Migrazioa. Kolektibo bereziak

Ezkutuan eta babes barik

Salatu dute migratzaileentzako harrera programetan ez direla kontuan hartu emakumeen beharrak. Atseden hartzeko denbora eta giza trafikoko sareei aurre egiteko babesa behar dutela ohartarazi dute

Neska eta mutil migratzaile adingabez betetako autobus bat, Lanpedusan (Italia). SAVE THE CHILDREN / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera, gizon eta andre migratzaileentzako aterpe mistoa izango du Irunek (Gipuzkoa). Aste honetan, aterpetik kanpo geratu dira bidean zihoazen emakume talde bi —haietako batzuk, umeekin—. Izan ere, gizon eta andreak aterpetxe berean egon ahal izateko baldintza da gune bereiziak edukitzea, andreen segurtasuna bermatzeko. Orain arte, Irunen ez zen betetzen; EAEko Gurutze Gorriak Bilbon baino ez du eduki horrelako aterpetxe bat. «Ez dira kontuan hartu emakumeen beharrak. Pentsatu da beste leku batzuetara bidean doazen migratzaileek lo egiteko aterpe bat behar dutela; besterik ez. Ez da nahi hemen geratzerik. Horregatik ipini zaie hiru gaueko muga hori. Harrera, baliabidea baino gehiago, kanporatze baliabidea dela esango nuke», salatu du Bilboko harrera auzoen sareko kide Maria Viaderok. Haren ustez, egoera kalteberan dauden beste kolektibo batzuk ere ez dira gogoan eduki; eriak eta umeak, kasurako.

Viaderok aitortu du azkenaldian aldaketak egon direla, «hobekuntza txikiak». Uste du «gizartearen presioari esker» lortu direla. Adibidez, aipatu du migratzaileentzat aterpetxeak zabaltzen hasi zirenean hiru gaueko muga ezarri zela, «zorrotz». «Herritarrek eta kolektiboek egin dugun salaketari esker, erakunde publikoek erabaki dute emakumeen eta aparteko egora kalteberan dauden beste kolektibo batzuen kasuan malguago jokatzea. Baina ez dakigu malgutasun horrek zer esan nahi duen. Ez dakigu egonaldiak zenbat luzatzeko prest dauden. Ez dakigu irailetik aurrera zer gertatuko den; baliabide hauek jarraituko duten».

EAEko Gurutze Gorriko Migrazio Arloko arduradun Nahia Diaz de Corcuerak azaldu du euren lana zein den: «Ostatua emateaz gain, oinarrizko premiak asetzen laguntzen diegu: elikadura, arropa eta botikak. Era berean, aholkularitza lana egiten dugu, gizarte zerbitzuetan zer laguntza izan dezaketen azalduz, eta baita lege arloan zein eskubide dituzten zehaztu ere». Esplikatu du haurdun dauden andreak medikuarenera eroaten dituztela; baita adingabeak ere. Baina aterpetxeak gauez baino ez dituzte irekitzen. Hala, guztiek kalean egon behar dute egunez. Gaixoak Osakidetzaren zaintzapean geratzen dira. «Ume eta gaztetxoen kasuan, Gurutze Gorriko Gazteria taldeko kideei eskatzen diegu aisialdiko ekintzekin lagun gaitzaten. Hartara, amek euren laguntza sareekin harremanetan jartzeko asti gehiago izan dezakete».

Viaderok uste du ez dela nahikoa. «Harrerak integrala eta duina izan behar du, migratzaileei entzun ondoren diseinatutakoa; eta baliagarri izan behar du beste herrialde batzuetara bidean daudenentzat eta hemen geratzea pentsatu dutenentzat». Ohartarazi du andreek eta egoera kalteberan daudenek euren beharrei erantzungo dien harrera behar dutela. Iruditzen zaio andreak migrazioan ere ezkutuan geratu direla, eta horrek are arriskutsuago bihurtzen diela bidaia.

Bi harrera egiten direla azpimarratu du: lehena, penintsulara iristean; bigarrena, Euskal Herrian. «Pateratik jaistean, berehala erabaki behar dute zein izango den euren migrazio proiektua, eta, horren arabera, zer programaren laguntza jaso nahi duten hautatu. Baina lehorreratzen direnean ez daude prest horretarako. Astia behar dute atseden hartu eta gogoeta egiteko». Uste du haien beharrak ulertzea falta dela. Eta babesa erakutsi eta bermatu behar zaiela.

Andre erresilientziadunak

«Zer gertatzen da giza salerosketa sareetatik irten nahi duten emakumeekin?», egin du gogoeta. Diaz de Corcuerak aitortu du ez Andaluzian eta ez Euskal Herrian ez dutela astirik izaten andreekin konfiantza harreman bat sortzeko. «Beste norabaiteko biden daude. Gehienez, hiru-bost egun egiten dituzte gure artean. Guk informazioa ematen diegu, eta sareetatik irteteko zer laguntza duten azaltzen diegu. Baina ez digute hartzen behar besteko konfiantzarik». EAEko CEAR-eko Ane Garaik ohartarazi du aldaketa sakonak behar direla. Viaderok bezala, andreen denborak errespetatzeko eskatu du. Baina, horrez gain, prestakuntza berezia eskatu du Poliziarentzat, fiskaltzarentzat eta harrera zentroetan elkarrizketak egiten dituztenentzat.

Era berean, uste du ez direla behar beste babesten harrapatuta dauzkan sarea salatzera ausartzen diren andreak. «Delitugileak harrapatzea da lehentasuna. Eta ondo dago gaizkileak atxilotzea. Baina lehentasuna giza eskubideek izan behar dute, andre horiei behar dute babesa eta segurtasuna eskaintzeak». Ohartarazi du gero eta adingabe gehiago sartzen direla halako sareetan.

Euren herrialdean sufritzen duten jazarpena ekarri du gogora. «Ihes egiten dute gizonek ihes egiten duten arrazoi berengatik. Baina baita genero kontuengatik ere». Eta ez du bideko arriskuez ahaztu gura izan. «Gehienek sexu erasoak sufritzen dituzte. Eraso egiten diete poliziek, mugetako funtzionarioek eta bidaideek. Gero eta hedatuago daude bideko senarrak deitutakoak. Mafietako kideak edo haiekin doazen beste migratzaile batzuk dira. Ituna egiten dute: 'Zure esklaboa izango naiz, eta trukean zuk gainontzekoengandik babestuko nauzu'. Taldeko guztiek bortxatzea baino nahiago dute beti gizon berak bortxatzea».

Andre horien erresilientzia azpimarratu du. Zehaztu du Poliziak sareak desegin arren azkenean andreak eurak askatzen direla saretik.«Gehienetan, ustez hartu duten zor hori ordaintzean askatzen dira». Baina salatu du sistemak «oso zail» ipintzen diela gizarteratzea, eta sarri prostituzioan segitu behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.