berriak... Gainera, ordenagailu kuantikoa teknologia aldaketa handi baten zati txiki bat izango da. Konturatu gabe, gure bizitzetan sartuko da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geu elkartearen herri bazkaria, atzo, Landatxon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Loratzen jarraitzeko

Edurne Begiristain

Geu elkartearen 30. urtemuga ospatzeko, egun osoko jaia egin dute Gasteizen. Elkarteko kideen ustez, «mugarri» bat ezarri da euskarak hiriburuan dituen erronkei heltzeko.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Dena dut gogoan: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen»

Amaia Igartua Aristondo

Ederto gogoratzen ditu Basabek 1936ko gerran eta frankismoan bizi izandakoak: hegazkin bonbardatzaileak, italiarrak, beldurra eta gosea; egur eta ikatz bila joan behar izatea txikitan, amari ezer ez faltatzeko. «Bizitza osoan eraman behar da hori».
 ©BERRIA

Hamaikak telebista adimendunetarako bere aplikazioa estreinatu du

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hamaikaren digitalizazioan «beste jauzi bat» da aplikazioa. Ostiralean jarri zuten eskuragarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...