FCCk eskatu du Gasteizko garbiketa kontratua eteteko

Udalak kontratu berria adjudikatu bitartean zerbitzua ematen jarraituko du. Oposizioak eskatu du udalak bere gain har ditzala garbiketa lanak

Gasteizko garbitzaile bat hiriko jaietan lanean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Gasteiz garbitzeko eta hiriko hondakinak biltzeko kontratua «ez da errentagarria». Hori argudiatu du FCCk eta GMSMk osatzen duten behin-behineko enpresa taldeak; kontratua eteteko eskatu dute. Martxoaren 28an ezagutarazi zioten eskaria Gasteizko Udalari, modu ofizialean. Udalak kontratu berria adjudikatzeko prozesua hasi beharko du. Hori egiten duen bitartean enpresa taldeak zerbitzua eskainiko du.

Gasteizko garbiketa eta hiri hondakin solidoak jasotzeko kontratua da kosturik handiena duena Gasteizko Udalarentzat. Urtean 25 milioi euroan eskaini zuen kontratua, eta aipatu enpresa taldeak 22,8 milioi euroan eskuratu zuen. Kontratua 2015ean sinatu zuen Javier Marotok, alkate izateari utzi aurretik. 2023. urtera arteko iraupena zuen. Ordea, gobernu taldea aldatzean tirabirak sortu ziren: 2016an, besteak beste, udalak 200.000 euro baino gehiago atxiki zizkion enpresari, «egin gabeko lanengatik».

2017an, tentsioa handitu zen. Enpresak bost langile kaleratu zituen, arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Halaber, kontratua handitzeko eskatu zuen, lan absentismoak eragindako «kalte ekonomikoei» aurre egiteko: 1,7 milioi euro gehiago urtean. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak eskaria atzera bota zuen urtarrilean. Enpresak «kalte ekonomikoa» bere gain hartu behar zuela jakin zuenean kontratua eteteko asmoa agertu zuen, eta orain modu ofizialean jakinarazi du.

Udalak kontratua berriz adjudikatu aurretik, EH Bilduk, Irabazik, eta Ahal Dugu-k zerbitzua zuzenean kudeatzeko eskatu diote udalari. PSE-EEk ere eredu horren alde egin du; proposatu du «ahal den kontratu laburrena» eskaintzeko, eta bitartean udalak zerbitzua zuzenean kudeatzeko sistema prestatzeko. Talde horiek aurrez eskatu izan dute kudeaketa zuzena, baina EAJk eta PPk atzera bota zuten eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.