«Bada diru laguntza, baina biziki ahula da»

Hiru haur ditu Jauregi-Irigoien familiak; diru laguntzetan igarri izan ohi dute hutsune handiena. Amatasun baimena luzatu ostean, 400 euro jasotzen zituzten hilean: «Horrekin ezin zara bizi».

Jauregi-Irigoien familia. BOB EDME.
Oihane Puertas Ramirez.
Bunuze
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Lana eta seme-alaben zaintza nola uztartu. Hor ikusten du Maialen Irigoienek (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea, 1985) haurrak izatearen zailtasunik handiena: «Haurrak eta lana kudeatzea ez da beti erraza. Lana maite dugu, eta nahi dugu lanean ari izan, baina maite dugu haurrekin egotea ere». Hiru seme-alaba ditu Irigoienek, eta azkeneko biekin luzatu zuen amatasun baimena, sei hilabetez: «Hor bada diru laguntza, baina biziki ahula da: 400 euro hilabetean. Beraz, horrekin ezin da luzaz bizi».

Baimena hartzeaz gain, lanaldi erdia egiteko aukera ere badago, edo hiru laurden, eta hor ere badira laguntzak: «Uste dut denbora erdiz dela 200 euroko laguntza». Irigoienen ustez, «biziki zaila» da diru kopuru horiekin aurrera egitea, eta horregatik dio aurretiazko antolakuntza bat eskatzen duela amatasun baimena luzatzeak: «Behar da pentsatu lehenagotik nola antolatzen den. Behar da dirua aurreztu lehenago pentsatuz geldialdi hori luzatuko dela». Baina azaldu du lan guztiek ez dutela aukera ematen baimena luzatzeko,eta egoera batzuek «behartu» egin ditzaketela gurasoak lanera itzultzera, izan ere, «400 eurorekin ezin zara bizi».

Horrekin, senideen eta lagunen laguntzaren beharra nabarmendu du: «Familiak eta lagunek elkar anitz lagundu dugu». Haurrak txikiagoak zirenean eta haurtzaindegian lekurik ez zegoenean, adibidez, aitatxi eta amatxirekin uzten zituztela adierazi du. Gainera, azaldu du beste haur batzuen altzari eta jantziak trukatzeak ere ekonomikoki «biziki» laguntzen duela.

Laguntzak, haurren arabera

Seme-alabak izateagatik jasotzen dituzten diru laguntzak aldakorrak dira familia bakoitzak dituen haur kopuruaren eta diru sarreren arabera. CAF familia prestazioen kutxak ematen ditu laguntza horiek, eta. Irigoienek azaldu duenez, hilabetero jasotzen dutenaz gain, materiala erosteko ere beste bat jasotzen dute.

Hilero jasotzen duten horrek haurren adinarekin ere badu lotura. Txikienarengatik, esaterako, 180 euro inguru jasotzen dituzte: «Hori da 3 urte arte, zuzen banaiz, eta, gero, hiru urtetik goiti, gutxiago da». Laguntza horiek «automatikoki» jasotzen dituztela adierazi du, eta ez dakiela zehazki zenbatekoa den: «Haurrak ez ditugu egiten diru laguntzendako».

Fiskalitateari dagokionez ere jasotzen dituzte zenbait laguntza. Haurrak haurtzaindegira eramateagatik, esaterako, ordaindutakoaren zati bat itzultzen zaie: «Haurtzaindegian zenbat pagatzen dugun deklaratzen dugu, eta gero uste dut erdia itzulia zaigula».

Hala ere, Irigoienek nabarmendu du diru laguntza «azkarrago» baten falta sentitu duela, «nahi bada lana zinez utzi». Horrekin, uste du «pausa bat hartzeko eskubidea» sustatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.