Koronabirusa

Maskara eskoletan ezin dela kendu esan du Jaurlaritzak

Oporren osterako protokoloa irmotu du. Eskola kirolean eutsi egingo diete entrenamenduei; lehiaketak ez dira egingo intzidentzia handia bada

Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
COVID-19aren hedapena ikusita, eta eskoletara itzultzeko egun gutxi falta direla, Eusko Jaurlaritzak erabaki du ikastetxeetako protokoloa indartzea. Maskararen erabileran, taldeak nahasteko orduan eta eskola kirolean izango du eragina, besteak beste. Urrian, baimena eman zuen Lehen Hezkuntzako maila bereko ikasleak elkartzeko patioan zeudenean, baina atzera egin dute orain: aurrerantzean, bizikidetza talde egonkorrak mantendu beharko dituzte, eta ezingo dira nahastu beste taldeekin, ezta jolastokian ere. Maskararen erabilerari dagokionez, lehengora itzultzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: 6 urtetik gorako ikasleek maskara jantzita eraman beharko dute ikastetxeetan une oro. Orain arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek patioan ez zeukaten jantzi beharrik, 1,5 metroko distantzia izanez gero.

Eskola kirolean ere, aldaketak. Lehenetsi beharko dute kanpoaldean edo ondo aireztatutako barnealdeetan aritzea, eta, intzidentzia handia edo oso handia bada —orain bezala—, ezingo dute lehiaketarik antolatu. Oraingoz, entrenamenduak baimenduta egongo dira. Gainerako eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, ezingo dituzte nahastu ikasgela bateko eta besteko ikasleak.

Eta zer gertatuko da ikasleren batek positibo emanez gero? Hauxe da atzo hartu zuten erabakia: oraingoz, positibo ematen dutenek zazpi egunez egon beharko dute etxean. Kontaktu estuak izan eta negatibo ematen dutenen artean, berriz, desberdintasunak daude: txertatu gabeek zazpi eguneko itxialdia egin beharko dute; txertatutakoek, berriz, ez dute itxialdirik egin beharko, sintomarik ez badute behintzat.

Herenegun Espainiako Gobernuko arduradunek eta autonomia erkidegoetakoek egin zuten bileran hartutako erabakien ildoan ebatzita dago jarraibide hori. Han erabaki zen maila guztietako ikasleak aurrez aurre itzuliko direla ikasgeletara. Hego Euskal Herrian ikasle batzuk bihar itzuliko dira eskoletara, eta gehienak, datorren astelehenean. Ipar Euskal Herrian asteon itzuli dira. Osasun agintariak behin eta berriz nabarmentzen ari dira ikasgelak toki seguruak direla, baina, izurriaren datuei begira, gerta daitekeenaren inguruko kezka agerikoa da.

Nafarroan ere, aldaketak

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak atzo iragarri zuenez, ikastetxeetako protokoloak indartu asmo dituzte. Astelehenean bidaliko dizkiete jarraibide berriak ikastetxeetara, ikasleak eskoletara itzuliko diren egun berean. Ez du aurreratu zer aldatuko den.

Umeen txertaketa datuak aintzat hartu beharko dira eskoletako martxari erreparatzeko. Eusko Jaurlaritzak azkena emandako datuen arabera, 5-12 urte bitarteko adingabeen %34k hartua duteCOVID-19aren aurkako txertoaren dosi bat; Nafarroan %32 dira. Umeak txertatzeko dosiak jasotzen jarraitzen dute administrazioek, eta gurasoei dei egiten ari dira haurrak eramateko. Bigarren hezkuntzan aurrez hasi zen ikasleen txertaketa, eta, adin tarteen arabera, ikasleen %90 inguru txertatuta daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.